Boris Nikolaevitx Delaunay edo Delone (errusieraz: Бори́с Никола́евич Делоне́; San Petersburgo, 1890eko martxoaren 15agreg./martxoaren 3ajul. – Mosku, 1980ko uztailaren 17a) errusiar alpinista eta matematikaria izan zen.
Kieveko Unibertsitatean graduatu zen, 1913an. Bertan, Graveren ikasle izan zen, eta, hark bezala, aljebra eta zenbaki-teoria landu zituen. Ikasketak amaitzean, Kieven aritu zen irakasle, eta Matematika Elkarteko partaide izan zen, Bialobzeski, Voronets, Grave, Friedmann, Kotelnikov, V. P. Linnik eta Schmidt matematikariekin batera. 1917ko Iraultza zela eta, aldaketa bat izan zen Errusiako hezkuntzan, eta aljebrarentzat ez zen tokirik geratu. Hala ere, Delonek arlo horretan jarraitu zuen, 1920ko hamarkadan Ukrainatik joatera behartu zuten arte. Hala, San Petersburgora (orduan Petrogrado) iritsi zen 1922an, eta bertan, Leningradoko Unibertsitatean, lan egin zuen hamahiru urtez. Garai horretan, Matematika Sail berrian parte hartu zuen Vinogradoven bidez. Sail horretan matematikari ospetsuekin aritu zen, haien artean, Sergi Bernstein, Luzin, Smirnov, Kuzmin, Kotxin, Sobolev eta Faddeevekin. 1922tik aurrera, Petrogradoko Matematika Elkarteko kide izan zen, eta proiektu ugaritan parte hartu zuen. Steklov Matematika Institutuko Aljebra Saileko buru ere izan zen. Saila Moskura mugitu zutela eta, bertara joan zen 1935ean. Delone Moskuko Unibertsitateko matematika irakasle izan zen urte hartatik 1942 arte. Besteak beste, aljebra eta zenbakien geometriaren arloak landu zituen; ekarpen garrantzitsuak egin zituen kristalen egituraren analisian ere.
Artikulu hau Errusiako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |