Den skyldige (euskaraz: «Erruduna») 2018ko Gustav Möller daniar zinema zuzendariaren thriller filma da, eta zuzendari horren opera prima da.
2018ko Sundanceko Zinemaldian estreinatu zen.[1]
Filma oso berezia da, oso-osorik larrialdi-deien zentro baten mugen barruan garatzen den drama bat delako. Jakob Cedergren da Asger Holmen rol nagusian. Kopenhageko polizia-ofizial bat da Holm, larrituta dagoena. Polizia moduan aritzen zela gazte bat hiltzeagatik entzunaldi judizial bat du zain. Bere ohiko lan-zerbitzutik baztertuta, 112 larrialdi-dei zerbitzura bidali dute. Filmaren tentsioa eta drama, ia-ia osorik, Asger Holmek telefono bidez egiten dituen elkarrizketen bidez transmititzen dira, maisuki.
Denboraldi baterako bere polizia kargutik aldendu duten ofiziala da Asger Holm protagonista. Aldi baterako 112ko emergentzia-zerbitzu baten operadore izendatu dute, eta oraindik bere zeregin berrira egokitzen ari dela, emakume beldurtu baten deia jasoko du, baina deia eten egiten da bat-batean. Hasieran zalantza eta kezka nagusituko badira ere, berehala ohartuko da telefonoz bestaldekoa bahiturik dagoen emakume bat dela, eta haren bilaketari ekingo dio buru-belarri. Zentralitako mahaia ez den bestelako baliabiderik gabe, eta denbora aurka duela, emakumea aurkitu beharko du, bere lankideekin batera. Delitua berak uste baino larriagoa dela jarriko zaio agerian.[2]