Beheko kaba zaina | |
---|---|
Xehetasunak | |
Artikulazioa | Eskuineko aurikula common iliac vein (en) |
Identifikadoreak | |
Latinez | vena cava inferior |
MeSH | A07.015.908.949.648 |
TA | A12.3.09.001 |
FMA | 10951 |
Terminologia anatomikoa |
Beheko Kaba zaina kalibre handiko zain bat da, ugaztunen zein gizakien gorputzean dagoena. Zain honek beheko gorputz adarraren, abdomenaren eta pelbisaren itzulera benosoa egiten du, azkenik odola bihotzaren eskumako atrioraino bideratzen duena. Zain hau aorta abdominalaren zain satelitea da eta diafragma zainen itzulera benoso guztia egiten du.
Gizakian gutxi gorabehera 22cm-ko luzera du, eta hauetatik 18cm abdomenean egiten duen ibilbideari dagozkie. Azpiko atalean, hau da, azpileko atalean, bere kalibrea 20mm baino gutxiagokoa da, baina goiko edo abdomeneko atalean, aldiz, 30mm-ko kalibrea izatera iristen da. [1] Izan ere, abdomen atal honetan beheko kaba zainak bi zabalgune azaltzen ditu giltzurrunen mailan eta beste bat gibelaren gainetik.
Beheko kaba zaina bi zain iliako primitiboen, eskubiko eta ezkerrekoaren, baturatik sortu egiten da. Batuera hau bostgarren gerri-ornoaren (L5) orno-gorputzaren mailan ematen da. Hemendik aurrera bere ibilbidea jarraituko du gorantz abdomenean zehar. Beheko kaba zaina retroperitoneala izango da eta bizkarrezurraren gerri-zatian atze-eskubialdetik joango da azkenik gibelaren errai-aurpegian dagoen ildoan sartzeko. Ondoren, diafragma giharra zeharkatuko du kaba zainaren zulotik, nondik diafragma nerbioa igaro daitekeen ere. Diafragma zeharkatu ondoren, bentraldera desbideratuko da bihotzaren eskumako atriora sartu arte, T9 mailaren parean. [2]
Beheko kaba zaina sortu egiten da ezker eta eskumako zain iliako primitiboetatik. Beste alde batetik, beheko kaba zaina azigos-sistemarekin anastomosatuko da T4 mailan. Azigos sistema bizkarrezurraren eskumaldetik joango da, zain-plexuak bizkar-muinaren ondoan doazen bitartean.
Beheko kaba zaina ez dagoenez gorputzaren lerro medialean, zain isurkarien patroian zenbait asimetria aurki ditzakegu. Eskumaldeko gonada-zainak eta eskumako zain suprarenalak beheko kaba zainean drainatuko dute. Ezkerraldean, berriz, ezkerreko gonada zainak ezkerreko giltzurrun-zainean drainatu ondoren, beheko kaba zainean bukatzen dira. Azkenik, gerri-zainek eta gibel-zainek normalean beheko kaba zainean drainatzen dute zuzenean.
BEHEKO KABA ZAINAREN ISURKARIAK | |
IZENA | MAILA |
Beheko zain frenikoak | T10-T9 |
Gibel-zainak | T9 |
Eskumako zain suprarenala | L1 |
Giltzurrun-zainak | L1 |
Eskumako zain testikularrak edo obarikoak (gonada-zainak) | L2 |
Hirugarren eta laugarren gerri-zainak | L3-L5 |
Zain iliako komunak | L5 |
Pertsona batzuk beheko kaba zain bikoiztua dute non biak elkartu egiten diren gibelaren azpialdetik.
Beheko kaba zainik gabe jaiotzen diren pertsonek gaixotasun hau pairatuko dute. Pertsona hauen kasuan itzulera benosoa azigos zainak burutuko du. Hori dela eta beheko gorputz adarraren ezohiko itzulera benosoa ematen da eta zain-tronbosi sakona eta biriketako tronboenbolismo gertatzearen arriskua handitu egiten da.
Normalean beheko kaba zainari loturiko gaixotasunak honen zapalketagatik ematen dira. Hortaz, beheko kaba zainaren sindromea hau partzialki edo guztiz zapaltzean ematen diren sintomen baturari deritzo.
Hau hainbat arrazoiengatik eman daiteke: zain-trobosi batengatik, abdomen-aortaren aneurismarengatik, haurdunaldi batengatik eta abdomen-minbizi batzuengatik (kolon-minbizi, obulutegi-minbizia etab.). Hala ere, ohikoena giltzurrun-zelulen kartzinoma batek sortzea izango da.
Adibidez, izter-zainetan edo zain iliakoetan tronboak sortzen direnean horiek gora mugi daitezke beheko kaba zainera helduz, eta itzulera benosoa oztopatuz. Horrez gain, haurdunaldiaren azken fasean jarrerak ondorio bera ekar dezake. Hau gertatuko da ahoz gora etzanda egotean, umetokiak beheko kaba zaina zapaltzen duenean.
Kausa edo jatorri horien ondorioz, itzulera benosoa murriztuko da eta hainbat sintoma agertuko dira:
Sindrome honen tratamenduak jatorriaren araberakoak izango dira. Hala ere, normalean jarraitzen diren urrats batzuk daude: jarreraren aldaketa eta ahoz gorako eta eskuinaldeko posizioak ekiditea, adibidez.
Beraz, tratamendu desberdinak egongo dira. Hasteko, beheko kaba zainaren zapalketaren larritasuna aztertuko da eta oso larria ez bada, medikuek sintomak arintzen dituzten farmakoak erabiliko dituzte. Horien artean, adibidez, kortikosteroideak eta diuretikoak erabiliko dira (hantura eta gehiegizko likidoak ezabatzeko). Dena den, medikuek arazoa larria dela ondorioztatzen badute, hainbat tratamendu espezifiko egongo dira sindromearen jatorriaren araberakoak.