Afrikako Izar Beltza Afrika orokorrean eta bereziki Ghana ordezkatzen duen bost puntako izar beltza da[1].
Marcus Garvey jamaikar politikari, kazetari eta aktibistak 1919an Black Star Line itsas konpainia sortu zuen "Afrikara itzulera mugimendua"-ren (ingelesez: Back-to-Africa movement) baitan. Kontrako bidea egiten zuen White Star Line konpainia hartu zuen erreferentzia eta haren izar zuria beltz bihurtu zuen. Izar beltz hori berehala bihurtu zen panafrikanismoaren eta Afrikako anti-kolonialismoaren ikur.
Independentzia lortu zuen lehenengo herrialdea Ghana izan zen, 1957an, eta izar beltza bihurtu zen herrialde askearen ikurra. Theodosia Okoh artistak Ghanako bandera berria diseinatzerakoan panafrikanismoaren koloreak (gorria-horia-berdea) eta izar beltza erabili zituen.
Ondoren beste herrialde afrikar batzuek ere hartu zuten izar beltza independentzia lortu ahala.