Dyson (enpresa)

Dyson (enpresa)
Datuak
Motanegozioa, Enpresa pribatua eta enpresa
Jarduera sektoreahome appliance industry (en) Itzuli
HerrialdeaSingapur
Jarduera
Enplegatuak7.000 (2016)
Ekoizpena
Agintea
ZuzendariaJames Dyson
Egoitza nagusi
Legezko formaprivate company limited by shares (en) Itzuli
JabeaJames Dyson
Ekonomia
Diru-sarrerak4.400.000.000 £ (2018)
Historia
Sorrera1991
Sortzailea
SorlekuaMalmesbury
webgune ofiziala
Facebook: dyson Twitter: Dyson Instagram: dyson LinkedIn: dyson Youtube: UCiEDKBFjGOT-zdxU9RApxDA Edit the value on Wikidata

Dyson Ltd enpresa teknologiko britaniarra da. Xurgagailuak, esku-lehorgailuak, haizagailuak, berogailuak, garbigailuak eta ile-lehorgailuak diseinatu eta fabrikatzen ditu. 70 herrialde baino gehiagotan saltzen ditu bere produktuak, eta 7.000 pertsona baino gehiago ditu lanean mundu osoan zehar.

1974. urtean, James Dysonek Hoover Junior xurgagailu bat erosi zuen. Xurgagailua erabili ondoren, azkar trabatzen zela ikusi zuen. Are gehiago, denbora aurrera joan ahala, xurgapen-ahalmena galtzen zuen. Dysonek, zapuztuta eta xurgapena berreskuratu nahian, xurgagailuaren poltsa hustu zuen, baina honek ez zuen arazoa konpondu. Horrenbestez, xurgagailua aztertzen hasi zen, eta poltsa ireki eta hauts-geruza bat nabaritu zuen. Horrek xurgapena oztopatu eta makinaren lana eten egiten zuen. Makina soilik poltsa berri batekin aritzen zen ondo, eta denboran zehar xurgapena galtzen joaten zen. Horren ondorioz, garbigailu eraginkor bat garatzea erabaki zuen.

Geroago, zerratoki batera egindako bisita batean, Dysonek industria-zikloi handiek zerrautsa airetik nola kentzen zuten ikusi zuen. Gune industrialetan banatzaile zentrifugoak erabili ohi dira zikinkeria, hautsa eta zaborra biltzeko. Metodo hau ez zen erabiltzen xurgagailuetan, kostu handiak zirela eta. Hala ere, Dysonek hipotesi-printzipio horrek xurgagailu batean txertatuta funtzionatu zezakeela pentsatu zuen. Gauzak horrela, Hoover Junior xurgagailuko poltsa kendu, eta kartoizko zikloi batekin hornitu zuen. Gela garbitzen ari zela, aurreko xurgagailuak baino gehiago xurgatzen zuela igarri zuen. Horrela, poltsarik gabeko lehen xurgagailua asmatu zuen.

@Issue: Enpresa eta Diseinua Aldizkaria (Bol. 8, zk. 1) delakoaren arabera, bere inspirazio-iturria honako hau izan zen:

“Dysonek soluzioak ustekabeko iturrietan aurkitzeko joera zuen. Horrela bada, galdera hau egin zion bere buruari: zerratoki batean, zergatik erabiltzen da indar zentrifugoa 9,1 m-ko altueran zikloien bidez hondakinak ateratzeko? Eta ondorioa: ziklonizazioa erabiliz, hautsa banatu eta aire-korrontetik kanpo uzteko gai den xurgagailuak ez zuen poltsa zein filtroren beharrik izango.”


1979 eta 1984 urteen artean, Dysonek 5.127 prototipoen diseinuak garatu zituen. Lehenengo xurgagailu prototipoa, gorri eta urdin kolorekoa, arrakasta gutxikoa izan zen, ez baitzuen lizentziarik lortu ez Erresuma Batuan, ezta Ameriketako Estatu Batuetan ere. Izan ere, Hoover bezalako enpresek ez zuten baimenik eman nahi. Ziurrenik, xurgagailuek zeramaten poltsaren merkatuak, orduan 500m $ balio zuelako. Beraz, Dyson-en produktua haien etekinentzako mehatxu bat izan zitekeen.

Teknologia berri hartan interesa agertu zuen enpresa bakarra Dysonen enpresa ohia izan zen, Rotork. Xurgagailua ekoizteko, prozesu hau erabili zuten: xurgagailua Zanussi etxetresna fabrikatzaileak eraikitzen zuen Italian, eta Kleeneze-k saldu posta-zerbitzu bidez. Hala sortu zen Kleeneze Rotork Cyclon xurgagailua, Dysonek egindako lehen xurgagailu diseinua. 500 unitate soilik saldu zituen 1983an.

1985ean Japoniako enpresa batek, Apex Ltd. delakoak, Dysonen diseinu-lizentziarekiko interesa erakutsi zuen. 1986ko martxoan, Cyclonaren bertsio birlandua, G-Force izenekoa, produzitzen hasi zen, eta Japonian 2.000 $-eko prezioan (1.874 €) saldu zen. Japoniako apartamentu txiki batean erabiltzeko modukoa izateko, G-Force-ak mahai baten itxura har zezakeen, espazio-arazoak gutxitzeko. 1991n, Diseinuaren Nazioarteko saria irabazi zuen Japonian, eta haren ondorioz, erreferente bihurtu zen Japonian.

Japoniako lizentzia errentak erabiliz, James Dysonek Dyson Appliances Ltd. enpresa sortu zuen 1991. urtean. Dysonen izenean eraikitako lehen xurgagailua, DA-001a, Phillips Plastics enpresa amerikarrak produzitu zuen 200 £-tan (184 €) Wrexham-ko (Gales) instalazioetan. 1993ko urtarrilaren hasieran hasi ziren. Geroago, kalitate-kontrol arazoak zirela eta, Phillipsek kontratua berradostu nahi izan zuen, eta ondorioz, produkzio-akordioa eten egin zen 1993ko maiatzean. Bi hileko epean Dysonek horniketa-kate berria sortu zuen, eta produkzio-eraikuntza berri bat ireki Chippenhamen (Wiltshire, Ingalaterra). DA-001 xurgagailua berriro merkaturatu zuen, baina berehala, DC01 modelo berriak ordezkatu zuen.

Merkatu-ikerketek edukiontzi garden batek jendartean arrakastarik ez zuela edukiko erakutsi arren, Dysonek eta bere taldeak edukiontzi gardena egitea erabaki zuten. Baita asmatu ere, ezaugarri ospetsuena eta iraunkorrena izan baitzen. DC01ak 18 hilabete besterik ez zuen behar izan Erresuma Batuko xurgagailu salduena izateko. 2001ean, DC01a zutikako xurgagailuen merkatuaren % 47az jabetu zen.

Ondoren, konpainiak makina zilindriko bat aurkeztu zuen, DC02a, eta zenbait edizio berezi eta eredu eguneratuak ekoitzi zituen zenbaki bat erantsita: DC02 Absolutua, DC02 De Stijl, DC05, DC04, DC06 eta DC04 Zorbster. 2001eko urtarrilaren 2an, enpresaren izena Dyson Appliances Ltd. izatetik Dyson SL izatera igaro zen. Urte hartako apirilean, DC07a, zutikako xurgagailua berria, salgai jarri zen. 2009an, Dyson teknologia berriak garatzen hasi zen, produktu berriak sortzeko: the AirBlade lehorgailua, the Air Multiplier 'bladeless' fan eta Dyson Hot, the 'bladeless' fan berogailua, ea.

Dyson DC07 xurgagailua
Dyson Airblade

Produkzioa Malaysiara eta Singapurrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, Dyson produktuak (xurgagailuak soilik ez, garbigailuak ere bai) Malmesburyn (Wiltshire) egiten ziren. 2002an enpresak xurgagailuen produkzioa Malaysiara lekualdatu zuen. Lekualdatzearen arrazoiak azaltzerakoan, Dysonek honako hau adierazi zuen: konpainiak plangintza-baimena eskatu zuela, enpresa hazi eta xurgagailu-ekoizpena handitzeko, baina eskaerak huts egin zuela. Dena dela, bertako gobernuak dio horrelako baimenik ez zela inoiz eskatu. Dysonek erabili nahi zituen lurrak jabetza pribatukoak ziren, eta jabeak ez zituen lurrak saldu nahi. Gainera, hornitzaileak Ekialde Urrunean kokatuta zeuden. Dysonek produkzio-kostuak txikitzeko, ahalik eta hurbilen egon nahi zuen. Haren ustez, merkatu garrantzitsuenak Zeelanda Berria, Australia, Japonia, eta potentzialki, Ekialdi Urruna ziren. Dyson Wiltshireko enpresa-ekoizle handiena zenez, lekualdatze honek eztabaidak sortu zituen merkataritza-sindikalisten artean. Hauen arabera aldaketa honek bertako ekonomian eragin handia izango baitzuen.

Hurrengo urtean, garbigailuen ekoizpena Malaysiara eraman zuten. Lekualdatze hau produkzio-kostuek eragin zuten. Malaysian ekoizpen kostuak Britainia Handian baino % 30 baxuagoak ziren, eta 65 lanpostuen galera ekarri zuen.

2004an, Maiban-Dyson Laundry fabrikazio-lantegia ireki zuten Johor-en, (Malaysia). Dyson eta Maiban Group Ltd.ren arteko lantegi bateratua da. Meiban Group Ltd Singapurren kokatuta dago, eta Malaysian eta Txinan ekoizpen-lantegiak ditu. Dysonek adierazi zuen ekoizpena Malaysiara mugitzeagatik lortutako kostu-aurrezteak posible egin zuela Malmesbury-ko egoitza nagusian ikerketa eta garapenean inbertitzea.

2007an, Dysonek lankidetza bat sortu zuen VS Industry Bhd (VSI) Malaysiako elektronika-fabrikatzailearekin. Honek produkzio-plan zabala jarri zuen abian Dysonen produktuak mundu osoko merkatuetara eramateko (Amerika, Britainia Handia, Japonia, ea.).

Sarritan aipatzen da Dysonek 4.000 langile inguru dituela, baina ez du publikoki aitortu langile horiek momentuan non kokatzen diren. Dena dela, jakina da VSIren Malasyako lantegiak gaur egun 4.200 langile inguru dituela Dysonen produktuak ekoizten. Nolanahi ere, 2007an jakinarazi zen Dysonen produktuek eragiten dutela VSIko diru-sarreren % 80a.

2013an, Dysonek 360 milioi $-eko motor-lantegia abian jarri zuen, Tuas Singapur-en. Bertan, 4 milioi motor digital fabrikatu ahal ziren urtean. 2016an, Dysonek 100 milioi $ gehiago inbertitu zituen produkzioa indartu eta bikoizteko, honela urtean 11 milioi motor digital fabrikatzeko helburuaz.

James Dyson saria eta James Dyson fundazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Dyson saria 18 herrialdeetako diseinu-Ingeniaritzako ikasleentzako nazioarteko sari bat da, eta irabazi-asmorik gabeko James Dyson fundazioak antolatzen du. Ingeniari belaunaldi berriak saritu nahi ditu, berritzaileak eta irudimentsuak izan daitezen eta helburu berriak izan ditzaten. Saria ikasleari eta bere unibertsitateari ematen zaie.

Fundazioak gazteengan ingeniaritza-ikasketak bultzatzea du helburu. Gazteen sorkuntza eta asmamena sustatzeko asmoz, eskola eta unibertsitateetara egiten ditu bisitak, bai eta tailerrak antolatu ere. Erresuma Batuko 727 eskola inguruk erabili dituzte ikasle eta irakasleentzako prestatutako eskola-baliabideak, diseinu-prozesuaren berri emateko egindakoak. Gainera, Dyson fundazioak bekak eskaintzen ditu.

Dyson haizagailua, aire-biderkatzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Haizagailua, aire-biderkatzailea

Dyson haizagailua etxetresna iraultzailea da, aire hotzeko abaniko baten moduan dabilena. 2009ko urrian merkaturatu zen. Aparailu honek, mota horretako beste batzuek ez bezala, ez dauzka hegalak agerian, tresnaren barruan ezkutatuta baitaude. Hegalik gabeko teknologia honen oinarrian honako hau dago: airea eraztun-itxurako irekidura batean zehar botatzen da, eta aurrera doa zirrikitu zirkular batetik eraztun-itxurako marko bertikal batera; anplifikadorera, alegia. Prozesu honen bidez propultsioko aire-korronte arin bat sortzen da, eta irekidura zeharkatzen duenean, arrapala itxurako aleroi bat erabiltzen da airearen norabidea bideratzeko. Aire-korronteak inguruko airea xurgatzen du, 'entrainment' delako fenomenoa sortuta. Aldi berean, eraztunetik irteten den aire-korronteak presio baxuko eremu bat sortzen du. Behe-presio honek airea xurgatzen du makinaren atzealdetik, eta aire honek hutsunea betetzen du. Gero, eraztun-itxurako markoaren eremu irekia zeharkatu, eta aire-korrontera bideratzen da. Fenomeno honi indukzioa esaten zaio. Dysonen arabera, hasieran sortutako aire-korrontea 15 eta 18 aldiz handitzen da AM01, AM02 eta AM03 modeloetan, etenik gabeko aire-korronte gozo bat proiektatzen duelarik. 2014 martxoan, haizagailuaren bigarren belaunaldia akustikoki egokitu zen, hegalak isilagoak izan zitezen. Helmholtz erresonadorearen bidez aire-korrontea hobetu zuten, eta zarata 10 kHz gutxitu zen.


Ikerketa-proiektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014an, Dysonek robotika-laborategia sortu zuen Londreseko Imperial Collegerekin batera, ikusmen-sistemak eta etxetresnen ingeniaritza ikertzeko. 2001ean, Dyson robot xurgatzaile bat, DC06 izenekoa, merkaturatzekotan egon zen, baina ekoizpenetik baztertu zuen, oso geldoa eta pisutsua baitzen.

2011n, Dysonek Cambridgeko unibertsitatean fluidomekanikako katedra sortu zuen, aire-mugimenduaren ingeniaritza eta zientzia ikertzeko.

Horretaz gain, 2012ko maiatzean, ehunka mila libera inbertitu zituen Newcastleko unibertsitatean motor digitalen hurrengo belaunaldia ikertzeko.

2015eko martxoan, arloz aldatu zuen, eta egoera solidoko bateriak egiten dituen enpresa ezezagun bat, Sakti3, erosi zuen, 15 milioi $ ordainduta. 2015eko urrian Sakti3-ren beste zatia erosi zuen 90 milioi gehiago ordainduta. Dyson enpresako ikertzaileak 2010etik ari dira bateria-teknologian lanean.

  1. Earl, Peter; Wakeley, Tim (2005). Business Economics: A Contemporary Approach. McGraw-Hill Education. o. 142–146. ISBN 0077103920
  2. Dyson-en webgune ofiziala: Dyson UK | Vacuum Cleaners, Fans, Heaters, Hair Dryers and Lighting. Eskuragarri: http://www.dyson.co.uk/
  3. Dyson fundazioaren webgunea: Home - James Dyson Foundation. Eskuragarri: http://www.jamesdysonfoundation.com/
  4. Dyson sarien webgunea: Home | James Dyson Award. Eskuragarri: https://jamesdysonaward.org/en-GB/[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]