Annualgo gudua | |||
---|---|---|---|
Rifeko gerra | |||
Espainiar ofizialak Arruit mediko gotorlekuaren hondarrak miatzen, 1921eko uztaila. | |||
Data | 1921eko uztailaren 22–abuztuaren 9 | ||
Lekua | Annual Maroko | ||
Koordenatuak | 35°07′12″N 3°35′00″W / 35.12°N 3.5833°W | ||
Emaitza | Riftarren garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Annualgo gudua (espainiar historiografian Annualgo hondamendia izenaz ezaguna, gaztelaniaz: Desastre de Annual) espainiar armadak Abd el-Krimek zuzendutako riftarren aurka Annual marokoar hiritik gertu 1921eko uztailaren 22an jasan zuen porrot militar bat izan zen, Rifeko Gerran Espainiaren politika kolonialaren birdefinizioa ekarri zuena.
Porrotak eragin zuen krisi ekonomikoa Alfontso XIII.a Espainiakoa erregearen monarkia liberalaren oinarriak ahuldu zituzten arrazoi nagusietako bat izan zen[3]. Horrela, Annualek sortutako arazoak Miguel Primo de Riveraren estatu kolpe eta diktaduraren zuzeneko jatorria izan ziren.
1920ko otsailaren 12an, Manuel Fernández Silvestre jeneralak Melillako Komandante Orokor kargua hartu zuen. Alhucemaseko badiara iristeko ideiarekin, izaera gerlariena zuten riftar tribuen operazio gunea zena, 1921eko urtarrilean aurrerakada hasi zen geratzen zen erresistentzia urriarekin amaitzeko. Enpresa oso arriskutsua zen, espainiar soldaduak —gehienbat derrigorrezko soldadutzatik zetozen—, oso gutxi entrenatuta baitzeuden, gaizki ordaindu eta elikatuta, okerrago armatuta (fusil eta artilleria astun eta zaharrekin) eta are oinetako okerragoak jantzita (abarkak eta espartinak): berehala jotzen zuten behea eta erabateko beldurra zieten riftarrei. Era berean, ustelkeria kasu nabarmenak zeuden, bai intendentzia eta ofizialen arloan, baita soldaduen artean ere, batzuek euren fusil eta munizioa riftarrei saltzen zizkietelako.
Alabaina, 1920ko maiatza eta 1921eko ekaina bitartean, Silvestrek aurrerapen ikusgarria egin zuen, azkarra eta hildakorik gabea: 130 kilometro aurrera egin zituen Rifen 24 operaziotan, 46 posizio berri ezarriz bere armadan, ia hildakorik jasan gabe; Tafersit okupatu zuen, frontea Amekran ibairaino aurreratu zuen eta Beni Ulixek, Beni Said eta Temsamaneko kabilen mendekotasuna lortu zuen. Haien buruzagiekin akordioetara iritsi zen eta beren adiskidetasunaren truke, dirua eskaini. Espainian jende guztiak pentsatzen zuen azkenean Al-Hoceimako badiara iritsiko zela eta Marokoko sarraskia amaituko zela.
Nolanahi ere, ilusio hori laster zapuztu zen hildako mordo batekin. Silvestrek riftar tribuak ez desarmatu izana akatsa izan zen, haien leialtasuna soilik erosi zuelako eta, hain zuzen ere, horregatik, zuhurtziak eskatzen zuena baino urrunago hedatu zituen bere horniguneak. Melillako Komandantziako tropak 144 postu eta gotorleku txiki edo blocaotan banatu ziren, okupatutako guneko 130 kilometro horietan zehar: horietako batzuk soilik betebehar administratiboetara baino ez ziren mugatzen. Gotorlekuak beti toki altuak probestuz ezartzen ziren, baina toki haietatik lurralde zati handiak zain zitezkeen arren, normalean ez zen bertan urik: hori zela eta, ur bila maiz mando taldeekin joatera behartzen zuen, batzuetan egunero. Kokagune horien arteko distantzia aldagarria zen, 20 eta 40 kilometro artekoa, lurzoruaren arabera, eta indarrak hain sakabanatuta egonik, ezin zitzaien etsaiaren erasoei modu eraginkorrean aurre egin. Soldaduen egoerak, jada berez nahiko kaxkarrak, are okerragoak ziren gotorlekuetan. Hornidura oso urria zen, egunez bero handia egiten zuen, eta gauez, hotz izozgarria. Saguak eta zorriak ohikoak ziren gotorleku eta kanpamentuetan.
Kontuak horrela, 1921eko maiatzean, espainiar armadaren zati nagusia Annual hirian ezarritako kanpamentu basean zegoen. Handik Silvestrek Al-Hoceimarako azken aurrerakada egitea espero zuen. Melillaren eta kanpamentu horren artean 30 kilometroko distantzian hiru gotorleku zeuden, eta horren inguruan, beste bi gotorleku txikik eratutako eraztun bat, horietako bakoitza 100 eta 200 soldadu bitarteko garnizio batekin. Kostaldean, Sidi Dris, Amekran ibaiaren itsasoratzetik gertu zegoena, eta Afrauko bi posizioak okupatu ziren, azkena atzeguardiarago.
Ordu arte, ia ez zen tirorik egin, tribu etsaiekin distantzia gordetzen zen arren, eta gertatzen ziren eraso txikietan apenas egon zen hildakorik.
Maiatza amaieran, Temsamaneko kabilen delegazio batek Silvestre Amerkan ibaia zeharkatzeko eta Dar Uberran mendian posizio bat ezar zezan konbentzitu zuen, bere nagusia eta Marokon Espainiako Goi Komisario Dámaso Berenguerren aginduen aurka. 1.500 soldaduko talde bat, Villar komandantearen agindupean, 1921eko ekainaren 1eko goizaldean posizio hartara iritsi zen eta bertan base gotortu bat ezarri. Juan Salafranca Barriok posizioaren ardura izan zuena; haren armada honako hauekin osatuta zegoen: Temsamaneko aguada laguna, 200 polizia indigena eta 50 soldadu espainiar. Villar Annualera itzuli zen. Riftarren erasoa arratsaldeko 18:00etan hasi zutenean, Temsamaneko aguada batu egin zitzaien, baita riftar polizietako asko ere. Espainiarrek 141 baja jasan zituzten, ofizial guztiak barne, Diego Flomesta Moya artilleria tenientea izan ezik, riftarrek bizirik utzi zutena kanoiak konpondu zitzan eta erabiltzen erakutsi ziezaien; baina horri uko egin zion, baita bere zauriak sendatzera eta jateari ere, eta horren ondorioz, gatibu gosez hil zen ekainaren 30ean.
Arrakastak emandako konfiantzarekin, Abd el-Krimek, orduan, bere tropak kostaldeko Sidi Dris posiziora zuzendu zituen; hara hurrengo eguneko gauerdian iritsi zen, ekainaren 2an. Sidi Dris 24 orduz erasoa izan zen, Julio Benítez Benítez komandanteak eginiko defentsak uxatu zituen arte: espainiar tropetan hamar zauritu gertatu ziren (komandantea bera barne) eta riftarren aldetik egun hildako izan ziren.
Sidi Driseko porrota gorabehera, Abarran hartzeak riftarrei espainiarrak garaiezinak ez zirela frogatu zien. Abd el-Krimek ez zuen zalantzarik egin hartutako materiala eta kanoiak erakustean: riftarrek elkartuta Silvestre garaitu eta harrapakin handi bat lortuko zutela konbentzituta, horrela, egun gutxitan, bere aguadako soldaduak 3.000tik 11.000ra pasa ziren[4].
Silvestrek, ekintza isolatuak zirelakoan, ez zuen inongo neurri berezirik hartu. Erantzun gisan, Igueriben okupatu zuen 1921eko ekainaren 7an, horrela Izumma eta Yebbel Uddia artean posizio aurreratu bat mantentzeko, Annualgo kanpamendua hegoaldetik defendatzeko. Ondoren, Melillarantz abiatu zen, bere nagusi Berenguer Goi Komisarioarekin hitz egitera, eta errefortzuak, munizioa, biztanleentzako janaria eta riftarrak erosteko dirua eskatzera, azken erasoa hasi aurretik[5].