David George Crighton (Llandudno, Gales, 1942ko azaroaren 15a - Cambridge, Ingalaterra, 2000ko apirilaren 12a) galestar matematikaria izan zen.
Cambridgeko St John's Collegen sartu zen, 1961ean. Ikasketak 1964an bukatu zituen, eta Woolwich Polytechnicean eskolak ematen hasi zen. John Fowcs Williams matematikaria ezagutu zuenean, lana utzi eta ikerlanean hasi zen harekin, Londresko Imperial Collegen. Williamsen laguntzaile izateaz gainera, doktorego-ikasketak ere egin zituen urte horietan. Hala, 1969an bukatu zuen doktoregoa, eta Imperial Collegen gelditu zen, bost urte geroago Cambridgeko Unibertsitateko Ingeniaritza Saileko ikerketa-laguntzaile izendatu zuten arte.
Crightonen lehenengo artikulua, Radiation from turbulence near a composite flexible boundary, 1970ean argitaratu zen, Londresko Errege Elkartearen Proceedings aldizkarian. Artikulu horretan, bi plano erdi infinitu malguk sortutako gainazal eten batetik jariakin zurrunbilotsu bat igarotzen denean sortzen diren soinu-uhinak aztertu zituen, eta, eredu matematiko bat emanez, arazoa bi ekuazio ebaztera murriztu zuen. Nahiz eta 1974an Cambridgeko Ingeniaritza Sailerako hautatu, ez zuen postu hura onartu, Leedseko Unibertsitateko Matematika Aplikatuetako katedra lortu baitzuen.
1986an Batchelorrek Cambridgen utzitako matematika aplikatuetako irakasle postua bete zuen. Urte horietan St John's Collegeko kide hautatu zuten, eta 1991n Cambridgeko Matematika Aplikatu eta Fisika Teorikoko Saileko buru ere izendatu zuten. 1993an Errege Elkarteko kide egin zuten. Crightonek matematika aplikatuen arloa landu zuen gehienbat; bereziki, hegazkinen soinuaren kontrolean erabili zituen bere ideia matematikoak.