Araceli Gilbert | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Guayaquil, 1915eko abenduaren 6a |
Herrialdea | Ekuador |
Heriotza | Quito, 1993 (77/78 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Rolf Blomberg (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | artista |
Jasotako sariak | ikusi
|
Araceli Gilbert (Guayaquil, Ekuador, 1913ko abenduaren 6a - Quito, Ekuador, 1993ko otsailaren 17a) margolaria izan zen.
Artistez osaturiko familia batean sortu zen, eta familiaren eraginez hasi zen pinturarekin zaletzen. Txileko Santiagoko Arte Ederretako Eskolan egin zituen margolaritzako ikasketak 1936-1939 urteen artean, eta bere sorterriko arte-eskolan ere jardun zuen, zeinetan jaso baitzituen, besteak beste, Hans Michaelsonen eskolak.
Lehenengo ikasketa haien ondoren New Yorka jo zuen, 1944. urtean, ikasketak sakontzera, eta Amédée Ozenfant purismoaren aitzindariaren eragina jaso zuen. New Yorketik Parisa joan zen 1951. urtean; han margolaritza abstraktuari heldu zion bere maisu eta adiskide Vasarelyren eskutik, eta Parisko Arte Abstraktuko Lantegiarekin lanean jardun zuen, Jean Dewasne eta Edgar Pilletekin, besteren artean.
1953an bere lehenengo bakarkako erakusketa egin zuen, Arnaud galerian. Erakusketa hartan ikusgai jarri zituen obretan heldutasun handia erakutsi zuen Gilbertek, eta Sorensen daniarrak obra haien sei litografia bildu zituen album batean. 1972an bere obra adierazgarrienetako bat aurkeztu zuen Quiton, Sidney Becheten aldeko Requiema, 1963an New Orleansen hildako jazzeko artista handiaren omenezko koadroa.
Harrezkero hasi zen Gilberten ospea Ekuadorren zabaltzen, eta horrela, bere obraren erakusketak egin zituen Guayaquilen (1975) eta Quiton (1979). 1981. urtean egilearen beraren ustetan bere maisulantzat har daitekeen obra egin zuen: Ekuadorko Banku Zentralaren hormako irudia, Guayaquilen. Gilbertek mundu guztian zehar egin zituen bakarkako erakusketak, batez ere Europan, eta Bi Urteko erakusketetan parte hartu zuen Mexikon, Kuban, Kolonbian, Brasilen, eta abar.