Choia | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Porifera |
Klasea | Demospongiae |
Ordena | Protomonaxonida (en) |
Familia | Choiidae |
Generoa | Choia [[|]] |
Choia Kanbriar eta Ordoviziar garaietan bizi izan zen belakien genero bat da[1], gaur egun iraungita dagoena. Hainbat espezie ezagutzen dira. Duela 505 milioi urte inguru agertu zen.
Charles Doolittle Walcott paleonologo amerikarrak 1920 urtean aurkitu zuen Burgess Shale aztarnategian (Kanada) eta Choia cartieri izena ezarri zion[2]. Choia izenaren jatorria ez da ezagutzen, agian cholla izeneko kaktusaren antzekotasunagatik emango zion izena, cartieri aldiz H. J. Carter naturalistaren omenez ezarria da, XIX. mendeko belaki hexactinelidoen espezialista handena izan zen Carter.
Lehenago 1896 urtean John William Dawson geologoak aurkitua zuen fosil bat ere Choia generokoa zela ikusi zen.
Planetako hainbat aztarnategitan aurkitu dira Choiaren hainbat espezie, Burgess Shalez gain, Maotianshan Shales (Txina), Wheeler Shale (Utah, AEB) eta Fezouata formazioan (Maroko[1]) besteak beste.
Bi zentimetroko diametroa zuen disko eliptiko zapal bat zen eta gorputzetik 3 zentimetro ateratzen ziren espikula erradialak zituen[3]. Espikula hauek gogorrak ziren, silikatoez osaturik zeuden. Choia ridleyi espeziea txikiagoa zen, 1'5cm ingurukoa, Choia hindei berriz handiagoa, 8cm ingurukoa.
Hasiera batean gorputz konikoa izango zuela uste izan zen eta zoruan iltzaturik egon gabe sustratuaren gainean kokatuko zela. Marokon berriki aurkitu diren fosilek ordea lurrari espikula luze batzuez itsatsita zegoela erakutsi dute eta animalia bera altuera batean kokaturiko diskoa zela[4]. Espikula erradialen zentzuan ura hartu eta erdialdeko zulotik botatzen zuen, gaur egungo belakien antzera, uretan dauden materia organikozko partikulak eskuratuz[3].
Belaki silizeoen taldean sartzen da, Hexactinellida klasean hain zuzen ere. Hainbat espezie aurkitu dira: