Enterolobium cyclocarpum, izen arruntaz guanakastea (etimoa: nahuatleko nacaztlé, «belarriak», zuhaitzaren fruituaren itxuragatik) mimosazeoen (Mimosoideae) subfamiliako zuhaitz erraldoia da. 3,5 - 4 metroko diametroa izan dezake, eta 16 - 28 metro bitarteko altuera izaten du. Hostoxka txikiz osaturiko hostoak ditu, eta gaua heltzen denean itxi egiten dira. Fruitua leka zapal biribilkatua da. Erdialdeko Amerikako lurralde beroetan hazten da, eta tokian tokiko izena ematen zaio.
Hazia sugegorrien hozkadaren ondorioak sendatzeko erabiltzen da, eta zura etxegintzarako. Costa Ricako zuhaitz nazionala da.