Antizientzia

Ez da Sasizientziarekin nahastu behar

Antizientzia zientzia eta metodo zientifikoarekiko[1] jarrera kritikoa da. Antizientifikoek, oro har, zientziaren oinarri den erredukzionismoa salatzen dute, eta hau objektiboa eta unibertsala ez dela aldarrikatzen dute. Antizientziak boterearen pertzepzioa eta zientziaren eragina kritikatzen ditu. Antizientzia erabili izan da bai Aro Berriari bai ezker politikoarekin lotutako mugimendu postmodernoei eta sozialki kontserbadoreak diren eskuin politikoarekin lotutako mugimendu fundamentalistei erreferentzia egiteko.

Iraultza zientifikoaren hastapenetan parte hartu zutenak, Robert Boyle (1621-1691) kimikari, fisikari eta filosofo irlandarra bezala, Thomas Hobbes (1588-1679) bezalako idazle eta filosofoekin berehalako eta zuzeneko konfrontazioan aurkitu ziren. Izan ere, azkeneko hauek eszeptiko gisa agertu ziren metodo zientifikoa munduaren izaeraren benetako ezagutza lortzeko metodo egokia dela aldarrikatzen zutenen aurrean. Gaur egun, Hobbesek defendatutako jarrera antizientziatzat gartzen da.

Discours sur les sciences et les arts (1750) izeneko idazkian Jean-Jacques Rousseau (1712-1778) filosofoak zientzia aldarrikatzeak ustelkeria morala dakarrela adierazi zuen. Hala ere, Rousseauk bere diskurtsoetan René Descartes (1596-1650), Francis Bacon (1561-1626) eta Isaac Newton (1643-1727) bezalako pentsalari eta zientifikoak aintzat hartu behar direla defendatu zuen.[2]

Antizientziaren auziak funtsezkotzat hartzen dira "aurre-zientziaren" edo "protozientziaren" trantsizio historikoan, alkimian bistakoa den moduan. Alabaina, metodo zientifikoa hartu eta onartu zuten diziplina askok, geometria eta astronomia kasu, ezin dira antizientziatzat hartu. Hala ere, ikuspegi zientifiko baten aurretik diziplina horien baitako dogma batzuk (Galileoren aurkikuntzek gaitzetsitako dogmak, adibidez) jarrera antizientifiko baten produktu gisa aintzat hartzen dira.

"Zientismo" terminoa, ikasketa zientifikoetan jatorria duena, zientifikoek eta soziologoek onartu eta erabili zuten kontzeptu zientifikoak euren diziplinen mugetatik haratago nabarmenki aplikatzearen aldeko ikuspuntuak deskribatzeko. Zehazki, zientismoak zientzia balio normatiboak eta epistemologikoak determinatzeko baliabide objektibo bakarra dela aldarrikatzen du. Dena den, terminoa, oro har, peioratiboki erabiltzen da, itxuraz zientzia erlijioaren antzeko moduan tratatzen duten norbanakoei aplikatuz. Erredukzionismo terminoa ere zenbaitetan gutxiespen-zentzuarekin erabili ohi da, zientifikoen jarduera eta ikuspegiekiko kritika gisa. Hala ere, zientzialari batzuk erredukzionista gisa etiketatuta eroso sentitzen diren bitartean, onartzen dute erredukzionismotik eratorritako gabezia kontzeptual eta filosofikoak egon daitezkeela.

Elyse Amend eta Darin Barney-k argudiatzen duten moduan, antizientzia etiketa deskriptibotzat aintzat hartu daitekeen bitartean, askotan baliabide erretoriko gisa erabiltzen da. Izan ere, aurkari politikoak gutxiesteko baliabide eraginkor gisa erabiltzen baita.[3]

Nazioartean erabiltzen den mugimendu antinuklearraren ikurra

Ikuspuntu ezkertiar ezberdinetatik salatu egin da ikerketa zientifikoen emaitzak ez dutela beti ezkutuan dagoen errealitate bat irudikatzen. Aitzitik, mahai gaineratu izan da aurkikuntza eta ikerkuntza zientifikoek aurrerapena ekarri baino nagusitzen den ideologia islatzen eta bermatzen dutela gizartearen baitan. Ikusmolde honetan, zientzia eskuin politikoari lotuta dagoen sinismen sistema baten antzera irudikatuko litzateke, zeina kontserbadorea eta konformista den eta modu autoritarioan jokatzen duen.

Mugimendu antinuklearra, sarritan ezkerrarekin lotua, kritikatua izan da energia nuklearraren ondorio negatiboak balioesteagatik.[4] Soziobiologia [5], psikologia ebolutiboa [6] edota populazioen genetika bezalako arloak, zeinak natur eta gizarte zientzien arteko mugan jarduten duten, ezker politikoaren kritika zorrotzak ere jaso dituzte. Gaitzespena zientzia horiek neokolonialismoarekin[7] eta arrazismo zientifikoarekin dituzten lotura historikoan du jatorri. Dena den, Stephen Jay Gould bezalako esparru honetako kritikoen aldarrikapenak salatuak izan dira aurreiritzi politiko sakonetan oinarrituak egoteagatik.[8]

Informazio gehiago: Eskuindar populismoa

Zientziaren aurkako pentsamenduaren jatorria Ilustrazioaren aurkako erantzun gisa garatutako Erromantizismoan aurkitu daiteke. Ilustrazioaren aurrean, Erromantizismoak azpimarratu zuen intuizioa, grina eta naturarekiko lotura organikoa oinarrizko balioak zirela eta, pentsamendu arrazionala, aldiz, giza bizitzaren emaitza besterik ez zela. Antizientzia kontserbadorearen eztabaiden adibide garaikide aunitz aurkitu daitezke. Polemika horien artean biologia ebolutiboaren [9], berotze globalaren [10] edota biziaren jatorriaren (edo abiogenesiaren) ingurukoak dira azpimarratu beharrekoak.

Antizientzia eskuindarrari lotutako ezaugarri nagusietako bat konspirazio-teorietara jotzea da. Izan ere, teoria horien bitartez zientzialariek sinisten dutenaren zergatia azal dezakete, oro har, zientziari lotutako konfiantza eta boterea gutxiesten saiatzen diren bitartean.

Testuinguru honetan, antizientziak argudio erlijioso, moral eta kulturalen menpe daudela kontsidera daiteke. Antizientzia filosofiko-erlijioso mota honentzat zientzia indar antiespiritual eta materialista izango litzateke, zeinak balio tradizionalak, identitate etnikoa eta jakituria historikoa ahultzen dituen arrazoimenaren eta kosmopolitismoaren alde. Zehazki, aldarrikatutako balio etniko eta tradizionalak identitate kristauan oinarritutako teologia supremazista zuriaren parekoak dira. Hala ere, antzeko ikuspuntuak garatuak izan dira ere eskuin muturreko sekta islamiko, judu edota budisten eskutik.

Testu sakratuen irakurketa literalaz hornitutako teismoa da pentsamendu antizientifikoaren eragile ohiko bat. Mendeetan zehar, instituzio erlijiosoek heliozentrismoa bezalako teoria zientifikoekiko jarrera mesfidatia erakutsi zuten testu sakratuetan mahai gaineratutako irakaspenak gezurtatzen dituztelako.

Historikoki, antizientzia lehen aldiz materialismo zientifikoaren aurkako erreakzio gisa agertu zen . XVIII. mendean Ilustrazioak "zientzia guztien sistema bateratu baten ideala"[11] ekarri zuen, baina batzuek nozio horren beldur izan ziren. Izan ere, horiek arrazoimenaren eta zientziaren hertsadurak euren mundu-ikuskera garatzeko oztopo gisa irudikatzen zituzten, euren sentimenduei edota irudimenari ezarritako kateak izango balira bezala. Beraz, antizientzia kuantifikagarria edo neurgarria den oro benetakoa dela aldarrikatzen duen eredu edo paradigma zientifikoaren errefusa izango litzateke. Hala ere, positibismo zientifikoak (positibismo logikoak) ez du ukatzen neurgarriak ez diren fenomenoak existitzen direnik, baizik eta fenomeno horiek ikerketa zientifikotik at geratu behar direla. Gainera, positibismoa metodo zientifikoaren oinarri filosofiko gisa, ez da gainezartzen den oinarri filosofikoa.

Antizientziaren hiru arlo nagusiak filosofia, soziologia eta ekologia dira.

Filosofiak zientziari bideratzen dizkion kritika nagusiak erredukzionismoaren rolaren aurkako objekzioak dira. Hala nola, psikologiaren esparruan: " bai erredukzionistak eta baita horien aurkakoak onartzen dute...azalpen ez-molekularrak ezin direla hobetu, zuzendu edo azalpen molekuletan oinarritu.[12] Batzuen ustez antizientziaren pareko pentsamenduak ohikoak izango lirateke esparru akademikoetan. Horien aburuz, hainbat pertsonen adimenek zientzia, sasizientzia eta zientifismoa nahastuko lituzkete, eta horrek jarrera antizientifikoa zuen. Are gehiago, beste batzuen ustez ezinezkoa izango litzateke ezer ziurtasunez ezagutzea.[13]

Thomas Gieryn soziologoak mahai gaineratzen du "zenbait soziologok antizientifikoak izan daitezkeela".[14] Soziologo honen ustez, filosofo eta soziologo batzuek ezagutza zientifikoaren sinesgarritasuna ezbaian jartzen duen zientziaren irudi desitxuratu bat eskaintzen dute, edota muturrera eraman dute euren dekonstrukzio antizientifikoa.

Askotan auziaren muina zientzialarien erradikaltasunean edota zurruntasunean aurkitzen da, hots, desadostasuna, unibertsaltasuna, originaltasuna edota eszeptizismoa bezalako idealen arabera zenbateraino jarduten duten. Zoritxarrez, maiz zientzialariek ez dute beti ideal horien arabera jarduten. Izan ere, ohikoa da fama edota ospearen bilaketan ikerketa zientifikoak zientzialariaren ospearen arabera epaituak izatea.

Ekologiaren esparruaren baitan Richard Levins ekologistak zientziaren eta antizientziaren arteko gatazka baino, zientzia eta teknologiaren bide eta eredu ezberdinen arteko gatazko identifikatzen du: "etekin ekonomikoa helburu gisa duen zinetzia merkantilizatuaren eta giza helburuetara bideratutako zientziaren arteko gatazka".[15] Komunitate zientifikoaren barruan ere ohikoak dira horrelako egoerak, adibidez, zientzialariak ingurumenari buruzko kanpainetan azpimarratzen den negutegi efektua [16] bezalako ingurumen-arriskuez mintzatzen direnean. Argudia daiteke, halaber, ekologian aurkitzen den antizientziaren bertsio hau medikuntzaren arloan ikuskatzen denetik gertu dagoela. Bertan , bai pazienteek bai sendagileek zientzia baztertu eta osasun arazoekiko hurbilpen pseudozientifikoa hautatzen dute.

Genetikoki eraldatutako elikagaiek ere jarrera antizientifikoaren sorrarazten dute. Izan ere, ikerketa zientifiko ezberdinen eskutik publiko orokorra konturatu da dieta urri eta txar baten arriskuaz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Holton, Gerald James. (1993). Science and anti-science. Harvard University Press ISBN 0-674-79298-X. PMC 27429753. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  2. Rousseau, Jean-Jacques. (2007). The social contract and Discourses. BN Pub ISBN 956-291-565-4. PMC 226297111. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  3. (Ingelesez) Amend, Elyse; Barney, Darin. (2016-02-16). «Getting It Right: Canadian Conservatives and the “War on Science”» Canadian Journal of Communication 41 (1)  doi:10.22230/cjc.2016v41n1a3104. ISSN 0705-3657. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  4. (Ingelesez) Daubert, Victoria; Moran, Sue Ellen. (1985-01-01). Origins, Goals, and Tactics of the U.S. Anti-Nuclear Protest Movement. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  5. Wilson, Edward O.. (1995). Naturalist. (Warner books ed. argitaraldia) Warner Books ISBN 0-446-67199-1. PMC 32664825. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  6. (Ingelesez) Hamilton, W. D.. (2000). «A review of Dysgenics: Genetic Deterioration in Modern Populations» Annals of Human Genetics 64 (4): 363–374.  doi:10.1046/j.1469-1809.2000.6440363.x. ISSN 1469-1809. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  7. America., North American Congress on Latin. (1971). Ciencia y neocolonialismo. Periferia PMC 1024934318. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  8. Pinker, Steven. (2002). The blank slate : the modern denial of human nature. Viking ISBN 0-670-03151-8. PMC 49320481. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  9. Jr, William D. Anderson. (2003/09). «Denying Evolution: Creationism, Scientism, and the Nature of Science» Copeia 2003 (3): 675–677.  doi:10.1643/OT-03-047. ISSN 0045-8511. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  10. Mooney, Chris. (2005). The Republican war on science. Basic Books ISBN 978-0-465-04675-1. PMC 58605134. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  11. Berlin, Isaiah. (2000). The proper study of mankind : an anthology of essays. (First Farrar, Straus and Giroux paperback edition. argitaraldia) ISBN 0-374-52717-2. PMC 45165171. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  12. (Ingelesez) Sawai, H.; Orgel, L. E.. (1975-09). «Prebiotic peptide-formation in the solid state: III. Condensation Reactions of Glycine in Solid State Mixtures Containing Inorganic Polyphosphates» Journal of Molecular Evolution 6 (3): 185–197.  doi:10.1007/BF01732355. ISSN 0022-2844. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  13. (Ingelesez) Gambrill, Eileen. (2018-07-05). «Evidence-Based Practice: An Alternative to Authority-Based Practice (Revisiting Our Heritage):» Families in Society  doi:10.1177/1044389418786699. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  14. Uphoff, D. E.. (1975-11). «Hybrid-versus-parental strain reaction. I. Comparative mortality in allogenetic and parental strain male and female mice» Journal of the National Cancer Institute 55 (5): 1213–1215.  doi:10.1093/jnci/55.5.1213. ISSN 0027-8874. PMID 1545. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  15. (Ingelesez) Levins, Richard; Dunn, Mary Lee. (2016-08-01). «Whose Scientific Method? Scientific Methods for a Complex World:» NEW SOLUTIONS: A Journal of Environmental and Occupational Health Policy  doi:10.2190/Q4TN-Q9U2-ER56-3T1R. (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  16. Joxerra, Aizpurua Sarasola. (1993-03-01). «Negutegi-efektua» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]