Talde biak, Bartzelonarekin batera, Espainiako futbol ligako lehen mailan aritutako bakarrak dira.[4] Gainera, talde biak bazkideek gobernatuak dira.[5][6][7]
Talde bien arteko lehendabiziko norgehiagoka Errege Koparen lehenengo edizioan gertatu zen, 1903ko apirilaren 8an; Athleticek 3–2 irabazi zuen.[8] Lehenengo partida San Mamesen 1920ko Errege Kopan izan zen.[9] Laster, bien arteko partidak tradizional bilakatu ziren Athleticek eta Real Madrilek bere eskualdeko txapelketak (Bizkaiko Herrialde Txapelketa eta Campeonato Regional Centro hurrenez hurren) irabazten zituztelako eta, horrela, Errege Kopan aritzen zirelako.
Hori zela eta, 1903 eta 1958 artean, bilbotarrek eta madrildarrek bederatzi finalak jokatu zituzten, Athleticek horietako sei irabaziz.[10][11]
1929ko apirilaren 21ean, Athleticek eta Real Madrilek bere Ligako lehen partida jokatu zuten, Real Madrilek Chamartínen 5–1 irabaziz.[12] 1929ko Errege Kopako finalerdietan, Bilbon 'igelaren partida' jokatu zuten: bilbotar enpresa batek igelarena antzeko hotsa egiten zuen txirulak banatu zituen San Mamesen arerioak gogaitzeko asmotan. Hala ere, hauek Madrildik 3–1 zekartzatela, 4–1 irabazi zuten. Guztira 7–2ko emaitza lortu eta finalera pasa ziren.[9] Bien artean, lehenengo 25 txapelketatik 10 irabazi zuten (Athleticek 6, Madrilek 4) Gerra Zibiletik 1956raino. Baina, harrezkero madrildarra txapelketako talderik arrakastatsuena bilakatu zen, hurrengo 26etatik 16 txapelketa irabaziz.
Garai haietan, Francisco Franco diktadoreak hiriburuko taldea bultzatu zuen, erregimena atzerritarren artean bultzatzeko asmotan.[13] Athleticek, tartean, Euskal Herriko talderik sendoena bazen ere,[14][15][16][17] ez zuen txapelketarik lortu.
Zelaian, 1980ko hamarkadan, Athleticeko estatistika hobetu zuen Liga bitan irabaziz. Gainera, 1983ko Liga Real Madrili azken egunean eta puntu batez irabazi zuen.[22] Denboraldia erabateko hondamena izan zen madrildarrentzat, izan ere Superkopa, Errege Kopa, Europako Txapeldunen Liga eta Ligako Kopa galdu zituzten. 1983-84 denboraldian, Athleticek gol batez eta aurrez aurreko emaitzei esker Liga irabazi zuen,[23] baita Kopakoa irabazi ere. Hala ere, beltxargaren kanta izan zen Athleticentzat Real Madrilek La Quinta del Buitre izeneko belaunaldiari esker hurrengo bost Ligak irabazi zituen.[23]
1990eko martxoko Bilboko partidan, epaileak zalantzazko penalti eman zien madrildarrei eta laguntzailea eta Paco Buyo madrildar atezaina objektuak hartu eta gero 12 minutuz eten zuen partida.[24][9] Partida normal amaitu zuen baina Ligak partidu batez itxi zuen San Mamés eta Athleticek Atotxako futbol zelaian hartu zuen Real Valladolid.[25][26]
XXI. mendean, Real Madrileko arerio nagusiak beste klubak izan dira, tartean Valentzia, Bartzelona edota Atlético Madrid (hasieran Athleticen sukurtsal moduan sortua).[27][28] Athleticek ezin izan du talde honetan egon, bere fitxaketa politikak ezin izan baitu Madrilgo Galácticosekin alderatu.
Real Madril milioika zale ditu mundu osoan eta munduko talderik aberatsenetariko bat,[29] eta sarituenetariko bat[30] da. Athleticek berriz, Ligako sei onenen artean sailkatu bada ere,[31] ez du horrelako arrakastarik izan.[32] Hala ere, talde bien arteko partidek, bere esanahi historiko eta kulturala dela eta, oraindik jarraitzaile asko dituzte.[33]
Azkenenko partidatan ez dago zalantzarik bien arteko partidak madrildarren aldekoak izan zirenik. 2004–05eko denboraldian Athleticeko partida biak irabazi zituen baina harrezkero partida bi baino ez ditu irabazi San Mamesen[34] eta 2016–17 denboraldira arte ez du inoiz irabazi Bernabéun;[35] 2006ko Kopan ere Madrilek irabazi zuen.[36]
2011ko apirilean, zenbait jokalari faltan zituen arren, Real Madridek 3–0ko garaipena lortu zuen,[37] eta 2012ko maiatzean emaitza berbera lortu zuen Bilbon. Orduan bere 32. Liga eskuratu zuen, Bilbon titulua lortzeko lehenengo taldea izanda.[38]Cristiano Ronaldok partida bietan golak lortu zituen,[2] eta 2016an Raúlen marka gainditu zuen madrildar golegilerik onena izanik.[39] Ronaldok eta Zarrak 16na gol eskuratu dituzte Ligan, baina Zarra lehiaketa guztietan golegilerik handiena da, izan ere, 22 gol ditu.