Aleksandr Nikolaievitx Jakovlev (Koroliovo, Jaroslavl oblasta, 1923ko abenduaren 2a - Mosku, 2005ko urriaren 18a) errusiar politikari, diplomazialari eta historialaria izan zen.
Tropeleko komandantea izan zen Bigarren Mundu Gerran, eta, amaitzean, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistan afiliatu zen. Nikita Khrustxoven agintaldian alderdiko Batzorde Zentraleko kide izendatu zuten, baina atzerrian ikasteko dimisioa eman zuen Fulbright beka batekin, eta 1960an itzuli zen. Leonid Brezhneven agintaldian Agitpropeko zuzendariordea izan zen eta 1977ko Sobietar Konstituzioa idatzi zuen batzordea zuzendu zuen. Kanadako enbaxadore kargura degradatu zuten Sobietar Batasunaren barruan nazionalismo etnikoaren aurka zegoelako.
1980ko hamarkadan itzuli zen, eta Mikhail Gorbatxoven sostengu nagusietako bat bihurtu zen. Kritika gogorrak jaso zituen erreformen aurkarien aldetik, eta dimisioa eman zuen 1991ko estatu-kolpea baino bi egun lehenago. Kolpearen garaian, demokraziaren aldeko indarren alde egin zuen, eta, ondoren, Boris Jeltsinen alde, Vladimir Putinen aurkari bihurtu aurretik.