Antigorputz monoklonal

Antigorputz monoklonalak lortzeko erabilitako metodologia.

Antigorputz monoklonala zelula hibrido batek (hibridomak) ekoiztutako antigorputz espezifikoa da. Hibridoma hori zelula ama bakar batetik datorren B linfozitoen klon baten eta zelula tumoral baten arteko bat-egitearen ondorioz sortzen da (mieloma baten zelulak izanik hibridoma sortzeko erabiltzen diren tumore-zelulak).

B linfozitoak dira antigorputzak sortzen dituzten immunitate-sistemaren zelulak. Linfozito hauek ez dira ongi hazten "in vitro", zelula-kultura batean hil egiten baitira. Mieloma-zelulekin bat egiten dutenean, aldiz, zelula-kulturetan ondo hazten diren zelula hibridoak (hibridomak) sortzen dira, antigorputz monoklonalak ekoizten dituztenak.

Laborategiko animalia bati antigeno bat sartzen zaionean bere immunitate-sistemak antigorputzak sortzen ditu. Antigeno gehienek determinante antigeniko ugari dituztenez, sortutako antigorputzak ez dira berdinak, zelula plasmatiko desberdinetatik eratorriak baitira (antiserum poliklonala agertzen da, hainbat antigorputzez osatua). Linfozito B bakarra isolatzen bada animalia honengandik, aldiz, eta linfozito horren kopia asko egiten badira, sortutako antigorputz guztiak berdinak izango dira (antigorputz monoklonalak).

Hibridomak lortzeko teknika B linfozito normala eta mielomaren zelula bat batzean datza (mieloma B linfozitoz osatutako tumorearen ondorioz agertzen den minbizi mota da). B linfozito normala eta tumoralaren arteko batasun horrek hibridoma bat sortzen du, jatorrizko zelulen bi ezaugarriak dituena: etengabe ugaltzeko ahalmena (mielomaren zelularena) eta antigorputzak sortzeko ahalmena (B linfozito normalarena). Jatorrizko bi zelula horiek polietilenglikolarekin tratatu behar dira hibridoma lortzeko (molekula horrek zelulen mintzak fusionatzen baititu).

XX. mendeko 70eko hamarkadan Georges Köhlerrek, Cesar Milsteinek eta Niels Kaj Jernek antigorputz monoklonalak lortu zituzten laborategian estreinakoz, B linfozito normaletatik eta mieloma batetik hibridoma bat sortu zutenean. Aurkikuntza horregatik 1984ko Medikuntzako Nobel Saria eskuratu zuten.

Antigorputz monoklonalak oso erabiliak dira medikuntzan, diagnostikorako zein terapiarako (minbizi mota batzuk detektatzeko eta tratatzeko, esaterako, eta hainbat gaixotasun autoimmuneen tratamenduan) [1]

Antigorputz monoklonalak izendatzeko -mab atzizkia erabiltzen da. Atzizki horren aurreko hitzak antigorputzaren dianarekin, bere jatorriarekin edo enpresa ekoizlearen izenarekin du lotura.

Erabilera terapeutikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogei antigorputz monoklonal baino gehiago erabiltzen dira dagoeneko maila terapeutikoan, hiru arlotan batik bat: minbizi mota batzuen tratamenduan, hainbat gaixotasun autoimmuneenean, eta organoen errefusa saihesteko transplanteetan.

Beste botika batzuen aldean, antigorputz monoklonalak oso selektiboak dira, zelula-diana edo molekula mota bakar baten aurka jarduten dutelako. Honen abantaila nagusia da gaixotasun batekin lotuta dauden zelula edo molekula gaiztoei soilik eraso egingo dietela.

Minbiziari dagokionez, antigorputz monoklonalak zelula minbizidunetan dauden antigeno espezifikoei lotzen zaizkie, zelula minbiziduna deuseztatuz. Antigorputz monoklonal horiei toxina bat, radioisotopo bat edo zitokina bat gehi dakieke, bere jarduera antitumorala indartzeko.

Gaitz autoimmuneen kasuan, aldiz, arrakastaz erabili dira artritis erreumatoidea, Crhon gaitza edo ultzeradun kolitisaren kasuetan, besteak beste. Tumoreen nekrosi-faktorearen aurka (TNF-alfa) edo interleukina batzuen aurka jarduten dute hainbat antigorputz monoklonalek.

Terapian erabilitako hainbat antigorputz monoklonal

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beheko taulan ohikoenetako batzuk agertzen dira:

Caption text
Antigorputz monoklonala Antigenoa Jarduera-mekanismoa Gaitz hauetan erabilia
Abciximab Glikoproteina Gpllb/Illa plaketen mailan antitronbotikoa
Adalimumab TNF-alfa TNFk sortzen duen hantura inhibitzen du Crohn gaitza, artritis erreumatoidea, psoriasia
Alemtuzumab CD52 ADCC (Antibody-dependent cell-mediated cytotoxicity) Leuzemia linfoide kronikoa B
Basiliximab CD25 T linfozitoak Errefusaren aurkako tratamendua hainbat transplantetan
Bevacizumab FCEV FCEVren eragin angiogenikoa inhibitzen du Kolon eta ondesteko minbizia
Cetuximab EGFR EGFRren lotura zelula tumoralen hartzaileekin blokeatzen du Kolon eta ondesteko minbizia
Daclizumab CD25 CD25k eragiten duen T linfozitoen aktibazioa inhibitzen du Errefusa saihesteko giltzurrun-transplanteetan
Denosumab RANKL Osteoklastoen inhibizioa Osteoporosia
Edrecolomab EpCAM, ADCC, CDC Hazkunde-faktorearen hartzaileak inhibitzen ditu Kolon eta ondesteko minbizia
Gemtuzumab CD33 Zelula blastiko leuzemikoetan dagoen CD33 antigenoari lotzen da Leuzemia mieloide akutua
Ibritumomab CD20 B linfozitoen apoptosi eragiten du, besteak beste Ez-Hodgkin linfoma
Infliximab TNF-alfa TNFk sortzen duen hantura inhibitzen du Crohn gaitza, artritis erreumatoidea, psoriasia, espondilitis ankilosatzailea
Muromomab CD3 Immunoezabatzailea. T linfozitoen apoptosia eragiten du Errefusa sihesteko transplanteetan
Ofatumumab CD20 Apoptosia eragiten du Leuzemia linfoide kronikoa. Ez-Hodgkin linfoma eta hainbat gaitz autoimmune
Omalizumab E Ig E Ig-aren odol-maila jaisten du Asma
Palivizumab VSR birusaren F proteina Immunitate pasiboa Arnas birus sintzitialaren infekzioen profilaxia umeengan
Ranibizumab FCEV FCEVren eragin angiogenikoa inhibitzen du Makula-endekapena
Rituximab CD20, ADCC, CDC Apoptosia Ez-Hodgkin linfoma, leuzemia linfoide kronikoa
Tositumab CD20 Ez-Hodgkin linfoma
Trastuzumab HER2 HER2k eragiten duen hazkuntza tumorala inhibitzen du Bularreko minbizi metastasikoa

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Waldmann TA (June 1991). "Monoclonal antibodies in diagnosis and therapy". Science. 252 (5013): 1657–1662 [1]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]