Europarrak (eleberria)

Europarrak
Datuak
Idazlea (1964)
Argitaratze-data1979ko maiatzaren 15a
GeneroaKomedia
Jatorrizko izenburuaThe Europeans: A sketch
Hizkuntzaingeles
Herrialdea Erresuma Batua
 Ameriketako Estatu Batuak
Orrialdeak255 / 282
Euskaraz
IzenburuaEuroparrak
ItzultzaileaIrene Aldasoro
Argitaratze-data1997
BildumaLiteratura unibertsala
Orrialdeak251
ISBN9788483250624

Europarrak. Zirriborro bat (The Europeans: A sketch) Henry James idazleak 1878an argitaratu zuen eleberria da. Europatik etorritako bi bisitariren eta Ingalaterra Berrian bizi diren euren senideen portaeren eta ohituren ezberdintasunak islatzen ditu liburuak. Eleberria zatika agertu zen The Atlantic Monthly aldizkarian 1878ko uztailetik urrira arte. Liburu moduan argitaratzean Jamesek aldaketa txiki asko egin zituen.

1997an Ibaizabal argitaletxeak euskaratuta kaleratu zuen "Literatura Unibertsala" sailaren barruan, goian agertzen den izenburuarekin. Irene Aldasoro itzulpen lanetan egon zen.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Eugenia Munster eta Felix Young anai-arrebak Ameriketako Estatu Batuetan jaio ziren baina txikitatik Europara joan ziren bizitzera. Alemanian Eugenia Silberstadt-Schreckensteingo Adolf Printzearekin ezkondu zen, morganatikoa izan zen ezkontza batean. Gero, printzearen familia dibortziatzeko eskatu zion Eugeniari. Hori dela eta, anai-arrebek Amerikara joatea erabaki zuten, senide batzuk bisitatzera eta, bide batez, Eugeniak senar aberats amerikar bat aurkitzera.

Euren senideak Bostongo aldirietako landetxe batean bizi ziren. Senideak honako hauek ziren: Wentworth jauna —euren osaba—, Clifford semea eta bi alaba, Gertrud eta Charlotte. Euren etxean Robert Acton eta bere arreba Lizzie ere egoten ziren askotan. Wentworth jaunak bere etxetik hurbil zegoen etxetxo batean bizitzea eskaini zien bere ilobei.

Anai-arreben portaera guztiz ezberdina izan zen. Eugeniari ez zitzaizkion Wentworth ahizpak gustatu ezta maiz bisitatu beharra ere. Felix zoriontsu izan zen ahizpen erretratuak egiten edo Gertrudekin solas egiten lorioan. Eugenia lakrikunkeriatan ibili zen Robert Actonekin. Honi esan zion bere dibortzioaren agiria sinatu zuela ordurako. Beste aldetik, Gertrudek Felixi jakinarazi zion bere aitak Brand jaunarekin ezkontzea nahi zuela.

Azkenean Felix Gertrudekin, Brand jauna Charlotterekin eta Clifford Lizzie Actonekin ezkondu ziren. Eugeniak, zeinak benetan ez zuen dibortzioaren agiria sinatu, Robert Acton arbuiatu zuen eta Europara itzuli zen. Robert Acton geroago neska gazte batekin ezkondu zen.

  • Eugenia Munster baronesa.
  • Felix Young, Eugeniaren 28 urteko neba. Artista zen.
  • Printze Erregeordea, Eugeniaren senarraren anaia.
  • Adolf Printzea, Eugeniaren senarra. Ezkontza morganatiko batean ezkondu ziren eta senarraren familiak dibortziatzeko agindu zion.
  • Wentworth jauna, Eugenia eta Felixen osaba.
  • Gertrude Wentworth, Mr Wentworthen alaba gaztea. Bere aitak Mr Brandekin ezkontzea nahi zuen baina Felixekin ezkondu zen azkenean.
  • Charlotte Wentworth, Mr Wentworthen alaba nagusia. Mr Brandekin ezkondu zen.
  • Clifford Wentworth, Mr Wentworthen semea. Harvard unibertsitatetik bidali zuten edateagatik. Lizzie Actonekin ezkondu zen.
  • Brand jauna, apaiz protestantea. Gertrudekin ezkondu nahi zuen, baina Charlottekin ezkondu zen.
  • Robert Acton, Mr Wentworthen senidea.
  • Lizzie Acton, Roberten arreba.
  • Acton andrea, Robert eta Lizzieren ama ezindua.
  • Augustine, Eugeniaren neskamea.
  • Whiteside andrea, Eugenia eta Felixen ama.
  • Adolphus Young, Eugenia eta Felixen aita.

Liburuaren gai nagusietako bat emakume europarren eta amerikarren arteko konparaketa da. Eugenia Munster burujabea, modernoa eta harroa da. Wentworth andereñoak guztiz menpekoak dira, beti aitaren nahiak bete behar izaten. Neskek denbora guztia ematen zuten etxean senideekin. Hala ere, Felixekiko harremanak lagundu zion Gertrudi bere erabakiak hartzen, burujabe bihurtzen. Horrela, aurre egin zion Brand jaunarekin ezkontzeko aitaren asmoari eta Felixekin ezkondu zen.

Europarren eta amerikarren arteko ezberdintasun nagusiena sentimenduen adierazpena da. Europarrak sentiberagoak dira —maitasuna dirua baino garrantzitsuagoa da — eta amerikarrak puritanoagoak. Ironikoki, mundu berrikoek mundu zaharrekoek baino gehiago errespetatzen dituzte ohitura zaharrak eta moraltasuna. Wentworth jauna harrituta dago Eugeniaren ezkontzaren gorabeherarekin, baita Robert Acton ere. Amerikarren begietarako Eugenia emakume txundigarria da.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]