Geologian, diapiroa arroka arinek beste arroka astunagoen artean goratuz sortzen den egitura geomorfologikoa da, lur azalean domo itxurako egiturak nahiz mendiak sorraraziz. Diapiroko nukleoa gatz, igeltsu, buztin eta dentsitate txikiko arrokek osatzen dute, inguruko arroken presio litostatikoz goratu direnak milioika urtetan zehar. Gehienetan, diapiroak Triasiko garaikoak dira. Euskal Herrian, Gipuzkoako San Marko-Txoritokieta, Gernikako diapiroa, Arabako Murgiako diapiroa eta Nafarroako Ollarango diapiroak daude, besteak beste.
Diapiroak egitura intrusiboak dira, dentsitate txikiko material oso plastikoak (gatzak), gainetik dituzten geruza dentsoagoak zeharkatu eta deformatzen dituztenak. Zeharkatze prozesu honi diapirismo deitzen zaio. Bi motatako materialek sor ditzakete diapiroak: arroka ebaporitikoek eta igneoek. Egitura diapirikoak oso ondo ezagutzen dira duten balio ekonomikoagatik: gatz ustiapenaki eta petrolioa nagusiki.
Gatz deposituak sakonera txikiko arro sedimentarioetan sortzen dira lurrunketa- tasa handiagoa denean arroak jasotzen duen ura baino. Honela gatz mineralak prezipitatzen dira. Klima idorreko eskualdeak izaten dira. Normalean ertz pasiboetako (bi plaka tektonikoren ertzak paraleloki mugitzen direnean) arro sedimentarioetan ematen dira.
Arroka ebaporitikoak inkonpetenteak eta dentsitate baxuko materialak dira. Beste arroka sedimentarioek berriz konpententzi eta dentsitate altuagoa erakusten dute eta joera plastikoan jariatu ordez normalean jokaera hauskorra daukate.
Diapiroak materialen dentsitate desberdintasunagatik sortzen dira, hau da, dentsitate baxukoak altukoen azpian aurkitzen direnean. Adibidez; halitak (material ebaporitikoa) 2.16 gm/cm3 dentsitatea du eta arroka sedimentarioek 2.5 gm/cm3.
Bi baldintza nagusi behar dira diapirismoa emateko. Alde batetik, geruza sedimentarioen oinean geruza ebaporitikoak aurkitu behar dira, non ebaporitikoak sakonera eta tenperatura handiago batetara aurkituko diren. Ondorioz beraien jokaera moldakorragoa izango da. Beste alde batetik arroka sedimentarioen geruza segida lodiak (1000m) izan behar dira.
Dentsitate aldaketa baten existentzia ez da nahikoa prozesua hasteko. Beharrezkoa da gatzak norabide finko batean jariarazteko eta eremu batean kontzentratzeko faktore bat egotea, adibidez gainean dituen arroketan hetereogeneotasun bat egotea edo indar tektonikoak egotea.
-Kuxin etapa
Material ebaporitikoa konkordante dago estalkiarekiko (geruzapenarekiko paralelo).
Material ebaporitikoak horizontalean migratu egiten du desorekak eraginda, etorkizunean diapiroaren zentrua izango den eremurantz, domo leun bat eratuz eta ertzetan hutsune bat utziz. Hutsune horretara sedimentu gehiago heltzen da. Material ebaporitikoak migratzen jarraitzen duen heinean, sedimentazioak jarraitzen duenez, ertzetako karga handituz doa denborarekin, eta diapiroa geroz eta gehiago goratzen da.
Prozesu hau errepikatu ahala, domoaren goiko aldeak gaineko materialei gero eta presio altuagoa eragiten die apurtzen hasten diren arte.
-Etapa intrusiboa
Domoak eragiten duen presioa igo ahala estalkiko zartadurak zabaldu eta material ebaporitikoa hauetan sartzen hasten da, aldi berean zartadura planoekiko presioa perpendikularki eragiten eta orban hauek gehiago zabalduz, eta honekin ebaporita gehiago sartuz.
Material ebaporitikoak bertikalean mugitzen dira, estalkia zulatuz eta lekua duen tokietatik horizontalean zabaltzen da azken etapan.
Diapiroen geometria bi faktoreren araberakoa da: moldakortasuna eta arroka ostalariaren anisotropia, eta diapiroaren eboluzio maila. Bi mota daude:
-Konkordanteak (geruzapenarekiko paralelo): Gatz domoa (kuxin forma) eta gatz antiklinala.
-Diskordanteak (geruzapena moztuz): Gatz horma, Gazt Stockwork-a (txanpinoi forma), zilindro forma, gatz glaziarrak eta abar.
-Tolesak: domo egitura sortzen doan bitartean gaineko geruzak okertzen eta tolesten doaz. Ebaporitek toles-geometria komplexuagoak erakusten dituzte.
-Failak: domoak eragindako goranzko presioak estalkia failatzen du, faila erradialak eta kontzentrikoak, diapiroaren zapaian (kuxin etapa). Estentsioaren eraginpean. Alderantzizko failak etapa intrusiboan.
-Cap rock: diapiroaren gaineko aldean kokatutako material iragazgaitzen pilaketa.
- Gatz glaziarrak: batzuetan diapiroak gainazaleratzean gainezka egin eta alboetara isurtzen hasten da gatzez osatutako glaziar bat bailtz bezala. Baldintza idorrak behar dira honetarako, disoluzio tasa baxuko eremuak.
Euskokantauriar Arroan dauden diapiroak arroan sortu ziren lehenetariko materialetatik datoz, Keuper faziesetik alegia (Triasikoan, 242-201 milioi urteen artean). Kolore gorriko buztinak izan ohi dira.
Euskokantauriar Arroan azaleratzen diren diapiroetako batzuk hauek dira: Murgia, Urduña, Lizarra, Agilar de Campoo eta Ozio besteak beste. Hala ere, badaude lurrazpian geratu diren batzuk: Navajo, Rojas, Ayoluengo eta abar.
Diapiro hauetako gatzak Erdi Arotik ustiatzen dira adibidez Gesaltza Añana (Araba), Leintz Gatzaga (Gipuzkoa) eta Poza de la Sal-en (Burgos).