Cecilia Mangini | |
---|---|
(2020) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Mola di Bari, 1927ko uztailaren 31 |
Herrialdea | Italia |
Heriotza | Erroma, 2021eko urtarrilaren 21a (93 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Lino Del Fra |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | argazkilaria, gidoilaria, dokumentalista eta film-zuzendaria |
Cecilia Mangini (Mola di Bari, 1927ko uztailaren 31 – Erroma, 2021eko urtarrilaren 21a) zinemagile dokumentalista, gidoilaria eta argazkilari italiarra izan zen. Zinema dokumentalaren aitzindaritzat eta ez-fikziozko zinema italiarraren erreferentetzat jo zen, eta salaketa soziala ardatz hartuta egindako lanagatik nabarmendu zen. Gerra osteko Italian dokumentalak filmatu zituen lehen emakumea izan zen.[1] Horien bidez, Italiako historiaren hogeita hamar urte kontatu zituen.
Cecilia Mangini Mola di Barin, Apulian, Italiako hegoaldeko nekazaritza-eskualde pobre batean jaio zen. Jatorri-nahasketa zuen familia batekoa zen: aita sozialista zen eta amak noblezia-titulua zuen.[2] Txikitatik bizi izan zituen kontrasteak: aitaren lurra, miseriak markatutako Apulia, eta amarena, Toskana aberatsa. Manginik atzean utzi zuen bere hezkuntza faxista, eta ezkerrean kokatu zen, gero anarkista gisa bere burua etiketatuz. Bere ikuspegi politiko eta sozialak markatu zuten bai dokumentaletan bai argazkigintzan egin zituen lanak. Manginik bere dokumentalak libertariotzat definitu zituen, gizarte-desberdintasunetan arreta jarriz eta erlijio-sustrai sakonak zituen gobernu kontserbadore bati aurre eginez. Bere ideia politikoek eta nortasun errebeldeak zentsurari aurre egiteaz gain, emakumeek gizonen munduan duten paperari ere aurre egin zioten.[2]
Sei urte zituela, 1933an, Ceciliaren familia, krisi ekonomikoak jota, Florentziara joan zen bizitzera. Han, eskolan, faxismoari zin egin zion Cecilia Manganik. Hala ere, zinema aurkitu zuen zirkulu zinematografikoetan. Zirkulu horiek erregimen faxistak ezartzen zituen, gazteak erakartzeko propaganda-tresna gisa.
1952an, Cecilia Manginik lehen argazki-erreportajea egin zuen Liparin. Apar-harrizko harrobietan lan egiten zuten pertsonen aurpegiak, eskulanaren keinuak eta gorputzak erregistratu zituen.
1956an eta 1957an bi argazki-serie egin zituen Rotosei aldizkarirako, Elio Vittoriniren eta Riccardo Bacchelliren istorioei jarraituz Milanen. Tradizioz eta modernitatez banatutako Italiaren argazkiak atera zituen, gerraosteko eremu irekiko fabrikek irudikatuta.[3]
Dokumentalean egin zuen lehen lana Pier Paolo Pasoliniren testuekin egin zuen. Gero, Ignoti allacittà (1958) dokumental bihurtu zen. Lan horrek emakume izateagatik espero zen paperari egin behar zion aurre, eta zalantzan jartzen zituen, aurka eginez, Italiako gobernuaren zentsura eta garaiko konbentzionalismoak.[2] Erromako kanpoaldeko aldiriak eta Pier Paolo Pasolinik Le Ragazzi di Vita eleberrian isladatutako gazte alferrak filmatu zituen. Delinkuentzia bultzatzeagatik zentsuratu zuten dokumentala.[4] Pasolinirekiko lankidetza geroago zabaldu zen Stendali (1960) eta La canta delle marane (1961) lanekin.
Mangini izan zen neorrealismoaren bultzatzaile ziren zinegileen taldeko emakume bakarra Giuseppe Ferrara, Gianfranco Mingozzi, Luigi Di Gianni eta Lino del Frarekin.
1959an, Maria ei Giorni dokumentalean, Cecilia Manginik Pugliako jaioterriko emakume nekazari baten erretratua egin zuen.
1959an Stendali zuzendu zuen. Testua Pier Paolo Pasolinik idatzi zuen, grikoko olerki herrikoiekin, Salentoko eskualdean hitz egiten den dialekto batekin, antzinako grekoaren herentzia. Film horrek dolu erritu bat erakusten du.[5]
1962an, Cecilia Manginik, Lino Del Frak eta Lino Miccichék All'Armi, Siam Fascisti! dokumentala egin zuten (1962) erregimen faxisten ikusizko propagandatik ateratako artxiboetatik eta horien elizarekin bat etortzetik abiatuta. Filma gaitzetsi egin zuten Vatikanoaren eta Bénito Mussoliniren erregimen faxistaren arteko harremana erakutsi eta salatzeagatik. Bi urte geroago, Essere donnek (1965) Italiako emakumearen egoera kontatzen zuen lehen film dokumentala aurkeztu zuen.[1]
1960ko hamarkadan bere lana esperimentalagoa izan zen. Divino Amoren (1964), Manginik baserritarrak filmatu zituen gaueko prozesio batean, eta gero metrajea thriller bat balitz bezala muntatu zuen. La passione del granon (1963), Basilikatako nekazariek uzta ona izan zedin herriko herritar batek interpretatzen zuen ahuntza sinbolikoki hiltzeko erabiltzen zuten erritua filmatu zuen.[6]
2020an egin zuen azken lana, Due scatole dimenticate – un viaggio in Vietnam dokumentala Paolo Pisanellirekin batera zuzenduz. Sevilla 2020 Europako Zinemaldian aurkeztu zuten. Bertan, bere film laburretako dozena bat proiektatu ziren, eta, gainera, formatu birtualean antolatu zen Espainian egin zuen argazki-lanaren lehen erakusketa. Bertan, hondatuta zegoen Italia baten irudiak eta gerraren ondorengo berreraikitzearen irudiak zeuden, baita Mussoliniren heriotza eta Fellini, Pasolini edo Chaplinen erretratuak ere.[6]
Lino del Fra zinema-zuzendari eta gidoilariarekin ezkonduta egon zen, eta hainbat alditan lagundu zion.[7]
2011n, Non c’era nessuna Signora a quel tavolo dokumentala. Il Cinema di Cecilia Mangini (64'), zinemako eta zinemarako bizitza baten kontakizuna da; Cecilia Manginiren historia da, dokumentalista, argazkilaria, intelektuala, Italiako historiaren hogeita hamar urte kontatu dituena. Barletti eta Conte dokumentalean, Italiako boom ekonomikoaren irudiak, dramak eta bizitasuna kontatzen dira. Italiako historiaren zati bat, zinemaren eta kultura italiarraren denboraldiko protagonistetako baten helburuaren bidez ikusia.