Barakaldo CF 1917an sortu zen eta historian zehar hainbat izen izan ditu: Barakaldo Fútbol Club, Baracaldo Oriamendi, Baracaldo Altos Hornos, Baracaldo Club eta Barakaldo Club de Fútbol, eta kamiseta antzekoa izateagatik Peñarol ezizena ere hartu du. 1918-19 denboraldian Eskualdeko txapelketako C mailan txapeldun geratu zen partida bakarra galdu gabe eta B mailara igo zen. 1919an Lasesarre zaharrean jokatzen hasi zen, baina itsasgora bizietan urak hartzen zuen eta 1922an Eskualeko A mailan zegoela Lasesarre estadioa inauguratu zuen. Inaugurazio partidan Athletic gonbidatu zuen eta bilbotarrek 3-1 irabazi zuten.
1934an Bigarren mailan egin zuen debuta. Garai hartan bi multzo izaten ziren eta Barakaldo bere multzoko bosgarrena izan zen. Hurrengo urtean multzoko hirugarrena. Gerra Zibilaren erruz txapelketek hiru urtetako hutsunea izan zuten. 1939an Barakaldo Oriamendi izenarekin Generalisimoarn Koparen finalerdiak jokatu zituen baina Racing de Ferrolek kanporatu zuen. 1940an itzuli zen liga txapelketa eta Barakaldok 1961 arte bigarren mailan jarraitu zuen (1946an ezik).
Aipatzekoa da 1942-43 denboraldian Bizkaiko Labe Garaien (A.H.V.) babes ekonomikoa jaso zuen eta lehenengo hiru denboralditan janzkera aldatu zuen, kamiseta urdina eta praka zuriak hartuz. 1946an bere aurreko koloreak berreskuratu zituen baina AHV-ren armarria mantendu zuen.
1949an urte bikaina izan zuen. Igotzeko asmotan zebilela Errealaren aurkako partida jokatu zuen. Ikusmina itzela izan zen eta futbol zelaia beteta zegoen, baina donostiarrek irabazi zuten eta Barakaldok azkenean 5. bukatu zuen liga. Urte horretan atzerriko bi talderen aurkako partidak jokatu zituen, Toulouse FC eta Le Havre Athletic talde frantsesen aurka hain zuzen ere.
1952an gazteen taldea txapelduna izan zen Espainian, gerora garrantzitsuak izan ziren jokalariak zeuden bertan, Edu, Cholo, Urquiaga, Larburu, Manolín, Flores, Peña, Ocio, Alonso eta Gorostiza. 1954an ere bikain ibili zen igotzear izan baitzen. Bere multzoko bigarrena izan zen Alavesarengandik hiru puntutara eta ondoren igoera play-offean laugarren egin zuen.
22 urte bigarren mailan egin ondoren 1961ean hirugarren mailara jeitsi zen (garai hartan ez zegoen Bigarren B mailarik). Hurrengo urteetan bigarren eta hirugarren mailetan aritu zen. Urterik onena 1977-78an izan zuen, laugarren gelditu baitzen, igo zen Celtarengandik bi puntu eskasera. Bigarren mailako azken urtea 1981a izan zuen.
Ordutik aurrera Bigarren B mailan jokatu izan du, 80. hamarkadan hirugarren mailan urte batzuk egin bazituen ere. 29 denboraldi egin ditu bertan, Estatu mailan gehien egin duenetakoa da, eta puntukako sailkapen historikoan Estatuko lehena da. Hiru aldiz gelditu da mailako txapeldun eta gehiagotan jokatu du igoera play-offa baina ez du berriz bigarren mailara igotzerik lortu. 1988an hirugarren mailan txapeldun izan eta bigarren mailara igo zenetik behin baino ez da hirugarren mailan egon baina 2011-12ko denboraldian.