Adania Shibli | |
---|---|
(2024) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Shibli-Umm al-Ghanam (en) , 1974 (49/50 urte) |
Herrialdea | Palestina |
Bizilekua | Jerusalem Berlin |
Hezkuntza | |
Heziketa | Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearra 2001) Arte-masterra : komunikazio, kazetaritza Ekialdeko Londresko Unibertsitatea 2009) Doktoretza : cultural studies (en) |
Hizkuntzak | arabiera ingelesa alemana hebreera frantsesa koreera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, dozentea, visiting docent (en) , dozentea eta kazetaria |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Genero artistikoa | social novel (en) narrazioa saiakera antzezlana |
Adania Shibli (arabieraz: عدنية شبلي) (Galilea, Palestina, 1974) emakumezko idazle palestinar bat da. Narrazio, antzerki, poesia eta saiakera egilea da.
Londres ekialdeko unibertsitateko hedabideen eta kultur ikasketen lizentziatua da eta doktore tesia egin zuen bertan hedabideek "terrorismoaren kontrako gerra" deitutakoan izan zuten paperari buruz. Berlinen ere ikasi zuen. Nottingham-eko unibertsitatean aritu da irakasle, baita Parisen ere, eta 2013az geroztik irakasle laguntzaile da Birzeiteko unibertsitatean (Ramallah, Palestina). Sei hizkuntza dakizki (arabiera, frantsesa, ingelesa, hebreera, koreera eta alemana) baina arabieraz baizik ez du idazten[1] eta bere idatzi gehienetan gai nagusia bere jaioterria da. Jerusalem eta Berlin artean bizi da. Beirut39 idazle taldearen kidea izan da.[2]
2016an bere hirugarren nobela argitaratu zuen, Tafsil Thanawi izenekoa, 1949an, Nakbaren garaian, soldadu israeldarrek neskato bat bahitu, bortxatu, erail eta are-pean sartu zutenekoaren benetako istorioan oinarrituta.[3][4][5] Ingelesezko itzulpenak (Minor Details) Nazioarteko Booker sarirako izendapena[6] jaso zuen 2021ean, eta 2023ko LiBeraturpreis saria irabazi zuen, Alemaniako Litprom izeneko elkarte pribatu batek hegoaldeko emakume idazleei zuzenduta ematen duen saria[7] Frankfurteko Azokaren karietara. Liburua euskaraz argitaratu da, Detaile xume bat izenburuarekin, 2024 urtean Igela argitaletxearen eskutik, Aitor Blanco Leozek itzulita.[8][9]
Aurrenengo atalak hizkuntza militarra du, izenik gabeko militarrak kontatua, distantzia mantenduz, dena kontrolpean. Elipsia maisuki erabiltzen du atal horretan. Logika militarraren ikuspegitik deskribatzen da beduinoen basamortua 1949. urteko hiru egunetan. Ez dago ezer basamortuan, eta bertakoek ez daukate ezer galtzeko. Egitasmo kolonialak beti azpimarratzen ditu bertakoen gabeziak, zeinak kolonizatzaileek beteko dituzten. Hala ere, lehen atalean hizkera militarraren zirrikitutik hotsak eta usainak, naturaren logikak iraultzen dute ordena koloniala.
...
Traumaren galerak hizkuntzaren galera ere badakar. Horregatik, bigarren atala izenik ez duen emakumezko palestinar batek kontatzen du. 1949an bortxatu eta hil zuten neskatoaren istorioa ikertu nahi du, detaile xume bategatik, bere urtebetetzea baino 25 urte lehenago gertatu zelako. Narratzaileak arazoak ditu gauzen mugak ikusten, eta badaki mugen artekoari arreta ez jartzeak arriskua dakarrela. Bi emakumezkoen arteko hari historikoek figura moduko bat osatzen dute
LiBeraturpreis saria Afrika, Asia, Latinoamerika edota mundu arabiarreko emakume idazleei eskainitako saria da, urtero banatzen dena. 2023ko sariaren kasuan, urriaren 20an eman behar zioten Adania Shibli idazle palestinarrari, baina LitProm izeneko elkarteak gerra dela-eta autorearekin batera sariketa atzeratzea adostu zuela adierazi zuen.[9] The Guardianek jakin zuenez atzerapen hori ez zen adostua izan eta 350 idazlek kexu idatzi zuten Frankfurteko Azokara.[4] Besteak beste, Colm Tóibín, Hisham Matar, Kamila Shamsie William Dalrymple idazleek idatzitako gutunean azokari adierazten diote:
“idazle palestinarrak, egungo egoera krudel eta beldurgarrian, literaturari buruzko pentsamendu, sentimendu eta hausnarketak elkarbanatu ditzaten azokak espazioak irekitzeko erantzukizuna hartu behar duela, ez ordea espazioak ixtekoa".[4]
« | Kolonizazioak esango nuke ez duela ezer barkatzen: ez hizkuntza, ez literatura. Garrantzitsua zera da: gogoan izatea literatura indar eraldatzaile bat izan daitekeela, kolonizazioak errealitatean ezartzen dituen mugen baldintzak aukera bihurtu baititzake, irudikatu behar ditugun aukerak, literaturan behintzat. | » |
—Adania Xibli, Berrian, 2024-11-23[10] |