2011-2013ko murrizketa sozialen aurkako protestak Espainian

Valentziar Udaberriko protesten protagonistak ikasleak izan ziren. Modu baketsuan protestatu arren, poliziaren gehiegikeria pairatu zuten zenbaitetan.

2011 urtean murrizketa sozialen aurka Espainian abiarazitako protestak 2008 urtean hasitako krisialdi ekonomikoari aurre egiteko Espainian egindako murrizketa sozialen aurkako protestak dira. Espainia nahiz hainbat Autonomia Erkidegoetako gobernuek osasun publikoan nahiz hezkuntza-sisteman egindako murrizketak izan ziren protesten arrazoi nagusiak. Ildo beretik, politikoen ustelkeria eta nagusikeriaren aurkako mugimendu herritarra ere piztu zen, M-15 mugimendua izenekoa, zenbait astetan zehar Espainiako hainbat hiriburuetan kanpaldi iraunkorrak burutu zituena. Mugimendu horrek bereganatu egin zituen murrizketa sozialen aurkako erreibindikazioak, aldaketa politiko eta sozioekonomiko sakonak eskatuz. M-15 mugimenduak bere zabaltasuna galtzen zuen bitartean, horren haritik sortutako borroka sektorialak, hala nola hipotekagatiko kanporatzeen aurkakoak, indartu egin ziren, proposamen zehatzak eginez eta ekintza puntualen bitartez, hedabideen arreta erakarriz. 2011 urtearen bukaera aldera, Espainiako Alderdi Popularra estatuko agintera heldu eta murrizketak zabaltzean, ezkerreko erakundeak, sindikatuak besteak beste, protesta horietara bildu eta mugimendu zabalagoa osatu zuten.

Stop Desahucios mugimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009 urtean hipoteka zuten pertsonek sortutako Hipotekak Kalteturikoen Plataformak Stop Desahucios kanpaina abiarazi zuen 2010eko azaroan, desobedientzia zibilaz hipoteka-exekuzioak eta kanporatzeak eragotziz. Horrekin batera, etxebizitza ordainean ematearen aldeko aldarrikapenak egiten zituzten, kasu askotan euren etxetik kanporatutako pertsonek zorraren zati handi ordaintzeke geratzen zirelako, etxebizitzaren prezioaren gainbehera dela eta. 2011ko udazkenetik aurrera, M-15 mugimendutik sortutako indarraz, mugimendua gero eta presentzia handiagoa hartzen hasi zen hedabideetan, familia askok maileguaren kuotak ordaindu ezinik bizi zituzten egoera larriak salatuz. 2012ko udazkenean, gizarte-kezka larria sortu zen pertsona zenbaitek agintariak euren etxetik kanporatzera zihoazela bere buruaz beste egin zutenean. Horren ondorioz, gobernueak kanporatze-lege berria prestatzeari ekin eta banku eta aurrezki kutxa zenbaitek hipoteka-exekuzioak eta kanporatzeak geldiarazi zituzten.

Yo no pago mugimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrilgo Komunitatean Yo no Pago ("Nik ez dut ordaintzen") ekimena sortu zen, garraio publikoan izandako prezio-igoera handien aurka protestatuz, metroan eta beste garraiobide publikoetan ordaindu gabe bidaiatzea sustatzen zuena desobedientzia zibil moduan. Botika-Errezeta bakoitzagatik tasa bat ordaintzearen aurkako ekimenak ere sustatu zituen.

No vull pagar mugimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Halaber, Katalan Herrietn No vull pagar ekimena sortu zen autobideetan bidesariak ordaintzearen aurka desobedientzia zibila eginez. Ekimen horren bultzatzaileen iritziz, autobideak amortizaturik zeuden eta Espainiako beste lurraldeetan zeuden doako autobideen aldean diskriminatzaileak ziren.

Yayoflautas izenekoen mugimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yayoflautas edo iaioflautas murrizketa sozialen aurkako protestak antolatu zituzten jubilatu eta adineko pertsonak ziren, hedabideek protestetan aritzen ziren gazteei modu gaitzeagarrian jarritako perroflauta izena hartuz, euren buruari jarritako izena izan zen. Bartzelonan sortutako talde baten ekimena izan zen eta gero estatu osora zabaldu zena.

Greba orokorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atzerakada Handiaren baitan espainiar gobernuak hartutako erabaki eta neurrien aurka greba orokor zenbait izan ziren Hego Euskal Herrian eta Espainia osoan sindikatu gehienek deituta:

Bestelako protesta eta mobilizazio orokorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 2012ko urrian, Espainiako Kongresuaren inguruetan Inguratu Kongresua lelopeko mobilizazioak izan ziren, gobernuaren politikaren aurka.
  • 2013ko otsailaren 23an, Marea Ciudadana izeneko plataformak, osasun arloko Marea Blanca, hezkuntza arloko Marea Verde, langabetuen aldkeo Marea Roja, funtzionario eta zerbitzu publikoen aldeko Marea Negra eta emakumeen aldeko Marea Violeta mugimenduak batuz, protesta orokorra deitu zuten estatuko hainbat hiritan, murrizketa eta ongizate-estatuaren desegitearen aurka eta 1981eko data berean izandako estatu kolpea harira ekarriz. Madrilen istiluak izan ziren poliziarekin eta hainbat atxilotu izan ziren.

Ikasleen mugimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasleek ere hezkuntza arloko murrizketen eta tasen igoeraren aurkako mobilizazioak burutu zituzten. 2012ko otsailean Valentziako Udaberria izeneko mobilizazio multzoa izan zen Valentzian bereziki, murrizketen aurka. Ikasleek abiarazitako lehen mobilizazio baketsuak gogor erreprimitu zuen poliziak; jokabide horren aurka erreakzio zabala izan zen, eskuineko sektoreen aldetik ezkertiar sektoreen manipulazioa eta konspirazio ahalegina salatzen ziren bitartean. 2012ko urrian, greba eguna deitu zuten ikasleen elkarteek tasen igoeren, beken murrizketen eta Boloniako prozesuan aurreikusitako hezkuntza-metodologia aurrera eramateko baliabideen eskasiaren aurka. Osasun arloko murrizketen aurka osatu zen Marea Blanca mugimenduaren antzera, Marea Verde izeneko mugimendua eratu zen hezkuntza arloan ere.

Meatzarien protestak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Meatzarien aldeko bilkura 2012ko ekainean, Asturiasen.

2012ko ekainean, Asturias, Leon eta komunitate batzuetako ikatz-meatzariek protesta biziak burutu zituzten gobernuak ikatz-meagintzan egin beharreko diru-laguntzen murrizketen aurka, euren lanpostuak kolokan jarriz. Errepide-mozketak eta segurtasun-indarrekin istilu larriak izan ziren protesta horietan. Madrilerainoko ibilaldi bat ere antolatu zen, non ehundaka meatzarik hartu zuten parte. Ibilaldiaren bukaerako manifestazioan istilu larriak izan ziren meatzarien aldekoen eta poliziaren artean.

Osasun arloko protesta eta mobilizazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Generalitateak osasun arloan egindako murrizketen aurka osasun arloko langileen greba eta mobilizazioa ugari izan ziren Katalunian 2011ko udazkenean eta neguan. Komunitate autonomo hori izan zen lehena, gainera, botika-errezeta bakoitzeko euro bat kobratu zuena. Halaber, murrizketa gogorrak (ospitaleen kudeaketaren pribatizazioak, bereziki) izan ziren Madrilgo Komunitatean non 2012ko udazkenean Marea Blanca izeneko mugimendua garatu zen. Ahalmen urriko pertsonek ere protesta zabalak egin zituzten euren zaintzan eta laguntzan jarduten zuten enpresa eta pertsonekin gobernuek zuten zor itzela salatzeko.[1] Komunitate autonomo zenbaitetan botikek gobernuek errezetak ez ordaintzea salatu zuten, batzuetan greba eginez.[2]

Bankuen aurkako protestak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
La Caixaren aurkako mobilizazioak, Occupy Mordor kanpainaren baitan.

Hipotekagatiko kanporatzeen aurkako protestez gainera, bankuen aurkako mobilizazio ugari izan ziren, bereziki lehentasunezko partaidetza eta arrisku handiko beste finantza handiko produktuen iruzurrezko merkaturatzearen aurka. Ildo horretatik, 2012ko udaberrian zehar, Bartzelonan Occupy Mordor kanpaina garatu zen La Caixako egoitzen aurrean. Espainiako beste zenbait tokitan, lehentasunezko partaidetzak zituzten aurrezle txikien protesta bizika izan ziren, kasu batzuetan banku-egoitzak txikituz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Las personas con discapacidad se echan a la calle, www.elpais.com, 2012-11-30.
  2. (Gaztelaniaz) Las farmacias de Cataluña bajan la persiana contra los impagos de la Generalitat, www.huffingtonpost.es, 2012-10-25.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]