Arte kritika literatura eta mundu akademikoaren arteko generoa da. Testu hauen bitartez arte-espezialistek lan desberdinen inguruko haien iritziak ematen dituzte. Beraz, arte kritikaren lana zera da: arte-lanak analizatu eta epaitzea, zerbaiten balioaren azterketa egitea.[1]
Artelanen, artisten edo erakusketen balorazioa egiten du, printzipioz modu pertsonalean eta subjektiboan, baina artearen historian eta bere diziplina anitzetan oinarrituta, artea bere arabera baloratuz, testuingurua edo bilakaera kontutan hartuta. Aldi berean, ebaluatzailea, informatiboa eta konparatiboa da, modu zehatz eta entretenigarrian idatzia, azterketa akademikoa dela esan gabe baina datu enpirikoak eta egiaztagarriak eskainiz.
Denis Diderot arte modernoaren lehen kritikaritzat jotzen da: 1725az geroztik Louvre museoaren Salon Carrén egindako erakusketen gaineko iruzkinak idatzi zituen. Jendeari irekitako saloi horiek joera artistikoen hedapen zentro gisa jarduten zuten. Diderotek erakusketa horien inguruko inpresioak 1759an idatzi zituen gutun batean; testu hori Frédéric-Melchior Grimmen Correspondance littéraire liburuan argitaratu zen eta, geroztik, 1781 arte, generoaren abiapuntua izan zen.
Artearen kritikarien esparruan arte-historialariak eta idazleak izan dira. Batzutan azterketa metodologikoan oinarrituta, bestetan norberaren subjektibitatean, laister kritika gustuak moldatzeko benetako tresna zela deskubritu zuten zaleek. Izen handi batzuk aipatuko ditugu: Charles Baudelaire, John Ruskin, Oscar Wilde, Émile Zola, Joris-Karl Huysmans, Guillaume Apollinaire, Wilhelm Worringer, Clement Greenberg, Michel Tapié, Eugeni d'Ors, Achille Bonito Oliva, Nicolás Isasi, Juan Eduardo Cirlot, Juan Antonio Gaya Nuño, Irma Arestizábal... [2]