Duoviri (singularrean duovir) edo duumviri edo duunviri (singularrean duumvir edo duunvir), "bi gizon" esan nahi du latinez, eta kargu publiko erromatar bat zen, administrazioko hainbat esparrutan agertzen zena eta bi gizonek osatua zegoena. Bi gizon horiek aginte maila berbera zuten, erromatar administrazioan boterea partekatzeko ohiturari jarraituz. Hiriak inperioaren bidez bere boterea eta bere administrazioa zabaldu zituenean, kargu mota hauek probintzietan kopiatu ziren.
Duunvir mota asko zeuden baina zabalduena eta ezagunena udal gobernuetan aritzen ziren duoviri iure dicundo izan ziren. Erromak menperatutako lurraldeetan zabaldu zuen munizipalizazioa ulertzeko modua islatzen dute; duunviratoak urte beteko iraupena zuen eta duunvirrek kolonietan eta municipium-etako udal gobernuetan lan egiten zuten[1] Curiales[oh 1]-ekin batera, hau da udal Curia-ko partaideekin. Ordo decurionum[oh 2]-eko parte ziren, eta duovir izatea ohore handia zen; ez zuten soldatarik jasotzen[2] eta hilarri askotako inskripzioan agertzen da aipatua, hildakoaren "cursus honorum" zerrendatzen denena. Paralelismo bat egin zen, hiriko Curia, Erroma hiriko Senatuaren antzekoa zen (berez, askotan, Curia ordez, "udal senatua" esan daiteke), udal curiales-ak, senatarien antzekoak eta duunvir-ak, Erromako kontsulen antzekoak.
Udal batzuen legeei esker ezagutzen ditugu haien eginkizunak. Barneko zein kanpoko lanak egiten zituzten. Barne-lanetan, legegintza- eta hauteskunde-batzarrak deitu eta zuzentzen zituzten, udal-jurisdikzioa eta finantzen administrazioa egiten zituzten. Kanpoaldeari dagokionez, probintziako aginte organoekin eta botere inperialarekin egin behar zen korrespondentzia administratibo eta juridikoaz arduratzen ziren, eta, bai eta beste herri batzuekin itunak sinatzeaz eta pertsona ospetsuak jasotzeaz.