Anomalocaris

Anomalocaris
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaDinocaridida
OrdenaRadiodonta (en) Itzuli
FamiliaAnomalocarididae (en) Itzuli
Generoa Anomalocaris
Anomalocaris-en aurreneko fosil osoa.
Anomalocaris-en luzakinaren fosila.
Anomalocaris-en ahoaren fosila.

Anomalocaris Kanbriar garaian bizi izan zen artropodo bat da, gaur egun iraungita dagoena. Garai hartako animaliarik handiena izan zen[1]. Izenak "ganba arraroa" esan nahi du.

Aurkikuntza eta taxonomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreneko Anomalocaris fosila Joseph Frederick Whiteaves paleontologo kanadiarrak aurkitu zuen Ogygopsis Shale aztarnategian, 1892 urtean, eta ondoren ale gehiago aurkitu ziren Burgess Shale aztarnategi ezagunean.

Anomalocaris-aren izaera deskribatzeko 80 urte pasa behar izan ziren, izan ere zatika aurkitu baitziren fosilak eta denen artean loturak bilatzea zaila izan baitzen. Whiteaves-ek aurreko luzakinetako bat aurkitu zuen 1892an eta ganba itxura hartu zion, hortik izena. Charles Doolittle Walcottek Burgess Shalen ahoa aurkitu zuen eta marmoka bat izango zela pentsatuz Peytoia izena eman zion[1]. Gorputz bigunaren fosila ere aurkitu zuen eta holoturia bat zela uste izan zuen eta Laggania generoaren barnean sartu zuen. 1928an animalia handiago baten atalak izan zitezkeela proposatu izan zen eta Tuzoia krustazeotzat hartu zuten, sinesgarritasun handirik gabe. Urte batzuk pasa ondoren Kanadako Batzorde Geologikoak fosil oso bat aurkitu zuen eta Anomalocaris canadiensis izena eman zion. "Peytoia eta Lagganiaren arteko kimera" gisa deskribatu zuten. Harry B. Whittington eta Derek Briggs izan ziren 1985ean argitaraturiko artikulu batean Anomalocarisaren itxura finkatu zutenak[1]. Ez zen ordea taxonomikoki sailkatzeko erraza. 2011 urtean begi konposatuen fosilak aurkitu ziren Australia hegoaldean dagoen Kanguru uhartean eta honi esker artropodoen taldea sartu zen.

Gaur egun Anomalocarisen espezie ugari aurkitu dira eta Anomalocarididae familia osatu da, barnean bost genero dituena:

  • Anomalocarididae familia:
    • Anomalocaris generoa:
      • Anomalocaris canadiensis
      • Anomalocaris briggsi
      • Anomalocaris pennsylvanica
      • Anomalocaris saron
    • Peytoia generoa:
      • Peytoia nathorsti
      • Peytoia infercambriensis
    • Schinderhannes generoa:
      • Schinderhannes bartelsi
    • Amplectobelua generoa:
      • Amplectobelua symbrachiata
      • Amplectobelua stephenensis
    • hurdia generoa:
      • Hurdia victoria

Anomalocaris fosilak munduan zeharreko Kanbriar itsasoko estratuetan aurkitu izan dira, Kanadan[2], Estatu Batuetan[3], Txinan eta Australian, besteak beste.

Gizakia (urdinez) eta Anomalocaris (gorriz) tamainen konparaketa.

Kanbrir garaian Anomalocaris izaki erraldoia zen, 60 cm-tik metrobeteko luzerara iristen baitzen. Buruan bi begi konposatu eta pedunkulatu zituen[1]. Luzakin segmentatuek 17'5 cm-ko luzera har zezaketen eta arantza zorrotzak zituen barnealdean. Hauekin harrapakinak hartu eta ahora eramaten zituen. Ahoa zirkularra zen. Gainezarritako 32 xafla zituen, pinaburu baten gisara, eta zerra itxurako hortzak erdiko zuloaren ertzean[4].

Gorputza estua eta luzea zen. Esklerotizaturiko exoeskeletua zuen, baina biguna zen, mineralizatu gabe baitzegoen. Gorputzeko segmentu bakoitzean lobulo pare bat zuen. 3. eta 5. segmentuetan zeuden lobulu handienak eta atzerantz txikiagotuz zihoazen. Lobulo hauen mugimendu ondulatorioari esker egiten zuen igeri[5][6]. Anomalocaris saron espezieak bi zerko ditu gorputzaren amaieran, gaur egungo artropodo ugarik bezala.

Anomalocaris saron espeziea ehizan.

Anomalocaris-aren ikusmena oso ona zen, gaur egungo intsektuena baino hobea. Kanguru uhartean aurkituriko fosilek erakusten dute begiek 3 cm-ko tamaina zutela eta 16.000 lente zituela bakoitzak. Honi esker gai izango zen ur uherretan ere ehizatzeko. Itsaso hondoetan zebiltzan animalia bentikoetaz elikatzen zen arrakasta handiko eraso zehatzak eginez. Gorputz gogorreko izakiak jaten zituen, trilobitoak adibidez, bere luzakin eta aho indartsuekin oskolak apurtzeko gai baitzen[4]. "W" itxurako markak dituzten trilobite fosilak aurkitu dira, Anomalocarisaren horzkadaren itxurako marka da[7]. Anomalocarisen koprolitoetan ere trilobiteen oskol zatiak aurkitu dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Whittington Harry Blackmore; Briggs Derek Ernest Gilmor. (1985-05-14). «The largest Cambrian animal, Anomalocaris, Burgess Shale, British-Columbia» Philosophical Transactions of the Royal Society of London. B, Biological Sciences 309 (1141): 569–609.  doi:10.1098/rstb.1985.0096. (Noiz kontsultatua: 2019-03-10).
  2. «Paleobiology | Smithsonian National Museum of Natural History» naturalhistory.si.edu (Noiz kontsultatua: 2019-03-10).
  3. (Ingelesez) Robison, Richard A.; Briggs, D. E. G.. (1984-07-24). Exceptionally preserved nontrilobite arthropods and Anomalocaris from the Middle Cambrian of Utah. ISSN 0075-5052. (Noiz kontsultatua: 2019-03-10).
  4. a b (Ingelesez) Daley, Allison C.; Bergström, Jan. (2012-06-01). «The oral cone of Anomalocaris is not a classic ‘‘peytoia’’» Naturwissenschaften 99 (6): 501–504.  doi:10.1007/s00114-012-0910-8. ISSN 1432-1904. (Noiz kontsultatua: 2019-03-10).
  5. «ScienceDirect» www.sciencedirect.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-10).
  6. «Anomalocaris Homepage» www.trilobites.info (Noiz kontsultatua: 2019-03-10).
  7. (Ingelesez) Nedin, Christopher. (1999-11-01). «Anomalocaris predation on nonmineralized and mineralized trilobites» Geology 27 (11): 987–990.  doi:10.1130/0091-7613(1999)0272.3.CO;2. ISSN 0091-7613. (Noiz kontsultatua: 2019-03-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]