'71 (euskaraz 1971) 2014ko Yann Demange frantziar zinema zuzendariak zuzendu eta Gregory Burke eskoziar antzerkigileak idatzitako drama film bat da. Jack O'Connell, Richard Dormer, Sean Harris, Sam Reid, Charlie Murphy, Paul Anderson, Paul Popplewell eta Jack Lowden aktoreek antzeztu zuten. Soinu banda David Holmes iparrirlandar musikariak konposatu zuen.
2014ko Berlingo Zinemaldian estreinatu zen, gainera Donibane Lohizuneko Zuzendari Gazteen Zinemaldian zuzendari onenaren txistera irabazi eta Sitgeseko Zinemaldian ere lehiatu zen.
1971, Ipar Irlandako gatazkaren hastapena da, tentsioa areagotuz doa eta ia gerra zibil egoera batera iritsi da. Belfasteko auzo bateko bizilagunak matxinatu eta britainiar soldaduei aurre egin ondoren, Gary Hook (Jack O'Connell) eskarmentu gutxiko ingeles soldadu gaztea Belfasteko kale arriskutsuetan galdurik eta bakar-bakarrik gelditu da. Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikarrak berebiziko indarra bereganatu du, gainera talde loialistek eta gaizkile taldeek ere kalean barna nahieran dabiltza. Larrialdi honetan, Garyk gaua nola edo hala pasatu beharko du, adiskide eta etsaien artean ezberdindu ezinik, eta ustezko bere soldadu lagunez gero eta mesfidatiago, bizirik atera nahi badu itzulerako bidea topatu beharko du.