Beaghmoreko harrespilak Ipar Irlandako Tyroneko konderrian dauden harrespila batzuk dira. Cookstown herritik 11 kilometro iparraldera daude.
Irlanderazko Bheitheach Mhór izenetik etor liteke, "urkien toki zabala" esan nahi du. Honek adierazten du urki basoa zela nagusi Neolito garaian eremua soildu aurretik.
40. hamarkadan zohikatza lortzeko lurra zulatzean 1.269 harri azaleratu ziren. Zohikatzak berak erakutsi du eremua Neolito garaian eta Brontze Aroan populatua izan zela. Harrespilak k.a. 2000 eta 1200 urteen artean datatu dira, baina zohikatzetan aurkituriko sukarrizko tresnak k.a. 2900 ingurukoak izan litezke.
Zazpi harrespil zirkular aurkitu dira. Hauetaz gain zirkuluak tangentzialki ukitzen dituzten harrizko hamar lerro daude eta hilobien markak izan daitezkeen harrizko hamabi pila ere bai.
Zirkuluek 10-20 metrotako diametroa daukate eta harriak metro erdiko altuerakoak dira. Zirkulu bat ordea berezia da, harriak handiagoak baitira eta zirkuluaren barnean 800 harri aurkitu baitira. Honi "dragoiaren hortzak" izena eman zaio.
Arkeologo batzuek diote erritualak egiteko eremua izango zela, beste batzuek ortziko astroen mugimenduak kalkulatzeko balio zuela. Hiru harri-lerrok eguzkia solstizioan ateratzen den puntua seinalatzen dute eta beste lerro batek ilargia ateratzen dena, hau ere solstizioan. Baina gainontzeko lerro eta zirkuluek ez dute horrelakorik egiten.