Esprinterrak txirrindularitza lasterketako etapa lauetan, garaipenaren borrokan sartzen diren txirrindulariak dira. Taldeko gizon azkarrenak izaten dira, eta potentzia handia dute zangoetan. Esprinter batek beste txirrindulariek baino gorputz gihartsuagoa du, gorputzaren goi atala eta zangoak oso garatuak ditu.
Esprinterra lautadetan ondo doan txirrindularia da, eta gainera, puntako abiadura handi-handia du etapetako azken metroetan. Esprinterrek oso garatuta dituzte hankak, horregatik dute hain potentzia handia. Igotzaileek, adibidez, hanka argalak izaten dituzte.
Esprinterren bizikletek profil handiko gurpilak dituzte abiadura handiagoa lortzeko eta mantentzeko.
Esprinta helmugarako 10 bat kilometro falta direnean hasten da prestatzen. Ihes egin duten txirrindulariak harrapatuta badaude, talde guztia jartzen da tropelaren buruan, eta erreleboak egiten dituzte abiadura handia mantentzeko. Bi bat kilometro falta direnean, trena prestatzen hasten dira, eta txirrindulari bat jartzen da tiraka ahal betean. Bere indarrak hustu dituenean, beste batek egiten du gauza bera, eta horrela 400 bat metro geratzen diren arte. Orduan, esprint-bideratzaileak esprint bat egiten du, 200 metro edo 150 metro falta diren arte. Une horretan, plater handienak erabiliz, esprinterrak azken ahalegina egiten du.
Txirrindulariak ez badu taldekiderik esprinta prestatzeko, beste txirrindularien gurpilean jartzen da, eta une hoberena itxaroten du azken esprinta abiatzeko eta aurkariak gainditzeko.