Bale mendiak | |
---|---|
![]() | |
Mota | mendikate |
Geografia | |
Mendikatea | Etiopiar mendigunea |
Bale mendiak (Urgoma mendiak izenaz ere ezagunak) Etiopiako hego-ekialdeko Oromia eskualdeko mendikateak dira, Awash ibaiaren hegoaldean, Etiopiako goi-lautadako zati batean. Besteak beste, Tullu Demtu (Etiopiako bigarren mendirik altuena, 4.377 metro) eta Batu mendia (4.307 metro) han daude. Weyib ibaia, Jubbaren ibaiadarra, Gobatik ekialdeko mendi haietan sortzen da. Bale mendietako parke nazionalak mendi horietako 2.200 km2 hartzen ditu. Bisitarientzako ikuskizun nagusiak paisaia alpino basatiak eta hegazti eta ugaztun bereziak dira.
Mendiotan, Etiopiako animalia endemiko asko daude, batez ere otso etiopiarra (Canis simensis), Sanettiko goi-lautadan: talderik handiena hantxe bizi da.
Parkeak Harenna basoa ere badu: mendietako hegoaldea gutxien esploratu den eremua da, itxuraz, aurkitu gabeko narrasti espezie askoren bizilekua delako, baita lehoi, lehoinabar, hiena eta hainbat antilope motarena ere. Basabizitzaz gain, Parke Nazionalak xendazaletasun-aukerak eskaintzen ditu Dinshoko egoitzatik: Dodola ere ibiltzeko abiapuntu erabilgarria da.
Beste ugaztun esanguratsu batzuk mendiko nyalak, Menelik baso-koboak, fakokeroak eta ihi-koboak dira.
Ipuru-hagenia basoak 2.500 eta 3.300 m artean daude, batez ere iparraldeko magaletan. Dinsho inguruko landare ezohikoa lore zuriko arrosa abisiniarra da. Sanettiko goi-ordokiko eremu alpinoak txilarrak eta lobelia erraldoiak ditu: azkena 6 metroko altueraraino hazten da. Eskualde osoko landare arrunt eta bereizgarrienetako bat kniphofia da, loreen lantza laranjaren formarengatik identifika daitekeen aloea.[1]
2019an, Fincha Habera gunean, arkeologoek Erdialdeko Harri Aroko 30.000 urteko arrokazko babesleku bat aurkitu zuten, itsasoaren mailatik 11.000 oinetik gora (3,35 km). Science aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, etxebizitza hori gizakien okupazioaren altitude handiaren froga goiztiarrena da. Milaka animalia-hezur, ehunka harrizko tresna eta supazter zaharak agertu ziren lurrean.[2][3][4][5][6][7][8]