Archibald MacLeish (Glencoe, 1892ko maiatzaren 7a - Boston, 1982ko apirilaren 20a) Estatu Batuetako olerkaria izan zen.
Lehen Mundu Gerran parte hartu ondoren, Zuzenbideko ikasketak egin zituen Harvard Unibertsitatean. Parisen bizi izan zen, eta han zegoela (1923-28) hasi zen poesia idazten. Garai horretan, Poundek eta Eliotek eragin nabarmena izan zuten MacLeishen literatura-lanetan. Bere obra nagusiak: The Pot of Earth (1925, Lur ontzia); The Hamlet of A MacLeish (1928); Konkistatzailea (1932, Pulitzer saria, Bernal Díaz del Castilloren La Verdadera historia de los sucesos de la conquista de la Nueva España obran oinarritua). 1952an, Collected Poems (1917-1952) izeneko lanak argitaratu zituen, eta ondoren J. B. (1958) eta Herakles (1967), Poetry and Experience (1961) saiakera-liburuak, eta beste olerki-liburu bat: The Wild Old Wicked Men and Other Poems (1968). Azken lanen artean aipagarriena ondorengo lana da: The Human Season; Selected Poems (1972, Gizakiaren sasoia; poema hautatuak).