Artio (Dea Artio galo-erromatar sinismen erlijiosoetan) hartz jainkosa da. Bernan, Suitzan, kultuaren frogak aurkitu dituzte. Haren izena "hartz" hitzetik dator[oh 1]. Eremu hartako galiar leinua, helveziarrena zen.
Galieraren teonimoa den Artiō hitza 'hartza', esan nahi duen artos hitzaren aldaera da eta hitz hori, beste hizkuntz zeltikoetan aurki dezakeguna (irlandera zaharraz art, Erdi Aroko galeseraz Arth eta bretoiera zaharraz ard), berez, Proto-Indo-European *h₂ŕ̥tḱos ('hartza') hitzetik eratorria da. Artur erregearen izenarekin lotuta dagoela ere proposatu da izena beraren iturria Artorix izan liteke eta. *Arto-rix zelta hizkuntzetako baten forma bat litzateke. rix hitza galiar izenetan agertu ohi da errege esan nahi baitu (adibidez, Vercingetorix, Orgetorix, etab.). Eta arto hartza denez, Artur, 'hartz-erregea' gisa berreraiki daiteke, beti ere, latinizatutako forma baten bidez *Artori(u)s. Bestalde, erromatar garaiko Europan, Art erroa duten pertsona izenak ere agertzen dira, adibidez, Arkaiako (Suessatio) zeramika gaineko grafito batean irakur daitekeen "Artioni(s?)"[1] (HEp[oh 2] 2014/15, 00016 ) Bestalde, jainko maskulino baten izenenaren epitetoa ere erro hori agertzen da: Mercurius Artaios, Beaucoroissanten gurtu zutena[2].
Euskarazko hartz hitza, zeltatik etor daitekeela proposatu da[3][4].
Bernatik hurbil, erromatar garaiko estatuatxo talde bat aurkitu zen, "Muri estatuen taldea" izena eman izan zaiona. Bada, beste irudien artean, brontzezko eskultura batek hartz handi bat irudikatzen du, aulki batean eserita dagoen emakume baten aurrean, eta atzean, zuhaitz txiki bat duela. Emakumeak fruituak daramatza altzoan, beharbada hartza elikatzeko[5][6]. Brontzezko oinarri angeluzuzen handia du eskulturak, eta izen hau bertan zizelkatuta: "Deae Artioni / Licinia Sabinilla" (Artio -edo Artiu- jainkosari Licinia Sabinillaren partez). Jainkosaren nominatibo galiarrean, *Artiu izango litzateke.
Jainkosari eskainitako beste objektuen inskripzio batzuk aurkitu dira beste zenbait lekutan: Daun (Renania-Palatinatua, Alemania) (ICH 13, 4203), Weilerbach (Renania-Palatinatua, Alemania) (CIL XIII, 4113), Heddernheim (Alemania) (CIL XIII, 7375 [4, 125 or.]) eta Stockstadt (Alemania) (CIL XIII, 11789)[7].
"*Art" sustrai horia Artemis jainkosa grekoaren izenera hurbil daiteke, haren ezaugarria hartza baitzen (Ἄρκτος (Árktos) grekoz). Atenasetik hurbil, Brauronen, Artemis gurtzen zen bere santutegi garrantzitsu batean. Braurongo Artemiseko jaialdian, apirila inguruan ospatzen zena, neskatoek "osoarena" egiten zuten[8]. Artemis jainkosari eskainitako beste santutegi batzuetan ere hartzaren irudiak edo hartza gogorarazten duten objektuen irudiak aurkitu dira. Badira, halaber, Artemis hartzarekin lotzen duten kontakizunak eta hainbat santutegitan, Grezian eta Greziatik kanpo, jainkosari hartza sakrifikatzen zitzaiola azaltzen duten testigantzak[9][10], beraz, Artemis eta hartzaren arteko erlazioa ondo frogatuta dago.
Arkeologo batzuen arabera, Behe Danubio eta Balkanetako Neolito garaiko Vinča kulturako zeramikek iradokitzen dute Danubioko protoindoeuroparren artean hartza itxurako jainko-jainkosa baten gurtza zabalduta zegoela[11].
Artio Smite bideo-jokoan jolas daitekeen pertsonaia da[12]. Panteoi zeltatik dator eta melee bat da, zaindari magikoa. Bere giza irudikapenaren (jarrera druida) eta hartzaren formaren (hartzaren jarrera) artean nahierara alda daiteke, biak bere gaitasunekin. Bere kitaren ardatza bere burua eta aliatuak sendatzea da, etsaiak druida-posizioan giltzapetzea eta, ondoren, hartzaren jarrerarekin kalte kantitate handiak gainditzea.