David Hare (St Leonards-on-Sea, Ekialdeko Sussex, Ingalaterra, 1947ko ekainaren 5a) britainiar antzerkigile eta zuzendaria da. Antzerki lan asko idatzi ditu, eta lan horietako askotan gogor kritikatu du britainiar gizartea.
Ingeles filologiako ikasketak egin zituen Cambridgen. Ikasketak bukatuta, zinema konpainia batentzat lan egin zuen eta antzerki talde ibiltari eta esperimental bat sortu zuen: Portable Theatre Company. Aldi berean Royal Court Theatren lan egin zuen, literatura zuzendari gisa (1969-1970) eta antzerkigile gisa (1970-1971). 1972an Portable Theatre Company konpainiak porrot egin zuelarik Notthingham Playhousen hasi zen lanean antzerkigile gisa. Gero beste antzerki talde bat sortu zuen, David Aukin eta Max Stafford-Clarkekin batera: Joint Stock Theatre Group. Talde horretako zuzendari izan zen 1975-1980 bitartean.
Hareren antzerki lanetako askok eduki politiko handia dute, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoko ingeles gizartea kritikatzen dute. Pertsonaiak ere, askotan, mundu postmodernoak desliluratu edo usteldutakoak dira. Halaber, askotan azaltzen ditu bere lanetan sexu errepresioa eta instituzio tradizionalen hustasuna. Racing Demon lanean adibidez, Ingalaterrako Elizaren hutsaltasuna eta hipokrisia salatu zituen apaiz homosexual baten pertsonaiaren bitartez. Antzerki lan aipagarrienak dira:
Antzerkia ez ezik zinema ere landu du. 1982an Greenpont Films konpainia sortu zuen eta Wetherby (1985) eta Strapless (1989) filmak idatzi eta zuzendu ditu. Plenty (1985), Paris by Night (1989), eta Damage (1992) filmak ondu ditu, eta 1993an The Secret Rapture zinemara moldatzen lagundu zuen.
Artikulu hau Ingalaterrako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |