Edith Rebecca Saunders | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Brighton, 1865eko urriaren 14a |
Herrialdea | Erresuma Batua Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua 1927ko apirilaren 12a) |
Heriotza | Cambridge, 1945eko ekainaren 6a (79 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Newnham College |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | genetista eta botanikaria |
Enplegatzailea(k) | Balfour Biological Laboratory for Women (en) (1899 - 1914) Girton College (en) (1904 - 1914) Newnham College (1918 - 1925) |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | The Genetics Society (en) British Science Association (en) |
Edith Rebecca Saunders (Brighton, Ingalaterra, 1865eko urriaren 14a – Cambridge, 1945eko ekainaren 6a) landare genetista, anatomista, irakaslea eta ikertzaile britainiarra izan zen. Genetista eta biologo britainiarrek deskribatuta, "landare genetikaren ama britainiarra" bezala, zeregin aktiboa izan zuen Mendelen herentzia-legeak berraurkitzeko, landareen herentzia ulertzeko. William Bateson genetistaren lehen kolaboratzailea izan zen.[1] Loreen anatomiari buruzko lan zabala ere egin zuen, batez ere ginezeoan, loreen ugalketarako organo femeninoetan.[2]
Saunders 1865eko urriaren 14an jaio zen Ingalaterrako Brighton herrian. Lehenbizi Handsworth Ladies Collegen hezi zen eta 1884an Newnham Collegen sartu zen, Cambridgen.[3] Han, bi urtez egon zen Natural Sciences Tripos-en, natur zientziak ikasteko.
Graduondoko ikerketarekin jarraitu zuen Balfour Biological Laboratory for Women (Emakumeentzako Balfour Laborategi Biologikoa) laborategian. Laborategi hori Marion Greenwood zientzialariarekin batera zuzentzen hasi zen 1888 eta 1890 artean, eta, gero, bera bakarrik arduratu zen zuzendaritzaz beste 24 urtez. Cambridgeko Unibertsitateko zentro horrek ikasle emakumezkoak prestatzen zituen, eta unibertsitateko lanpostuak ematen zizkien emakume zientzialari gaituei, bestela sekula lortuko ez zituzten lanpostuak.[4] Saunders ere ikasketa zuzendaria izan zen Girton Collegen (1904 – 1914) eta Newnham Collegen (1918 – 1925).[5]
Baratzezaintza Errege Elkarteko kide izendatu zuten, zeinetan 1906an Banksian Domina jaso zuen. 1905ean, Londresko Linneana Elkarteko kide hautatu zuten lehen emakumeetako bat izan zen. 1920an, Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Britainiarreko atal botanikoko presidentea eta Genetika Elkarteko presidentea izan zen 1936 eta 1938 bitartean.
Bigarren Mundu Gerran, boluntario gisa aritu zen, indar aliatuei laguntzen. Britainia Handira itzuli eta gutxira hil zen, 1945ean, bizikleta-istripu baten ostean izandako zaurien ondorioz.[6]
Saundersen lehen ikerketek eremu genetikoan jarri zuten arreta. Han, esperimentu genetiko batzuen ondorioz, Saundersek eta William Batesonek "alelomorfoak" (gaur egun aleloak), heterozigotoa eta homozigotoa bezalako termino garrantzitsuak definitu zituzten.[7] Gainera, Bateson eta Reginald Punnettekin batera, gaur egun gene lotuak deritzenak aurkitu zituen, herentziazko faktoreak elkarri lotuta daudenean eta elkarrekin jaraunsten direnean, mapatze genetikoari eta haren konbinazioei buruzko aurkikuntza garrantzitsuen oinarria.[2]
Landareen anatomian ere lan handia egin zuen, batez ere ginezeoari dagokionez, gai horri buruzko hainbat artikulu argitaratu baitzituen.
Lan horien artean, 1928 eta 1931 artean New Phytologist aldizkarian Carpelen polimorfismoaren ilustrazioei buruz argitaratutako artikuluak nabarmendu behar dira. Besteak beste, ezaugarri nagusi eta errezesiboen herentzia aztertu zuen Biscutella laevigata landarean, eta lorategiko Matthiola incana landare-espeziearen herentzia sakon aztertu zuen.[8]