Carolina Bescansa | |||||
---|---|---|---|---|---|
(2015) | |||||
2016ko uztailaren 13a - 2019ko martxoaren 5a Barrutia: Madril Hautetsia: 2016ko Espainiako hauteskunde orokorrak
2016ko urtarrilaren 8a - 2016ko uztailaren 19a Barrutia: Madril Hautetsia: 2015eko Espainiako hauteskunde orokorrak | |||||
Bizitza | |||||
Jaiotzako izen-deiturak | Carolina Bescansa Hernández | ||||
Jaiotza | Santiago de Compostela, 1971ko otsailaren 13a (54 urte) | ||||
Herrialdea | ![]() | ||||
Hezkuntza | |||||
Heziketa | Madrilgo Complutense Unibertsitatea doktoretza Granadako Unibertsitatea University of San Diego (en) ![]() | ||||
Hizkuntzak | gaztelania galiziera | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | politikaria, soziologoa, politologoa eta unibertsitateko irakaslea | ||||
Enplegatzailea(k) | Madrilgo Complutense Unibertsitatea | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Alderdi politikoa | ![]() ![]() | ||||
![]() ![]() ![]() |
Carolina Bescansa Hernández (Santiago de Compostela, 1971ko otsailaren 13a) galiziar soziologo, politologo, unibertsitateko irakaslea eta politikaria da. Podemosen sortzaileetako bat izan zen eta [1] Kongresuan diputatu izan da Madrileko hautesbarrutia ordezkatuz XI. eta XII. legegintzaldietan.[2] Podemoseko zuzendaritzatik urrundu zen Más País-Equo koalizioari atxikitzeko. Alderdi horren Coruñako zerrendaburu izan zen 2019ko hauteskunde orokorretan baina ez zuen aulkirik lortu.
Hemezortzi urte zituela, Bescansa Granadara joan zen Soziologia eta Zientzia Politikoak ikasteko.[3][4] Bere ikasketak Madrilen jarraitu zituen eta bertan Zuzenbide konstituzionalean eta Politika Zientzian espezializatu zen. 1999-2000 ikasturtean nazioarteko ikasketa-programa bat gauzatu zuen San Diegoko Kaliforniako Unibertsitatearen Soziologia Sailean. 1995ean Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean hasi zen eskolak ematen eta gaur egun hango Zientzia Politikoko eta Soziologiako Fakultateko Metodologia irakaslea da.
Carolina Bescansak, Pablo Iglesiasek eta Juan Carlos Monederok Podemos erregistratu zuten alderdi politiko gisa 2014ko martxoaren 11n. Partehartze horrek Bescansa alderdiaren sorrerarekin lotzen badu ere, honek formalismo huts bat izan zela adierazi du behin baino gehiagotan.[3]
2014ko Europako hauteskundeen ondoren, Carolina Bescansa maizago agertu zen alderdiaren ekitaldietan eta telebistako solasaldietan.[5] 2014ko azaroaren 15ean, Podemosen Herritarren Batzarraren harira, Carolina Bescansa hautatu zuten Herritarren Kontseiluko (alderdiaren zuzendaritzako) kide, botoen %85 eskuratuta. Hala, Podemosen ordezkaritza-erantzukizun handiena zuen emakumea bihurtu zen.[6][7]
2015eko hauteskunde orokorretan Podemoseko zerrendaren bigarren postuan aurkeztu zen Madrilgo hauteskunde-barrutian eta aulkia lortu zuen.[8] Gorte Nagusien eraketa-egunean, Diputatuen Kongresuko lehendakaritzarako hautagai izango zela iragarri zuen eta PPk, PSOEk eta C’sek itaundutako hautagaiaren aurka lehiatu zen, hots, Patxi López euskal lehendakari ohi sozialistaren kontra.[9] Bozketan 71 diputaturen babesa lortu zuen (Podemosen 69 eta Izquierda Unidaren 2 diputatu), baina ez ziren nahikoak izan Lópezek lortutako 130 diputatuak gainditzeko (PSOEren 90 eta Ciudadanosen 40 diputatu).[10]
2016ko apirilean, Bescansak salaketa bat jarri zuen Federico Jiménez Losantos irrati-kazetariaren aurka Bescansak Kongresuko saio batera bere haurra eraman zuenean berri-emaileak jaioberria drogatuta zegoela esan baitzuen.[11] 2017ko irailean Losantosen aurkako demanda irabazi zuen Becansak: kazetariak eta bere komunikabideak 10.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zituen epaileak «ohorearen eskubidean legez kanpo sartzeagatik».[12]
Podemosen II. Herritar Batzarra baino egun batzuk lehenago, Bescansak Podemoseko Analisi Politiko eta Sozialeko idazkari kargua utzi zuen. [13]2018ko urrian, Galiziako Podemosen hirugarren batzarrean, Antón Gómez-Reinoren aurka egin zuen lurraldeko idazkaritza nagusiaren buru izateko: 1400 puntu eskuratu zituen (botoen %45,02) eta Gómez-Reinok aurrea hartu zion 1710ekin (%54,98).[14][15] Podemoseko zuzendaritzatik urrun, Bescansa izendatu zuten Más País-Equo koalizioaren Coruñako zerrendaburu izateko 2019ko azaroko hauteskunde orokorretan[16] baina eta ez zuen aulkirik lortu.