Chlamydia trachomatis | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Pseudomonadati |
Filuma | Chlamydiota (mul) |
Klasea | Chlamydiia |
Ordena | Chlamydiales |
Familia | Chlamydiaceae |
Generoa | Chlamydia |
Espeziea | Chlamydia trachomatis Rake, 1935 |
Datu orokorrak | |
Gaixotasuna | Trakoma, linfogranuloma benereoa, Klamidiasia eta inclusion conjunctivitis (en) |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Chlamydia trachomatis Chlamydia generoko bakterio patogenoa da, trakoma eta klamidiasi gaitzak, besteak beste, eragiten dituena.
Zelula barneko parasito hertsia da, eta gizakia besterik ez du infektatzen.
1907an deskribatu zen lehenbizikoz, Chlamydia generoko lehenengo mikrobio identifikatua izanik [1]
Koko Gram negatibo txikia da, bakterioen artean txikienetariko bat izanik (0,3-1 mikra). Espezie honek serotipo desberdinak ditu, eta ohikoa da kromosomaz kanpoko plasmido bat edukitzea.
Bizi-ziklo berezia du mikrobio honek, bi zelula mota baitaude: funtsezko gorputz deritzona (partikula infekziosoa) eta gorputz erretikularra (zelula ostalariaren barnean agertzen dena). Funtsezko gorputza txikia da, zelulatik kanpo dago eta infektatzeko ahalmena du; gorputz erretikularra, aldiz, handiagoa da, zelula barnean dago eta ez du infektatzeko ahalmenik. Funtsezko gorputzaren aldean, gorputz erretikularrak erdibiditzeko gaitasuna du [2].
Bere tresneria biokimikoa mugatua da, eta zelula ostalariaren menpe dago molekula asko lortzeko (ezin du molekula batzuk sintetizatu). Hori dela-eta, zelula barneko parasitoa da.
Chlamydia trachomatis-ek tropismo berezia du, begietako eta traktu urogenitaleko mukosentzako lehentasuna edukiz.
Trakoma da gizakiaren itsutasunaren eragile nagusia. Infekzioak begiak kaltetu eta ikusmena mugatzen dituen orbain gaiztoak sortzen ditu. Afrikan eta Asian gaitz honek hondamen handiak egiten ditu.
Klamidiasiak harreman sexualen bidez hartutako traktu urogenitaleko infekzioak dira. Infekzio hauek askotan sintomarik gabekoak dira, gizonezkoengan zein emakumezkoengan [3]. Sexu-transmisiozko gaixotasunen artean klamidiasia ohikoena da munduko herrialde askotan, eta emakumeengan antzutasuna eragin dezake [4].
Bakterio patogenoa identifikatzeko prozedura ezberdinak daude: mikroskopioa (kultibatzen diren zeluletan gorputz erretikularra ikusiz), antigorputz monoklonalak erabiliz (zelula mintzaren antigeno espezifiko batzuekin erreakzionatzen dutenak) edo biologia molekularraren tresnen bidez (PCRren bidez, esaterako).