Daifuku | |
---|---|
mochi eta wagashi | |
Osagaiak | arroz likatsua eta ankoa |
Historia | |
Jatorria | Japonia |
Daifuku (大福, "zorte handia") edo daifukumochi (大福餅) japoniar sukaldaritzako gozopil bat da, mochi txiki eta biribil batez osatua eta betegarri batekin, gehienetan ankoz.
Barietate asko egiten dira, bai kolore aldetik, bai betegarri aldetik. Ohikoena mochi zuria, berde argia edo arrosa argia da, ankoz betea. Bi tamainakoak izaten dira, bata txikia (4 cm) eta bestea eskukada neurrikoa. Barietate batzuek fruta zatiak edo osoak dituzte (marrubiak esaterako), fruta eta anko nahasketak edo meloi birrinduzko orea. Ia daifuku guztiak arroz-irinez edo arto-fekula geruza fin batez estaltzen dira, elkarren artean edo hatzei ez itsasteko. Nahiz eta mochitsuki izan daifukuak egiteko metodo tradizionala, mikrouhin labean ere egin daiteke[1].
Osagai nagusia mochi izanik, Mendebaldean izen horrekin ezagutzen da gehien bat, baina ez da zuzena.
Hasieran, harabuto mochi (腹太餅, "sabel-lodi mochi") esaten zioten daifukuari, barrubetea zegoelako. Geroago, izena daifuku mochi bihurtu zen (大腹餅, "sabelhandi mochi"). Fuku (腹, "sabel") eta fuku (福, "zorte) japonieraz berdin ahoskatzen direnez, izena daifuku mochi formara aldatu zen geroago ("zorte handiko mochi").
Txinatarrek, tradizionalki, arroz likatsu bolak jaten dituzte azukiz edo sesamoz eta melazaz barrubeteak, tangyuan zopetan sartuak. Bola horiek ilargiaren biribiltasuna gogorarazten dute, eta usadioz gauargien festan jaten dira, txinatar ilargi egutegiko urteberri-egunean, zeinetan linterna hegalari mulkoak askatzen baitira zeruan urte berrirako zorion-ekarle gisa. Tradizio hau, Korean ere egiten dena, jada ez da Japonian egiten, ilargi-egutegiko jaiak kendu eta eguzki-egutegiko baliokideak ezarri baitira.
Zopa honen antzekoa da Japoniako oshiruko (善哉) arroz likatsu gozoa, nahiz eta zōni (雑煮) bertsio gazia ere badagen. Era berean, zopa horietako opilak lehorrak ere jaten dira orain, arroz-irinez edo, bakanago, sesamoz hautseztatuta, daifukua itsats ez dadin, tangyuan zoparekin gertatzen den bezala uretan irakin ondoren.
XVIII. mendearen amaierarako, daifukua ospea hartzen ari zen, eta jendea txigortua jaten hasi zen. Batzuetan zeremonia-oparitzat ere erabiltzen ziren[2].