Arrabio (metalurgia)

Arrabio harikor briketak.

Arrabioa burdin mearen tarteko produktu bat da, urtze-prozesuan erregaitarako kokea eta urgarri izateko kareharria erabiliz lortzen dena.

Hitzaren etimologia iluna da. Gazteleraz berdin esaten da (itxuraz euskaratik hartua[1]); frantsesez, berriz, fonte brute eta ingelesez pig iron esaten zaio.

Burdina gozoa ekoizteko prozesua aintzinatik ezaguna zen; baina haizeoletan egiten zen, erredukzioz. Txinan arrabioa k. a. III mendean ekoizten hasi bazen ere (Zhou dinastiaren amaieran),[2] Europan teknika hau Erdi Aroan erabiltzen hasi zen: XII. mendean Lapphyttan-en (Suedia) labe garai goiztiarrak baziren, eta XIII. menderako baita Märkischer Kreis eskualdean (Alemania) ere.[3]

Lurrean, salda isurtzeko hondar-erretenak (Chicago, 1890-1901).

Arrabioa labe garaietan urtuta ekoizten da, burdin meari erredox erreakzioa eraginez, kokea eta kareharria erabiliz. Kokeak erretzean labea berotzen du, karbono monoxidoa askatuz; azken honek mearen burdin oxidoekin bat egiten du, burdin metalikoa sortuz.[4] Labe garaiean gertatzen den oinarrizko erreakzio kimikoa hauxe da:

Fe 2 O 3 + 3CO → 3CO 2 + 2Fe

Kareharria karbono monoxido iturri osagarri bezala, eta urgarri gisa erabiltzen da. Material hori mean dagoen silizearekin batzen da (zeina ez den labeko tenperaturan urtzen), kaltzio silikatoa eratuz; hau tenperatura baxuagoan urtzen da. Kareharri barik burdin silikatoa sortuko litzateke, burdin metalikoaren ekoizpenaren kaltetan. Kaltzio silikatoak eta beste ezpurutasunek zepa osatzen dute, urtutako metalaren gainean flotean geratzen dena.

Behin urtutakoan, lingoteak egiteko era tradizionala hareaz eginiko moldeetan isurtzea izan da: salda harean eginiko erreten nagusi batean isurtzen da, gero adar txikiagoetan banatzen dena, amarengandik edoskitzen ari diren txerrikumeak bezala (hortik pig iron izena); horrela, behin gogortutakoan, erraza da briketa txikietan haustea.[5]

Arrabioak karbono eduki handia du (%3,5-4,5 artean), baita silizea eta bestelako ezpurutasunak. Honek hauskortasun handia ematen dio eta, beraz, material gisa erabilera mugatua du.[6]

Labe garaietan ekoitzitako arrabioaren osagaiak:

  • %92 burdina.
  • %3-4 karbonoa.
  • %0,5-3 silizioa.
  • %0,25-2,5 manganesoa.
  • %0,04-2 fosforoa.
  • Sufre partikula batzuk.
Salda garraiatzeko ontzia.

Arrabioa altzairua ekoizteko lehengaia da.

Labe garai modernoak oinarrizko oxigeno-labeekin batera lan egiten dute, eta batzuetan arragoadun labe zaharragoekin. Altzairutegian, labeak arrabioz kargatzen dira. Altzairua egin aurretik, labe garai desberdinetatik datorren salda edukiontzi bakarrean nahas daiteke, laberen baten balizko irregulartasunen eragina gutxitzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «ARRABIO» Etimologías de Chile - Diccionario que explica el origen de las palabras (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  2. Wagner, Donald B.. (1993). Iron and steel in ancient China. E.J. Brill ISBN 9004096329. PMC 466053638. (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  3. «Proceedings. Technical Papers Presented at the 1989 IEEE/ASME Joint Railroad Conference (Cat. No.89CH2749-0)» Proceedings., Technical Papers Presented at the IEEE/ASME Joint Railroad Conference (IEEE) 1989  doi:10.1109/rrcon.1989.77289. (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  4. «REMINISCENCES - Samuel Thomas» www.thehopkinthomasproject.com. (Noiz kontsultatua: 2019-07-29).
  5. «Wayback Machine» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2019-07-31).
  6. (Ingelesez) Camp, James McIntyre; Francis, Charles Blaine. (1920). The Making, Shaping and Treating of Steel. Carnegie Steel Company (Noiz kontsultatua: 2019-07-29).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]