Dogma 95 (Dogme’95, danieraz) 1995ean hasitako mugimendu zinematografiko abangoardista izan zen. Proposamena Europan eta “Danimarkako konplexuan” errotu zen, Lars von Trier eta Thomas Vinterberg-en eskutik[1]. Danimarkarrek Dogma 95 Manifestua eta dekalogo bat, Kastitate-botoa, idatzi zituzten, hain justu zinemak mendea bete zuenean 7. artea berpiztu, errotik eraldatu edota zenbait joerari kontrajartzeko asmoz.
Dogma 95en bilakaera hobeto ulertzeko, bere historia hiru garaitan bana daiteke:
Dogma mugimendua 1995eko martxoaren 13an iragarri zuten Parisen, Le cinéma vers son deuxième siècle hitzaldian. Zinemaren mundua filmen lehen mendea ospatzeko eta zinema komertziala deritzonaren etorkizun zalantzagarria ikusteko bildu zen. Bertan, Lars von Trierrek publikoa erakarri zuen, Dogma 95 iragartzen zuten panfleto gorriekin.
Dogma filmetako lehena Vinterbergen Festen (1998) izan zen. Kritikak txalotu zuen eta Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Cannesko Zinemaldian. Dogma #2 ere, Von Trierren Idioterne filma, Cannesen estreinatu zen urte berean, baina arrakasta gutxiago izan zuen. Geroztik, hainbat zuzendarik Dogmaren printzipioetan oinarritutako filmak egin dituzte[1].
Kristian Levring eta Soren Kragh-Jacobsen (daniarrak hauek ere) elkartu ziren, Dogma 95 Kolektiboa sortuz (Dogma Anaiak ere deitua). 2001an lehen emakumea batu zen: Lone Scherfig[1].
Dogma 2005ean erori zen, Kastitate-botoaren zenbait arau zehaztu gabe zeudelako eta hainbat zuzendarik arauak hautsi zituztelako[3][4].
Dekalogoaren helburu nagusia zinemaren esentzia edota teknologiak kutsatutako arima errealista berreskuratzea zen. Hain zuzen ere:
Kastitate-botoan zerrendatzen dira edozein filmek Dogma 95-en parte izateko bete behar dituen 10 baldintza edota murrizketak[5][6]:
Dogma filmen beste ezaugarrietako bat da proiektuaren benetakotasuna eta kalitatea bermatzen duen nolabaiteko “matrikula-zenbaki” edota ziurtagiri bat dutela. Zigilu hori filma baloratzen duten eta Kastitate-botoko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten epaileen batzorde batek ematen du.
Zerrenda osoa Dogma 95 web orrian dago ikusgai.
Generoak nazioarteko ospea lortu zuen, batez ere bere irisgarritasunarengatik. Zinemagile ezezagunengan interesa piztu zuen, Hollywoodeko aurrekontu handien menpe egon gabe ere kalitateko film bat egin daitekeela iradoki baitzuten.
Hala ere, mugimenduak hainbat kritika ere jaso zituen. Besteak beste, Jesse Richards zinemagile birmodernistak gogor kritikatu zuen mugimendua[7], bai eta Armond White film-kritikari estatubatuarrak ere, «zinema porno amateurra egitetik hurbilen jarri zuen manifestua» zela esanez[8].