Cooper's Hill Cheese-Rolling and Wake | |
---|---|
![]() | |
Mota | urteroko gertakizun ekitaldi kulturala |
Kokaleku | Cooper's Hill (en) ![]() |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Cooper's Hill Cheese Rolling and Wake lasterketa berezi bat da, Ingalaterrako Cotswolds eskualdean (Cheltenham herritik eta Gloucester hiritik hurbil) urtero maiatzean jokatua. Lasterketaren idatzizko aipamenik zaharrena 1826. urtekoa da;[1] hala ere, ordurako tradizio luzea zuen, eta uste da gutxienez 600 urte dituela.[2] Gaur egun, mundu osoan famatu da, eta Australiako, Belgikako, Kanadako, Egiptoko, Alemaniako, Japoniako, Zeelanda Berriko nahiz Ameriketako Estatu Batuetako irabazleak izan ditu.[3][4] Lasterkariek Cooper's Hill menditik maldan behera pirritan joaten uzten duten Double Gloucester motako gazta baten atzetik korritu behar dute. Helmugara iristen den lehenak gazta irabazten du. Teorian, lasterkariek gazta harrapatu behar dute, baina eskuarki ez da halakorik gertatzen, gaztak orduko 70 miliako (113 km/h) abiadura har dezakeelako.
Ohitura honek gutxienez 200 urte ditu. Gainera, erromatarren garaian egiten zen erritu sendagarri paganoa dela iradoki izan da, baina ez dago horren ebidentziarik.
The Cheese Rollers izena du, berebat, Shurdingtonen dagoen pub batek, Cooper's Hilldik 3 milia ingurura kokatua. Lasterkariak hor bildu ohi dira lasterketaren aurretik, alkohola edateko edo taktikez hitz egiteko; bai eta lasterketa ondoren ere, indarberritzeko.