Aipatzekoa da, akrezio-prismak kontinente-plaka batek mota bereko beste baten kontra talka egitean ere sortzen direla, are gehiago, mota honetako talketan sortzen diren akrezio-prismak handiagoak izan ohi dira, bi plakek elkarri eragiten dioten presio bortitza dela eta. Bestalde, plaka ozeaniko batek plaka kontinental baten kontra talka egitean, ozeano-hobi txiki bat eratzen denez (plaka makurdura txikiarekin hondoratzen baita), akrezio-prisma handiak eratu ohi dira, ondoren, orogeno bat loditzen lagundu dezaketenak.
Akrezio-prismak osatzen dituzten sedimentuak jatorri ezberdinetakoak izan daitezke, baina meteorizazioak haietako bakoitzari eragin die, egoera hartan amaitzeko. Arroka magmatikoak disgregatzetik etor daitezke sedimentu hauek edota, arroka sedimentario zein metamorfikoek uneoro pairatzen duten eragile geologikoaren eraginagatik. Esan dezakegu, zeharka bada ere, izaki bizidunek, atmosferako prozesuek eta erreakzio kimikoek akrezio-prismen eraketan laguntzen dutela, haiek baitira meteorizazioaren eragileak; arrokak sedimentu bilakatzen dituen fenomenoaren oinarriak. Aipatutako eragile bakoitzak, hurrenez hurren, meteorizazio biologikoa, meteorizazio kimiko edo mekanikoa eta meteorizazio kimikoa eragiten dute.
Egun akrezio-prisma ugari ezagutzen dira, horietako batzuk aktibo dauden bitartean, beste batzuk antzina aktibo egondakoak dira. Jarraian zerrendatu ditugu garrantzitsuenak.
Alaskan kokatzen den Kenai Penintsulako akrezio-prisma, neogenokoa. Eremu hartako lurren talka era errepikakorrean gertatzeak eta subdukzio prozesuak azkartzeak Alaskako ertz konbergentea eratu zuten. Egun, Yakutat Terranoa Alaskako Golko zentralaren azpian dagoen ertz kontinentalaren aurka talka egiten ari da. Neogeno garaian, terranoaren mendebaldeko zatiak subdukzioa pairatu zuen, ondoren, ipar-ekialdeko Aleutiar Hobiaren inguruan sedimentuzko pilaketa bat handitzen joan zen urteen poderioz. Pilaketa hau, akrezio-prisma bezala ere dei dezakeguna, ertz kontinentalean higatutako sedimentuz eta Ozeano Bareko beste eremu batzuetako sedimentuz osaturik dago.[4]
Italian kokatzen diren Apeninoak subdukzioaren ondorioz sortutako akrezio-prisma handi bat dira. Lurralde hau tektonikoki eta geologikoki konplexua da, izan ere, bertan Adria mikroplaka Apeninoen azpian hondoratzen ari da, ekialdetik mendebaldera. Gainera, gune horretatik hurbil gertatu zen Eurasia eta Afrikako plaken talka, Alpeak eratu zituena.[5]