Algakultura alga espezie batzuk elikagai moduan erabiltzeko helburua duen aktibitatea da[1]. Algek elikagai-iturri jasangarri baten ezaugarriak dituzte, esate baterako, erraz digeritzen diren proteina, lipido eta karbohidrato ekoizten dituzte. Gainera, gantz-azido, bitamina eta mineral esentzialetan aberatsak dira. Normalean, zuntz kantitate handiak izaten dituzte. Algak polisakaridoak erauzteko ere landatzen dira, hala nola alginatoa, agarra eta karragenina, kolektiboki hidrokoloide edo fikokoloide gisa ezagutzen diren substantzia gelatinotsuak. Hidrokoloideek garrantzi komertziala lortu dute, bereziki elikagaien ekoizpenean gehigarri gisa. Elikagaien industriak hidrokoloide horien propietate gelifikatzaileak, ura atxikitzekoak, emultsionatzaileak eta beste propietate fisiko batzuk ustiatzen ditu. Alga plurizelularren talde batekoak izan daitezke: alga gorriak (Rhodophyta), alga berdeak (Chlorophyta) eta alga arreak (Phaeophyceae).
Algak mundu osoko elikaduran asko erabiltzen dira. Batez ere, Txina, Japonia eta Koreako dietan oso aktiboki parte hartu dute. Europako gizarte tradizional askotan ere kontsumitzen dira, Islandian eta Norvegia mendebaldean, Frantziako kostalde atlantikoan, Irlandako iparraldean eta mendebaldean, Galesen eta Ingalaterrako hego-mendebaldeko kostalde batzuetan. Zeelanda Berriko maoriek alga gorri eta berde espezie batzuk kontsumitzen zituzten tradizioz, eta australiar indigenek zenbait espezie kontsumitzen zituzten.
Algak elikagai iturri onak dira, eta kalitatea hobetzeko edo jatorrizko produktuarenak ez diren nutrizio-propietate gehigarriak emateko balio dute, hala nola proteinak, bitaminak, mineralak eta zuntz dietetikoa. Polifenolak, polisakaridoak, esterolak eta beste molekula bioaktibo batzuk dira itsas algei lotutako propietate osasungarrien erantzule nagusiak.
Algek proteina kopuru handiak dituzte (pisu lehorraren % 10-30), eta alga berdek eta gorri arrek baino kantitate handiagoak dituzte. Hala ere, proteinen, peptidoen eta aminoazidoen edukiak hainbat faktoreren arabera alda daitezke, hala nola generoaren, jatorri geografikoaren eta urtaro-, ingurumen- eta fisiologia-aldaketen arabera.
Alga gehienek aminoazido esentzial guztiak dituzte, eta azido aspartiko eta glutamikoen iturri oso onak dira, algen eta itsas produktuen zaporea hobetuz. Beste aminoazido batzuk ere kontzentrazio handietan agertzen dira, hala nola alanina, leuzina, lisina, glizina, serina eta arginina. Lisinaren kontzentrazioa handi samarra da, metionina eta histidina, aldiz, algen proteinetan kontzentraziorik txikienak izan dituzten aminoazidoak dira.
Nutrizioaren ikuspegitik, algak kaloria gutxiko elikagaitzat hartzen dira, koipe gutxiko elikagaitzat eta zuntz dietetikoan oso aberatsak. Hala ere, algak kate luzeko gantz-azido poliasegabeen (AGP) kantitate handiagatik nabarmentzen dira, zehazki, azido eikosapentanoikoagatik (EPA) eta dokosahexanoikoagatik (DHA). Era berean, alga arreek azido arakinodiko (ARA) ugari izaten dute, eta alga gorriak eta berdeak, berriz, aberatsagoak izaten dira EPAn eta DHAn, hurrenez hurren.[2]
Beraz, algak gantz-azidoen iturri dietetikoa dira, eta hori arrainaren alternatiba da. EPAk eta DHAk ondorio onuragarriak dituzte osasunerako; gaixotasun kardiobaskularrak eta artritisa izateko izateko arrisku txikiagoa eta funtzio zerebral hobea izateak nabarmentzen dira.[3] DHA ere begi-osasuna hobetzearekin eta haurren garun-funtzionamendu egokiarekin lotu da.[4]
Bitamina eta mineral kantitate handiak eta askotarikoak dituzte, beraz, gehigarri dietetiko gisa oso erabiliak dira. Batez ere Haematococcus, Dunaliella eta Chlorella (alga berdeak) mikroalgetan edo Arthrospira zianobakterioan.
Bitaminei dagokienez, E eta C bitaminak nabarmentzen dira, propietate antioxidatzaileak dituztenak. A eta B bitamina ere badute, eta hori aukera ona izango litzateke beganoen eta begetarianoen dieta osatzeko.
Beste alde batetik, algek sodioa, potasioa, kaltzioa, magnesioa, sufrea, fosforoa, iodoa, burdina, kobrea, manganesoa eta kloroa dute, beste oligoelementu batzuekin batera, hala nola fluorra, litioa, selenioa, kobaltoa eta zinka.
Algen polifenolak florogluzinoletik eratorriak dira, askotariko talde eta molekulekin. Horrek ahalmen antioxidatzaile handiko jarduera biologikoen aukera zabala ematen die. Alga berdeek eta gorriek polifenol gutxi dituzte arreen aldean, eta horiek % 14 izan ditzakete materia lehorrean, Ascophyllum eta Fucus espezieetan.
Fitoesterolek, bestalde, errekonozimendua irabazi dute elikagaiak aberasteko osagai funtzionalak direlako, odoleko kolesterol-mailak murrizteko metodo gisa, eta, beraz, gaixotasun koronarioak eta kardiobaskularrak prebenitzeko egokia da.
2017an kalkulatu zen uretako landareen munduko ekoizpena, batez ere itsas algena, 32,9 milioi tonara iritsi zela, eta horietatik % 96,6 laborantza-produktuak izan zirela. Asia da ekoizle nagusia, guztizkoaren % 97,2rekin, eta Amerikatik eta Europatik oso urrun jarraitzen du. Europar Batasunean (EB) algek duten interes handiaren ondorioz, 180.000 tona alga eta horietatik eratorritakoak 2016an, Frantzia izanik kontsumo-merkaturik handiena.[5]
Algak hainbat egoeratan kontsumitzen dira: deshidratatuta, freskoa, hautsetan, kontserban eta, batez ere, beste osagai batzuekin konbinatuta.
Dibisioa | Espeziea | Izen arrunta |
---|---|---|
Phaeophyta
(Alga arreak) |
| |
Rhodophyta
(Alga gorriak) |
| |
Chlorophyta
(Alga berdeak) |
| |
Cyanophyta
(Zianobakterioak) |
|