Carol Guzy | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bethlehem, 1956ko martxoaren 7a (68 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Hezkuntza | |
Heziketa | The Art Institute of Fort Lauderdale (en) Northampton Community College (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | argazkilaria, fotokazetaria eta kazetaria |
Enplegatzailea(k) | The Miami Herald The Washington Post |
Jasotako sariak | |
carolguzy.com | |
Carol Guzy (Bethlehem, Pensilvania, 1956ko martxoaren 7a) fotokazetari estatubatuarra da.
Miami Herald eta The Washington Post kazetetan hainbat urtez lan egin ondoren, Zuma Press agentziako kazetari independentea da 2017az geroztik.
Gatazka armatuei eta hondamendi naturalei buruzko erreportajeek sari ugari eman zizkioten; besteak beste, lau Pulitzer sari, Visa pour l'image jaialdian Urrezko Bisa, eta National Press Photographers Association-ek hiru aldiz izendatu izan du urteko kazetari.
Carol Guzy 1956ko martxoaren 7an jaio zen, Bethlehem-en, Pensilvanian. Sei urte besterik ez zituela hil zitzaion aita. Joskintzako lantegi batean lan egiten zuen amarekin eta 14 urteko arreba zaharragoarekin hazi zen.[1]
Lehenik, erizaintzako ikasketak egin zituen Northamptongo ikastetxe komunitarioan. 1977an graduatu zen, baina bide hori baztertu zuen, ez zituelako lanbideari lotutako erantzukizunak soportatzen eta norbait hilko zuen beldur zelako.[1]
Argazkigintzarekiko grina mutil-lagunak argazki-makina bat oparitu zionean deskubritu zuen. Floridara joan zen 1980an, Argazkigintzako zientzia aplikatuetan prestatzeko diploma bat pasatzera, Art Institute of Fort Lauderdale ikastetxean. Walter Michotek, bere irakasle eta Miami Heraldeko argazkilari esperientziadunak, fotokazetaritzara lotu zuen.[2]
Erizaintzan egin zituen ikasketak ez ziren alferrekoak izan. 2001ean, Northamptonen, ikastetxea omenaldia egiten ari zitzaiola, adierazi zuen erizain-ikasketek “giza sufrimendua ulertzen eta izugarri sentibera izaten lagundu ziotela. [Berak badaki] hondo hori gabe, bere argazkiek beste itxura bat izango zuketela».
Carol Guzyk Miami Heralden hasi zuen ibilbidea, non bi praktikaldi egin baitzituen ikasten ziharduen bitartean.
1985ean, Kolonbiara bidali zuten Michel du Cille-rekin, Nevado del Ruiz sumendiaren erupzioaren ondorioen eta Armero hiria irentsi eta 20.000 pertsona baino gehiago hil zituen galda lohitsuen berri emateko. Erreportaje horri esker, uneko argazkiaren (spot news) lehen Pulitzer saria irabazi zuen egunkariak.[3]
1988an, Jonathan Utz United Press International eta Agence France-Presse agentzietako argazkilariarekin ezkondu zen. Miami Herald utzi zuen Washingtonera joateko. Han, berehala sartu zen Washington Post egunkariko taldean, Nancy Andrews, Lucian Perkins eta Michael Williamsonen ondoan. Haitiri buruzko berriak ematen hasi zen, hauteskundeen ondoren gertatutako indarkeria eta istilu politikoak zirela eta. 1995ean, bigarren Pulitzer saria eta Visa pour l'image-eko Urrezko Bisa jaso zituen, tropa estatubatuarren esku-hartzeari eta Jean-Bertrand Aristiden lehendakaritzako inbestidurari buruzko lanagatik.[4][5]
1999an, Kubánovoko akordio militar eta teknikoak milaka pertsona behartu zituen Kosovo hamaika egunetan uztera.[6] Carol Guzyk, Michael Williamson eta Lucian Perkinsekin batera, errefuxiatu hauen zoriaren berri eman zuen. Haien argazki batekin 2000ko Pulitzer Saria irabazi zuten: bi urteko Agim Shala ageri da gurasoen besoetatik aitona-amonenetara igarotzen Albaniako Kukes kanpamentuko hesi arantzadunen gainetik.[7]
2010ean, Haitira itzuli zen, Nikki Kahn eta Ricky Cariotirekin, uhartea suntsitu zuen lurrikararen ondoren. Erreportajea hondamendiak eragindako oinazearen eta etsipen handiaren isla da, eta, ondoko urtean, beste Pulitzer Sari bat irabazi zuten.[8][9]
2018an, Robert Capa urrezko domina jaso zuen, aparteko balioa eta enpresa-espiritua eskatzen duen argazkia ohoratzen duena, Estatu Islamikoaren aurkako gerrak Irakeko Mosuleko zibilengan izan zituen ondorioak dokumentatzeko egindako ahaleginagatik.[10]
Carol Guzyk hauek hartu zituen argazkitan, besteak beste: New Yorkeko suhiltzaileen lana 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren; gosea Etiopian; gerra zibilak Somalian, Sierra Leonan eta Ruandan, eta baita Andrew urakanaren ondorioak ere Floridan.[11]
Bere lanak, besteak beste, National Geographic, CBS News, The Wall Street Journal edo ESPN kazetek argitaratu zituzten.[12][13][14][15]