Erradula molusku batzuek elikatzeko erabiltzen duten egitura anatomiko bat da, horzdun mihi baten antzekoa[1]. Gastropodoek eta zefalopodoek dute batez ere, bibalbioek ez. Moluskuen taldeko egitura propioa da eta haietatik aparte ez da aurkitzen.
Hortz txiki ugari dituen zinta bat da eta elikagaia hestegorrian sartu aurretik txikitzeko erabiltzen dute, hala molusku belarjaleek nola haragijaleek.
Bi atal nagusi ditu:
Aurretik atzera doazen hortzen ilarak azaltzen ditu erradulak. Erdialdeko ilara bat dago, hortz nagusiak dituen ilara bakarra, eta alboetan bigarren mailako hortzen ilarak eta bazterreko hortzen ilarak daude.
Belarjaleek hortz gehiago dituzte, algak arraspatzeko hortz asko behar baitira. Haragijaleek erdialdeko ilara badute eta alboetakoak galduz joan dira.
Kitinazko hortzak dira, baina askotan mineralizaturik aurkitzen dira kaltzio karbonatoz, magnetitaz, fosfato ferrikoz edota hainbat mineralen trazaz (opalo, lepidokrozita, frankolita, dahlita, goetita...)[3].
Gihar indartsuei esker ahotik kanporatu egiten da erradula eta sustratua karraskatzen du. Listu guruinek mukia jariatzen dute erradula lubrikatzeko eta askaturiko partikulak pilatu eta irensteko.[4]