Besse Cooper | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Sullivan konderria, 1896ko abuztuaren 26a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Walton konderria, 2012ko abenduaren 4a (116 urte) |
Heriotza modua | : arnas gutxiegitasuna |
Hezkuntza | |
Heziketa | East Tennessee State University (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa |
Besse Berry Cooper (Sullivan, Tennessee, AEB, 1896ko abuztuaren 26a – Monroe, Georgia, AEB, 2012ko abenduaren 4a) estatubatuar maistra eta sufragista, ehun urteduna izan zen, 2011ko ekainaren 21etik hil zen arte bizirik zegoen munduko pertsona zaharrena izan zena.[1] 116 urtera arte bizi izan zela baieztatutako zortzigarren pertsona izan zen.[2]
Besse Berry Brown Sullivan konderrian (Tennessee) jaio zen, 1896ko abuztuaren 26an. Gurasoak Richard Brown (1861–1932) eta Angeline Berry (1866–1927). Izan zituzten zortzi seme-alabetatik hirugarrena izan zen.[3] Txikitan, ondo moldatu zen eskolan, eta irakurle amorratua izan zen.[4] East Tennessee State Normal Schoolen (gero East Tennessee State University) graduatu zen 1916an. Sasoi horretan egin zen sufragista.[5] 1917an AEB Lehen Mundu Gerran sartu eta Georgiara bizitzera joan aurretik, maistra izan zen Tennesseen.[6] Georgiako Between herrian irakatsi zuen 1929ra arte.
Luther Cooperrekin (1895-1963) ezkondu zen 1924an eta lau seme-alaba izan zituen berarekin. Luther Cooper 68 urterekin hil zen, 1963ko abenduan. Senarra hil ostean, Cooper bakarrik bizi izan zen bere etxaldean 2001era arte, 105 urterekin zahar-egoitza batera bizitzera joan zen arte.[7][8] Georgiako Monroe hirian eman zituen azken urteak.[9] Cooper 2012ko abenduaren 4an hil zen arnas gutxiegitasunaren ondorioz urdaileko gripeak jota.[10]
Cooper Georgiako egoiliar zaharrena bihurtu zen 2009ko urtarrilaren 19an, Beatrice Farve 113 urterekin hil ostean.[11] 2011ko maiatzaren 18ra arte, Brasilgo Maria Gomes Valentim egiaztatu zuten arte, munduan bizirik zegoen emakume zaharrena zela uste izan zen.[12] 2011ko ekainaren 21ean, Maria Gomes Valentim hil zen, eta Cooper munduan bizirik zegoen pertsona zaharrena bihurtu zen.[13] Txostenen arabera, Cooperrek "bere negozioaz arduratzea" eta zabor-janaria saihesteari egotzi zion bizitza luzea izatea.[14]
2012ko abuztuan 116 urte bete zituenean, Cooperrek lau seme-alaba, 11 biloba, 13 birbiloba eta bi hereniloba zituen.[15][16] 2012ko uztailean, Georgiako zubi bat izendatzeko proposamena aurkeztu zen Cooperren omenez; 2012ko abuztuaren 24an Besse Brown Cooper Bridge izena jarri zitzaion zubiari.[17][18][19][20] 2013ko urrian, Paul Cooper Cooperren bilobak Besse Brown Cooper Fundazioa sortu zuen. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta mundu osoko ehun urtetik gorako pertsonei "laguntza finantzarioa, legala, medikoa eta harreman publikoetakoa" ematea du helburu.[21]
Cooper 2012ko abenduaren 4an hil zen, 116 urte eta 100 egun zituela. Bera hil ostean, Dinah Gerri Manfredini, 115 urtekoa, bizirik zegoen pertsonarik zaharrena izan zen.
Aurrekoa: | Bizirik zegoen pertsonarik zaharrena
2011ko ekainaren 21a - 2012ko abenduaren 12a |
Hurrengoa: |