Boys Town (euskaraz Mutilen Hiria) 1938ko Norman Taurog estatubatuar zinema zuzendariak zuzendutako biografia drama filma bat da. Aita Edward J. Flanagan irlandar-estatubatuar apaizaren bizitzan eta hark Nebraskan sortutako Boys Town udalerri eta erakundean oinarritua dago. Spencer Tracy, Mickey Rooney eta Henry Hull aktoreek antzeztu zuten.
1938ko Argumentu onenaren Oscar Saria (Eleanore Griffin eta Dore Schary) eta Gizonezko aktore onenaren Oscar Saria (Spencer Tracy) irabazi zituen, azken honek sari berbera bigarren aldiz jarraian irabazi zuen, aurreko urtean Captains Courageous filmeko antzezpenarengatik jaso baitzuen.
Aita Flanaganek (Spencer Tracy) denen aurreikuspen eta usteen aurka "mutilen hiria" sortzea lortu du, gaztetxo gatazkatsu edo arras bihurriak bizi eta fundamentuzko pertsonak izateko heziketa jasotzen duten lekua. Whitey (Mickey Rooney) mutil horietako bat da, baina handik zenbait alditan ihes egin du. Lehenbizikoan goserik itzuli da, bigarrenean bere adiskide bat zauritu zelako, eta azkeneko aldian bere anaiaren gaizkile taldera batu da. Aita Flanagan eta bere mutilek taldea atzematea lortu eta herritarrek eskeintzen zuten diru-saria jasoko dute. Diru horrekin "hiriaren" etorkizuna ziurtatua dago.