Amy Pond

Amy Pond
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
Ageri den obrak
Interpretatzailea
Datu biografikoak
Jaiotza, 1989
HeriotzaNew York
Sexuaemakumezkoa
Jardueramodeloa
time traveller (en) Itzuli
Ilearen koloreaIlegorri
Familia
Ezkontidea(k)Rory Williams
Seme-alabak

Amelia "Amy" Pond Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko pertsonaia bat da, Karen Gillanek antzeztu zuena. Hamaikagarren Doktorearen bidaia-laguna da eta bi denboraldi eta erdiz agertu zen telesailean.

Amy Pond haurra Karenen lehengusina den Caitlin Blackwoodek antzeztu zuen.

Pertsonaiaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Steven Moffat ekoizleak eta gidoilarien zuzendariak sortu zuen Amy Pond pertsonaia. Dagoeneko aurreko denboralditan azaldua zen River Song pertsonaiarekin lotuko zuen izen bat bilatu zuen eta Pond abizena ezarri zion pertsonaiari[1]. Aurreko denboraldiko ekoizlea zen Russell T Daviesek indar handia transmitituko zuen laguntzailea nahi zutela esan zuen eta izenak ere hori iradokitzen zuen[2].

Hasiera batean Moffatek baxua eta gizena izango zenaren ideiarekin sortu zuen Amy Pond[3] baina castingean Karen Gillanek liluratu egin zituen eta pertsonaiaren izaera erabat aldatu zuen[4]; Amy Pond dibertigarria, azkarra, polita eta sexia bihurtu zen[5]. Castingean Karen Gillanek bere eskoziako hizkera erabili zuen eta Amy Pond pertsonaia ere eskoziarra bihurtu zen[6]. Britainia Handiko neska guzientzat erreferente izango zela pentsatu zuten[5].

Telesailean 10 urteko Amy Pond ere azaltzen da eta Karen Gillanek berak proposatu zuen haren lehengusina den Caitlin Blackwoodek antzeztu zezala. Casting zorrotzak pasa ondoren hura aukeratu zuten.

Amyren pertsonaia erabat definitu gabe zegoela hasi ziren antzezten eta Gillani proposatu zioten berak erabaki zezala pertsonaiaren janzkera. Minigonarekin azaldu zen lehen atalean, garaiko neska gazteen janzkera hartuz[7], eta horrek kritika ugari eragin zituen. Daily Telegraph egunkarian familiarako egina den telesail baterako Amy Pond "sexiegia" zela esan zen[8]. "Flesh and Stone" atalean Amy Pond Doktorea seduzitzen saiatu zen eta horrek ere kritika andana jaso zuen[9].

Lehenengo denboraldi hartan ez zuen garapen handirik izan pertsonaiak baina ondoren pisu handia hartuz joan zen. Azkenean Doctor Who telesaileko bidaia-lagun ezagunenetakoa bihurtu zen, Rose Tylerren pareko[10], eta Amyren ondoren etorriko zen Clara Oswalden pareko ere bai.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Bosgarren denboraldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010. urtean Doctor Who telesail berriaren bosgarren denboraldia eman zen. Denboraldi hartako lehen atalean azaldu zen Amy Pond, Doktore berriarekin batera, hamaikagarren doktorea hain zuzen ere (Matt Smith). Leadworth herrian izebarekin bizi zen zazpi urteko neskatila zen[11]. Doktorea eraberritze prozesuan zegoen eta TARDIS ontziak kontrola galdu eta Amyren etxeko aurreko patioaren kontra jo zuen. Doktore berriak (hamaikagarrenak) ikusi zuen lehen pertsona izan zen[12]. Amy Pondek Doktoreari eskatu zion azter zezala logelako horman zuen arrakala berezi bat. TARDISak alarma jotzen du eta Doktoreak bost minutu barru itzuliko dela zin egiten dio baina Amyrentzat 12 urte pasako dira.

Hamaikagarren Doktorea (Matt Smith) eta Amy Pond (Karen Gillan) TARDISaren aurrean.

Bitartean Amyk Doktorearen irudia behin eta berriz osatuko du marrazkiak eta panpinak eginez eta Rory laguna ere antzeko jantziz. Amyren familia eta lagunek Doktorea berak irudikatu duen lagun imaginarioa dela uste dute eta izebak lau psikiatrarengana eramango du desoreka tratatu dezan. Doktorearentzat bost minutu pasa badira ere, Amyren etxera itzultzen denean Amy Pond hemeretzi urteko emakumezkoa da eta kissograma ("muxudun mezua") idazlea da[12]. Doktorearekin batera Atraxi polizia galaktikoengandik Lurra salbatzea lortzen du. Bi urte beranduago itzultzen da Doktorea, 2010ko ekainaren 26an, eta Amy harekin bidaiatzen hasten da[12]. "Flesh and Stone" atalean aingeru negartien aurka borrokatu ondoren etxera itzultzen dira, Doktorea agertu zen gau berera. Amy Doktorea seduzitzen saiatuko da eta azkenean aitortuko dio ezkontza bezperako gaua duela. Rory Williams (Arthur Darvill) du senargaia[13] eta Doktoreak biak 1580ko Veneziara eramango ditu toki erromantikoa delakoan, baina banpiroen kontra borrokatu beharko dute han[12]. Ordutik aurrera hiru pertsonaiek batera bidaiatuko dute eta Amyk nor maite duen etengabeko zalantza izango da.

"Cold Blood" atalaren amaieran siluriar batek Rory hilko du. Amyren logelako antzeko arrakalan harrapatuta geldituko da eta Amyren memoriatik ezabatuko da. Doktoreak eta Amyk elkarrekin bidaiatzen jarraituko dute eta gogoangarria izango da Vincent Van Gogh ezagutuko duten atala[14]. Denboraldiaren amaieran "The Pandorica Opens" eta "The Big Bang" ataletan berragertuko da Rory, erromatar zenturioi gisa jantzita Stonehenge inguruan. Doktorea Pandorica kutxan harrapatzeko helburuaz sortu dute Amyren oroimenetik abiatuta, baina ez da hezur haragizkoa, auton bat baizik. Amy hil dezan programaturik dago eta tiro egiten dio. Amy Pandorican gordeko dute eta 2.000 urtez Roryk Pandorica zainduko du. 2010. urtean Pandorica irekitzen da eta Amy haurra eta Amy gaztea elkartzen dira. Rory, River Song arkeologoa (Alex Kingston) eta Doktorea ere haiekin elkartzen dira. Doktorea konturatuko da atal guztietan agertu den arrakala Amyrekin eta haren ezkontza egunarekin lotuta dagoela. Pandoricara sartzen da eta eztanda arazi egiten du Big Bang-a sortuz[12]. Bapatean Amy eta Rory ezkontza egunean agertzen dira. Ez dira ordurarte gertaturiko ezertaz oroitzen baina detaile txikietan erreparatuz Doktorea gogoratuko dute eta haien ezkontzan materializatuko da. Doktoreak ordutik aurrera Pond bikotea gisa izendatuko ditu, Amyren pertsonalitatea Roryrena baino sendoagoa baita.

Seigarren denboraldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko denboraldia Rory eta Amy etxean daudela hasten da. Bizitza normala daramate baina halako batean Utah-ko "isiltasunaren aintzira"-ra joateko eskutitza jasotzen dute. Han River Songekin elkartu (honek ere mezu bera jaso du) eta etorkizuneko Doktore bat aurkituko dute. Astronauta batek haien aurrean hilko du Doktorea. Doktore garaikidearekin elkartu eta 1969ko Estatu Batuetara bidaiatuko dute, gizakia ilargira iritsi zen egunera. Etsai berria agertuko da, Isiltasuna, eta haren kontra borrokatuko dute. Atalaren amaieran Amyk haurdun dagoela kontatuko dio doktoreari. Gerora jakingo da River Song bera dela Amy eta Roryren alaba, benetazko izenez Melody Pond[13].

Amyri dagokionez hainbat ataletan emakume berezi baten irudia agertuko zaio, begia partxe batez estalita duena. Doktorea ere konturatuko da Amyk hutsune batzuk dituela, esate baterako ez dago haurdun[12]. "A Good Man Goes to War" atalean deskubrituko da benetako Amy Madame Kovarian izeneko emakumezko horrek bahiturik daukala eta Doktorearekin bidaiatzen ari dena kopia bat baino ez dela. Benetako Amyk haurra izango du, Melody ("River Song"), eta Madame Kovarianek Melody entrenatu egingo du isiltasunaren laguntzaz Doktorea hiltzeko[15]. Doktoreak eta River Songek Amy askatuko dute eta River Songek aitortuko dio Amyri haren alaba dela.

"The Girl Who Waited" atalean Apalapucia planetan Amy ustekabean bereiztu egingo da Rory eta Doktorearengandik eta 36 urte bakarrik pasako ditu[12]. Toki berean baina elkar ezin ikusirik Amy gaztea eta Amy nagusia egongo dira. Roryk ald berean ikusiko ditu. Biek ezin dute lanetatik ihes egin eta azkenean gaztea aterako da. "The God Complex" atalean 1980. hamarkadako estiloko hotel espazial batean harrapaturik egongo dira eta bakoitzaren beldurrak agerian geldituko dira. Abenturaren amaieran Doktorea konturatuko da lagunak arrisku larrian jartzen ari dela eta betirako utziko dituela erabakitzen du.

Zazpigarren denboraldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi urte beranduago Doktorea Amy eta Roryren etxeko atean. 2012ko lehenengo atala izango da. Ordurako Amy eta Roryren arteko harremana gaiztoturik dago eta banatzekotan dabiltza. Amy Pondek modelo lanean dihardu nahiko arrakastarekin. "Asylum of the Daleks" atalean hirurek elkarrekin egin beharko dute lan dalek eroen artetik bizirik ateratzeko. Atal horretan Clara Oswald (Jenna Coleman) pertsonaia agertuko da lehen aldiz, gerora Amy eta Rory falta direnean laguntzailearen papera hartuko duena. Amyren eta Roryren harremana konponduko du abentura horrek[13]. Ordutik aurrera Doktorearen bisitak asko bakanduko dira eta Pond senar-emazteek Doktorearekin jarraitu edo bizitza normalari ekin behar dioten aukeratu beharko dute. Azken bidaia bat egitera konbentzitzen ditu Doktoreak, New Yorkera, "The Angels Take Manhattan" atala da. Hiria aingeru negartiek harturik dute. Atalaren amaieran hilerri batean daudela aingeru batek Rory harrapatu eta denboran atzera eramaten du. Amyk erabakitzen du Roryrekin bizi nahi duela eta aingeruek harrapa dezaten uzten du. Hilerriko hilobi batean bien izenak agertzen dira. Riverrek lortzen du Amyk mezu bat utz dezan 1930. hamarkadako eleberri batean eta bertan kontatzen du Roryrekin zoriontsu bizi dela eta Doktoreak bakarrik bidaiatzeak arduratu egiten duela[12].

Amy eta Rory denboraldiaren erdian desagertu ziren. Denboraldiaren amaieran Doktorea eraberritu egin zen, ordurako Clara Oswald zuen laguntzaile, baina Doktorearen azken unetan Amy haurra eta Amy heldua ikusten ditu.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «'Doctor Who' River Song twist 'was Plan A'» Digital Spy 2011-08-25 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  2. «More with Doctor Who's Russell T. Davies - TV Casualty» web.archive.org 2009-12-22 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  3. «BBC - Press Office - Doctor Who press pack: Steven Moffat» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  4. (Ingelesez) «Doctor Who star Matt Smith on sonic screwdrivers, Steven Moffat and following David Tennant» The Telegraph 2010-03-11 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  5. a b (Ingelesez) Young, Fiona. (2009-12-06). «Drama coach on how Doctor Who's Karen Gillan went from teacher to the Tardis» Daily Record (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  6. «New Doctor Who star Karen Gillan: It's great to be a Scots redhead in the Tardis - The Daily Record» web.archive.org 2011-06-09 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  7. (Ingelesez) «Doctor Who star Karen Gillan defends 'too sexy' Amy Pond» The Telegraph 2010-06-15 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  8. (Ingelesez) «Viewers think new Doctor Who is 'too sexy'» The Telegraph 2010-04-05 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  9. (Ingelesez) «Doctor Who review: Flesh and Stone» The Telegraph 2010-04-30 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  10. (Ingelesez) «Doctor Who: It's sad to see Amy Pond leave» The Telegraph 2011-12-16 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  11. (Ingelesez) Kiyani, Raphael. (2018-08-08). «Doctor Who: Why Leadworth was a great setting» Winter is Coming (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
  12. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) «Amy Pond» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  13. a b c (Gaztelaniaz) «Rory Williams» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  14. (Ingelesez) «Vase with Twelve Sunflowers» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  15. (Gaztelaniaz) «River Song» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]