Aipu eta erreferentzia bibliografikoak

Chicago estiloaren eskuliburuaren azala.

Aipu edo aipamen eta erreferentzia bibliografikoak testu batean beste dokumentuei buruz egindako aipuak eta horietan oinarrituta egindako baieztapenak adierazteko erabiltzen dira, dokumentuari sinesgarritasun emateko, irakurlea iturrietara zuzentzeko nahiz plagioa saihesteko. Adiera hertsian, aipu bibliografikoa testuan bertan egindako erreferentzia-ohar laburra da eta erreferentzia bibliografikoa aipuak adierazten duen liburu edo dokumentuaren deskribapen zehatza[1][2].

Ohikoa izan da erreferentzia bibliografikoak orriaren oinean jartzea, oharrekin batera, baina maketazioa errazteko, gero eta gehiago, liburuaren, kapituluaren edo aldizkariko artikuluaren azken orrietan biltzen dira guztiak. Horrek nekezago egiten du erreferentzien irakurketa. Gerta daiteke ere, aipurik ez sartzea testuan, eta azken orrietan bibliografia osoa jartzea, idazten denaren baieztapen bakoitzaren erreferentzia zehaztu gabe.

Erreferentziak eta oharrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipua edo, hizkera arruntean erreferentzia esaten dioguna, ezin da oharrarekin nahastu. Oharrak testuan esaten den zerbait argitzeko edo horren inguruan datu zehatzagoak emateko erabiltzen dira. Artikulu zientifikoetan eta liburuetan elkarrekin egoten dira, Wikipediako artikuluetan, ordea, epigrafe banatan berezituta jar daitezke.

Xabier Larrañagaren Deba haraneko Historiaurrea liburuan, aipuak eta erreferentziak aurkituko ditugu[3].

10. orrialdean, aipuak ikus daitezke lehen paragrafoan:

1. Aranzadi eta Bergara Euskal Herriko Historiaurrean lehenetariko urratsak markatu zituen pertsonaia Bergaran jaio zen, 1860-ko urtarrilaren bostean(1). garai hartan Bergarak dudarik gabeko garrantzia bazuen ere ez zen mende bat lehenago izan zena. Real Sociedad de Amigos del País delakoaren sorlekua izan, Erret Seminarioa izatera heldu, non pertsonaia ospetsuak lanean arituko bait dira(2). baina mende bat beranduago....

20. orrian, kapituluaren amaieran, parentesi artean idatzitako 1 eta 2 aipuen informazio zehatza ematen da, lehena ohar bat da eta bigarren erreferentzia bibliografiko bat:

(1) Noiz jaio zenari buruz ikuspegi ezberdinak daude. Telesfororen bataio agirian urtarrilaren 4-ean gauerdiko 12-etan jaio zela dio. Hemendik ikuspuntu ezberdin horiek: batzuk lauean jaio zela eta beste batzuk bostean. Aranzadik berak ere zioen ez zegoela argi hilak 4 ala 5 izan zen bere jaioteguna.

(2) LARREA ALUSTIZA, J.: Vergara. Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren argitalpenak, Donostia, 1970, 16 o.

Erreferentzien osagaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografiako erreferentzien zerrendak aukera eman behar digu lanean aipatu edo erabili diren dokumentuak aurkitzeko. Horretarako, erreferentzia bakoitzaren oinarrizko elementu batzuk ematen dira:

  • Egilea: zein da aipatutako dokumentuaren arduraduna?
  • Data: noiz argitaratu zen?
  • Izenburua: nola du izena?
  • Argitalpena: non argitaratu zen?[4]

Erreferentziak euskarriaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu bat, aldizkari zientifiko bat, egunkari bat edo datu base bat ez da berdin deskribatzen erreferentzian. Demagun aipu eta erreferentzia hauek:

..... baskoien hiriak barne hartzen dituena, garai horretarako ohikoak diren signario iberiarretan eta zeltiberiarretan agertzen ez diren hainbat zeinu identifikatu dira, edo agertzen direnean, kasu esk bakan batzuetan da eta ez dute soinu berdina transkribatzen. Hizkuntza iberiarra edo zeltiberiarra ez den beste hizkuntza edo hizkuntza batzuen zeinuak idazteko erabiliko zela uste da(10)
10.  Beltrán Lloris, Francisco; Velaza Frías, Javier. (2009). «De etnias y monedas: las "cecas vasconas", una revisión crítica» in, Los vascones de las fuentes antiguas : en torno a una etnia de la antigüedad peninsular (Universitat de Barcelona):  99-126. ISBN 978-84-475-3390-9..
  • Kapituluaren idazleak: Francisco Beltrán Lloris eta Javier Velaza Frías
  • Argitaratu zen urtea: 2009 (Harvard estiloan, parentesi artean jartzen da datu hori)
  • Kapituluaren izenburua: De etnias y monedas: las "cecas vasconas", una revisión crítica (Komatxoen artean)
  • Liburuaren koordinatzailea: Javier Andreu Pintado
  • Argitaratzailea: Universitat de Barcelona
  • Informazioa eman digun kapitulua, orrialde hauetan dago: 99tik 126 ra.

Liburuak hainbat kapitulu ditu; kapitulu bakoitzak ikertzaile (historialari, hizkuntzalari edo arkeologo) batek idatzia da. Kapitulu bateko testu zati bat erreferentzia moduan hartzen bada, kapituluaren egilea, kapituluaren izenburua eta liburuaren editorea/koordinatzailea/zuzendaria gehi liburuaren izenburua jarri behar dira. Liburu hori serie baten barruan edo bilduma baten barruan badago, sailaren edo bildumaren izenburua ere aipatu behar da.

Erreferentzia bigarren mailakoa izan daiteke. Askotan, liburu edo artikulu berriagoetan, liburu edo artikulu zahar batean idatzi zen informazioa erabiltzen dute egileek. Gure erreferentzia, beraz, beste liburu bateko aipu-erreferentzia litzateke. Iturri zaharragoa den hori lortzerik ez badugu, informazioa idazlan berritik atera dugula adieraziko dugu nolabait, eta, aldi berean, idazlan zaharrago bati erreferentzia egiten diogula zehaztuko dugu. Adibidez:

  • Shrout eta Fleish-ek (1979, Weir-ek aipatua, 2005) Klasebarneko Korrelazio Indizearen (KKI) 6 eredu sortu zituzten[5].

Hainbat metodo daude aipuak eta erreferentziak emateko, hala nola Harvard aipu-sistema eta APA aipu-sistemaren estiloa. Historialarien artean, ohikoa da Chicago aipu-sistema erabiltzea. ISO-690 sistema ere oso zabalduta dago.

Erreferentziak zehazki nola idatzi behar diren gomendatzen duten arau multzo batzuk sortu dituzte hainbat erakundek. Ezagunenak APA estiloa eta Chicago estiloa izan daitezke, baina besta asko daude. Kultura akademikoaren arabera edo jakintzagaiaren arabera, estilo bat edo bestea gehiago erabiltzen da.

Estilo bakoitzean, oinarrizko aipu-erreferentzia sistema jakin bat aukeratu da. APA estiloan, adibidez, data-idazlea formatua erabiltzen da testuan aipu-deia sartzeko, eta aipu-dei horrek, bibliografia zerrenda batean dagoen erreferentzia jakin batera eramaten du irakurlea. Vancouver estiloan, aldiz, testuan jartzen den aipu-deia zenbaki bat izaten da, eta erreferentzien zerrendan, erreferentzia bakoitza zenbaki batez identifikatzen da[6].

Aipuak, erreferentzia motzak eta bibliografia banandu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan, orriaren oinean, erreferentziaren forma motzak jartzen dira, eta kapitulu amaieran, Wikipediako artikuluaren amaieran, edo liburuaren amaieran, aipatutako idazlan guztien bibliografian, erreferentzia osoak jartzen dira, ordenatuta[7]. Ikusi Lugdunum Convenarum artikulua.

Erreferentziaren edo orri-oineko oharraren zenbakiaren kokapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbaki bidezko aipu-deia erabiltzen bada, zenbakia puntuazio zeinuen aurretik edo atzetik ager daitezke. Espainiako espainolaren akademia ofiziala den Espainiako Errege Akademiaren arabera, estilo akademiko "ingelesean", artikuluaren testuan, puntuaren edo komaren ondoren jartzen da aipuaren zenbakia. Estilo "frantsesean", ordea, eta hark eragin dituen estiloetan, aurretik jartzen da. Biak ondo daude erakunde horrentzat[8].

Aipuetan, oharretan eta erreferentziatan edo bibliografia zerrendetan, zenbait laburdura oso ohikoak dira:

  • argtz: Argitaratzailea[9]
  • arg. g. argitaletxerik gabe
  • arg. argitaletxe
  • argit. argitaraldi
  • argitp. argitalpen
  • Adb.: Adibidez
  • bol.: bolumen
  • "c.f.": latinezko "conferre" hitzaren laburduan. "Konparatu beste honekin" esan nahi du
  • DOI: Objektu digitalaren identifikatzailea URI identifikadoreen antzeko sistema . artikulu zientifikoei zenbaki zehatza ematen die, interneten bidez edonork aurki dezakeena.
  • d.g.: Datarik gabe
  • et. al.: latinezkoa "et alii" hitzaren laburdura da, eta beste esan nahi duena.
  • "e. g.": latinezko exempli gratia, "adibide moduan emanda" esanahi duena. Ingelesezko testuetan erabiltzen dute "adibidez" adierazteko, eta bere erabilera zabaldu da.
  • etab.: eta abar[10]
  • hurr.: hurrengoa zein hurrengoak.[11]
  • h.h. : hitzez hitz[11]
  • ISBN: Liburuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua
  • ISSN: Serie-argitalpenen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua. Aldizkari akademikoetarako erabili ohi da.
  • ISSN-e: Serie-argitalpenen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua. Kopia elektronikoa, Interneten argitaratzen dena. Aldizkari identifikatzen du, ez artikulu jakin bat ez eta aldezkariaren zenbaki bakoitza.
  • Ik.: Ikus
  • ik. g.: ikus gainera[9]
  • Ibidem: Leku berean esan nahi du. Erreferentzia, aurreko lerroan aipatutako idazlanean berean dagoela adierazteko erabiltzen da[12].
  • Idem: Idem. Hau da, “berdin”; aipua aurreko aipuaren obra beretik eta orrialde beretik datorrenean[13].
  • kap.: kapitulu[9].
  • lam.: lamina
  • libk.: liburuki[9]
  • Op. cit.: Opus cita. Gorago aipatu den idazlan bat. Idazlan hori zehazki non aipatu den adierazteko, orria aipatuko da.
  • or.: Orrialdea edo orrialdeak, zenbakiaren ondoren jartzen da; adb.: 17. or.[10]
  • passim: han eta hemen, hainbat lekutan barreiatuta.
  • sep.: separata
  • ser.: serie
  • sic : hitzez hitz
  • "s. v.": 'sub voce'. Hiztegi eta entziklopedien kasuan, "sarrera honetan" adierazteko erabiltzen da. Beste kasu batzuetan, "artikulu honetan", "atal honetan" adieraz dezake[14][15].
  • "sic": idazle edo hizlari batek idatzitako edo esandakoa hitzez hitz ematen dela adierazteko erabiltzen da.
  • t. hur.: eta hurrengoak[9] Adib.: 27. or. t. hur.= 27. orrialdea eta hurrengoak
  • t.: tomo
  • URI: Baliabide Identifikatzaile Uniformea
  • zk.: Zenbakia
  • z.g.: Zenbakirik gabe[10]
  • zuz: zuzendaria[9]
  • Zenbaiten artean
  • argitalpena: obra ezagunak behin baino gehiagotan berrargitaratzen dira, batzuetan, aldaketa edo zuzenketekin, eta testua orrialde desberdinketan banatu daiteke, horregatik, garrantzitsua izan daiteke zenbatgarren argitalpenean ikusi dugu aipatzen ari garen datua edo informazioa.
  • In: ingelesezko preposizioa da, zerbaiten kokagunea aipatu nahi denean erabiltzen dena. idazlan bateko kapitulu bat erreberentziatzen dugunean, "In" erabiliz, zer idazlanean dagoen adieraziko dugu. Adib.: Tomporowski, P., Moore, R.D. eta Davis, C.L. (2011). "Neurocognitive development in children and the role of sport participation". In F.M., Webbe (Ed.), The handbook of sport neuropsychology.357-382 or. "Springer Publishin. Hau da, "Neurocognitive development in children and the role of sport participation" kapitulua "The handbook of sport neuropsychology" liburuan dago, 357 eta 382 orrialdeen artean.

Autore klasikoen izenen laburdurak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenik, idazle klasiko askoren izenak, edo idazlan klasikoen izenburuak, oso ezagunak direlako, laburdurak erabiliz idazten dira. Koldo Mitxelenaren Fonética histórica vasca idazlana, kasu, FHV bezela laburtu daiteke[13]. Aldizkari, seriean argitaratutako lanak eta katalogo asko ere, laburduren bidez ezagutzen dira; RIEV, Revista Internacional de los Estudios Vascos da. Antzinako erromatar inperioko latinezko idazkunak jasotzen dituen corpusak, Corpus Inscriptionum Latinarum, CIL bezala ezagutzen da[13]. Grezia eta Erroma klasikoko idazleentzat, laburduren zerrendak egoten dira[16], adibidez, The Oxford Latin Dictionary-aren online bertsioko Abreviations web-orrian. Adibidez, Julio Zesarren Commentarii de Bello Gallico idazlanaren pasarte bat, honela labur daiteke: Caes. Gal. 7. 90. 8.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (PDF) Aipuak eta erreferentziak egiteko gida. (Noiz kontsultatua: 2019/12/16).
  2. Mondragon Unibertsitatea. Biblioteka.. (HTML) Nola idatzi bibliografia eta aipamen bibliografikoak. (Noiz kontsultatua: 2019/12/16).
  3. Larrañaga, Xabier. (1991). Deba haraneko historiaurrea. Bergarako Udala ISBN ‎ 978-8487524226..
  4. Berasategi Zeberio, Miren; Korkostegi Aranguren, María Jesús; Perez Gaztelu, Elixabete; Navarro Picabea, Itziar (itzle). (2022). Lan akademiko idatziak aurkezteko gida. 2.2 bertsioa – 2022ko azaroa. , 16 or..
  5. Encinas Reguero, M. Carmen; Balza Tardaguila, Irene; Langarika Rocafort, Argia; Peña Zabala, Miriam. (2021). Iturri akademikoak erabiltzeko, aipatzeko eta erreferentziatzeko gida. EHU ISBN 978-84-09-26581-7..
  6. (Frantsesez) Debret, Justine. (2015-09-11). «Aperçu des styles de citation» Scribbr (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  7. (Gaztelaniaz) Teología, Biblioteca. «Guías temáticas: Normas Chicago-Deusto: Obras clásicas» guiastematicas.bibliotecas.uc.cl (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  8. (Gaztelaniaz) adalbertoservicioseditoriales. (2014-05-07). «Ortografía: Sobre el punto y las llmadas de nota» El blog de Adalberto (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  9. a b c d e f Laburtzapenen hiztegia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, Kultura eta IVAP.
  10. a b c «laburdurak - Euskara Batuaren Eskuliburua» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  11. a b 196. araua Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO). EBO (I). Laburtzapenak: laburdurak eta siglak. Euskaltzaindia.
  12. APA Style 7th edition. Aipuak eta erreferentzia bibliografikoak nola egin.. EHUBiblioteka.
  13. a b c «Bibliografia-laburdura gomendatuen zerrenda | Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo"» ojs.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  14. (Gaztelaniaz) Ruano, Lucía. (2021-10-07). «Ortotipografía IV: Latinismos y abreviaturas, a vueltas con la cursiva (II) • Ostraca Servicios editoriales» Ostraca Servicios editoriales (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  15. Términos, latinismos y abreviaturas bibliográficos. Taller de español académico Prof. Daniel Sáez (UCM). .
  16. «1) Textos clásicos: se usarán las abreviaturas de los diccionarios de Liddell-Scott-Jones, de Lewis & Short, y de A» personal.us.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]