Feminismo islamiko

Feminismo islamikoaren ikurra.

Feminismo islamikoa islamaren barruan feminismoa eta emakumeen rola aldarrikatzen dituen mugimendua da.[1] Musulman guztien berdintasun osoaren alde egiten du, sexua edo generoa kontuan hartu gabe, bai bizitza publikoan, baita bizitza pribatuan ere.

Nahiz eta islamean oinarriturik dagoen, Korana testu zentral gisa hartzen du,[2] mugimendu feminista sekularraren diskurtso batzuk erabili izan ditu erreferentzia moduan eta mugimendu feminista orokorraren parte da.[1] Hala ere, islamean adituak direnek feminismo sekularra baino erradikalagotzat hartzen dute.[1] Eskola filosofiko gisa, erreferentziatzat Fatema Mernissi soziologo marokoarra eta Amina Wadud zein Leila Ahmed adituak aurki ditzakegu.[3]

Mugimenduaren bozeramaileak Koranean erro sakonak dituzten berdintasun irakaskuntzak nabarmentzen saiatzen dira, baita Koraneko, hadithetako eta xariako irakaskuntzen interpretazio patriarkalaren kritika sustatzen ere. Gainera, sakratutzat hartzen diren testuak ikertzen dituzte genero berdintasuna lortzeko nahian, gizarte bidezkoago baten eraikuntzan lagunduz.

Feminismo islamikoa aurkako bi jarreren artean espazio bat sortzen saiatzen da. Izan ere, alde batetik, fundamentalismo islamikoa dago, zeinak feminismoa Mendebaldeko herrialdeen asmakizuntzat hartzen duen. Beste aldetik, jarrera feminista edo liberala dago, zeinak ez duen bateragarritasuna ikusten feminismoa eta islamaren artean eta, era berean, mugimendu hauen agerpena ukatzen duen lurralde musulmanetan. Valentine Moghadam soziologoak, Unescoko “Genero berdintasuna eta Garapena” saileko buruak adierazten duen bezala, muturreko bi jarrera horiek ez dute mugimendu erreformisten sorrera ulertzen uzten.

Feminismo islamikoa herrialde ugaritan dago presente, Magrebean, Mashregean eta Asia, Europan eta Estatu Batuetan, patriarkatuaren aurka mobilizatuz, musulman erreferentzietan oinarrituz. Bartzelonan feminismo islamikoaren inguruko nazioarteko kongresu bat burutu zen 2005eko urriaren 27tik 29ra.

Feminismo islamikoa ijtihad-ean edo Koranaren interpretazioan oinarritzen da, herrialde musulmanetan eta islamean emakumeen lekua zalantzan jartzeko. Hezkuntzari paper nagusia ematen dio emakumeen autonomiarako. “Feminismo islamiarra” kontzeptua 1990. urtetik aurrera garatu zen, batez ere Irango emakumeengan. 1980. urteaz geroztik mugimendu feministak sortutako mugimenduen sorrerarekiko interesa agertu zen emakume laikoek eta islamaren paradigmaren barruan feminismoaren problematika berrikusi zuten. Irandarren tesiak Hegoafrikara, Egiptora, Turkiara, Europara eta Estatu Batuetara zabaldu ziren.

Mugimendu hau Shahla Sherkat-ek sortutako Zanan (Emakumea) aldizkarian bateratu zen. Honek Islamaren barruan genero harremanei buruzko eztabaida eta Islamaren eta feminismoaren arteko bateragarritasuna planteatu zuen. Zanan aldizkariak generoen ezberdintasunaren jatorri soziala eta politikoa azpimarratzen zuen, eta Koranaren interpretazio patriarkalean oinarritzen ziren lege musulmanak kritikatzen. Beraz, ijtihad gaia emakumeen jurisprudentzia musulmanaren berrikuntzarako eskubidea berenganatzeko aldarrikapena da.

Iranen, Egipton, Marokon eta Yemenen, feminista musulmanek familia patriarkalaren legea eraso zuten. Irango Islamiar Errepublikan, feministek oinarrizko askatasun islamikoa onartzen dute maila politikoan, beste batzuk, ordea, ez dute inolako errekurtsorik onartzen doktrina horretan.

Mugimendua musulman intelektualek egindako galdeketan oinarritzen da, islamaren, demokraziaren eta giza eskubideen arteko harremanei dagokienez, esate baterako; Abdulkarim Soroush, Mohsen Kadivar, Hassan Yousefi-Eshkevari eta beste batzuk intelektualitate erlijioso berrikoak Iranen; hildako Mahmoud Taha, Sudanen; Hassan Hanafi Egipton eta Zeid Abu Nasr erbesteratua; Aljeriako Mohammed Arkoun, Sorbonako irakaslea; Chandra Muzzafar, Malaysia, Fathi Osman, besteak beste. Koranaren interpretazioaren eskubideaz gain, feminista islamikoen aldarrikapena otoitzetan eta erlijio zerbitzuetan parte hartzeko eskubidea da.

Margot Badranentzako, musulman eta kristauen ulertzearen aldeko Al Walid printzipe saudiaren zentroko ikertzailea, Georgetown Unibertsitatean (Estatu Batuak), mugimendu honen kontzeptu zentralak emakumeen berdintasuna eta justizia soziala dira. Badranek dioenez:

«Liburuko hiru erlijioen artean Islamak testuetan emakumearen eta gizonaren berdintasunaren ideia barne hartu duen bakarra da (biak gizakitzat hartuz) eta horren barne emakumearen eskubideak eta justizia soziala daude. Mezu hau galdu egin da Islam beraren izenean. Lehendik baden patriarkatuak, Koranak leundu duena eta azkenean erauzi duena (...) oso iraunkorra dela frogatu du. Nahiz eta patriarkatuaren iraunkortasuna izan, erlijio musulmana bereganatu zen. Gizartearen boteredun fakzioen manipulazioa hain handia izan zen ezen Islama naturalki patriarkaltzat hartu baitzen, hitz errebelatua eta patriarkatuaren arteko kontraesana ezabatuz eta sexuen berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko edozein aldarrikapen islamiko suntsituz. Paradoxa da, bere testuetan berdintasunaren onarpena barne duen erlijio bakarra gaur egun erlijioen artean matxistena kontsideratzea. Musulman matxistak arlo estatalean, sozialean edo familiarrean eta Islamaren aurkakoek interes komun bat dute, arrazoi ezberdinak direla eta, fikzio hori eta Islam patriarkala iraunarazteko.»

Margot Badranek dioenez, feminismo islamikoak umma edo fededun komunitatean berdintasun ikusmoldea aldarrikatzen du, banaketa Ekialde/Mendebaldetik, publiko/pribatutik, sekular/erlijiosotik haratago doana, eta Estatu islamikoaren ideia deuseztatzen du. Valentine Moghadamen ustez, feminismo musulmana orokorrean kristau feminismo eta feminismo juduarekin batera, ikuspuntu erlijiosoan oinarritzen da.

Mugimendu feminista dinamikoa eta heterogeneoa izan da betidanik. XIX. mendeko mugimendu feminista aitzindarietatik hainbat testuinguru ezberdinetan sortu dira feminismo klasikoaren ideien ildotik eratorritako sexu-generoen berdintasunaren aldeko mugimenduak, bakoitzak bere helburu eta jokabideetan berezitasunak eta ezberdintasunak izanda. Hain anitza den mundu mailako egoera batean, eta nahiz eta globalizazioak homogeneotasunean sakon eragin duen, feminismoek beti izan dute maila handiago edo txikiagoko izaera lokala. Horrela kokatzen dugu feminismo islamikoa, mundu musulmanaren testuinguruan jaiotako mugimendu feminista.

Koranaren euskarriak.

Feminismo islamikoa munduan zehar eman diren feminismo mota ezberdinen markoaren barruan aurkitzen da. Kasu honetan, mundu musulmanari lotuta eta feminismoaren ildotik datorren mugimendu soziala da, emakumeen egoerari erreferentzia egiten diona. Gizarte islamisten testuinguruan kokatuta, feminismo mota hau berdintasunaren bila aritzen da, sexuan edota generoan oinarrituriko desberdintzeak baztertuz bizitzaren arlo guztietan, bai publikoan, bai pribatuan baita alor legalean ere. Komunitate islamisten barruan jaio izan denez gehien bat, islamaren eragin nabarmenak ditu, baina horiek teoria sekular feminista tradizionalekin uztartzen ditu. Feminismo islamikoa emakume musulmanek haien izaerarekiko zabalduak izan diren irudikapen sinplista eta estereotipatuen ukapenean oinarritzen da. Emakume horiek bizikidetza musulmanari eutsi nahi diote, gizarte hauen oinarri kulturalak ahaztu gabe, baina, haietan sakon itsatsiak izan diren matxismoa eta sexismoa gaindituz. Horretarako, emakume hauek haien burua subjektu feminista kritiko gisa eraikitzen dute testuinguru arrotzaren barnean.

Mugimenduaren teoria gehienek musulmanen liburu sakratuen idatziei bestelako interpretazio bat ematen diete, historikoki eman zaien begirada patriarkaletik aldenduz. Testu sakratuak Korana, haditha eta xaria dira. Feminismo islamikoaren proiektua testu hauen berrinterpretazioan datza nagusiki, horren bitartez generoen arteko gizarte bizitzaren funtzionamendua berdintasunera bideratu daitekeelako, eragin ideologiko, estruktural eta legal zuzenak bultzatuz paradigma epistemologikoaren aldaketaren bidez.

Mugimendu feminista islamikoak aurkari indartsuak aurkitu ditu bere sorreratik. Izan ere, mugimendua bi korronte ideologiko uztartzen saiatzen da, bietako ekarpenak hautatuz erlijio baten ulermen parekatuago bat eratu nahian. Islamiar fundamentalismoarentzat ulertezina suertatzen da testu sakratuak beste modu batera irakurri nahia, tradizioan oinarritzen baita eta oso ikuspuntu androzentrikoa landu baitu mendeetan zehar, nahiko muturreko ideiak normalizatuz. Gainera, feminismoa onartzen ez duten modernitate eredu gisa ikusten dutelako.

Bestalde, mendebaldeko mundutik datoz beste kritikak. Hauek feminismoaren eta islamaren uztarketa ezinezkoa ikusten dute erlijioaren epistemologia zaharkitua dela eta. Korronte hauetan kokatzen dira feminismoa eta islamak kontrako esanahia dutela pentsatzen dutenak, eta islamak naturalki emakumeen kontrako jarrera hartzen duela eta nahitaez matxista dela esaten dutenak. Azken hau ikuspuntu etnozentrista argia dela esan daiteke, zaila zaigulako ulertzea askotan emakume hauek haien kulturari eta sinboloei eutsi nahi dietela eta askapenak ez daukala zertan islamaren tradizioei ezetz esatea esan nahi.

Mugimenduaren aurrekariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saharako tuaregak Koranari jarraitzen dioten musulmanak dira baina lege propio tradizionalak mantentzen dituztenak izanda ere, ez dute xaria erabiltzen, ez eta hijaba ere. Emakumeek aktiboki parte hartzen dute komunitateetako batzar pribatu eta publikoan, gizonezkoekin libreki hitz eginez, ez dute haien aurpegia estaltzen, dibortzioa eskatu ahal dute eta haien jabetza propioak izatea aukeratu. Filiazioak matrilinealak dira eta herentzia linea femeninoaren bidez transmititzen da. Beraz, tuareg islamikoa, zuzenbide zibila, politiko eta familiarra praktikatzen dituzte​, zeintzuk arlo batzuetan feminismo islamikoren aldarrikapenekin bat egiten duten.

Egipton feminismo terminoa 1920an jadanik erabiltzen zuten emakumea askatzeko mugimenduetan zebiltzan emakume musulmanek. Era berean, 1986an Estatu Batuetan Jumari Jayawardenak ikerketa baten bidez aztertu zuen mugimendu feminista, eta ikerketan frogatu zuen egiptoar feministek ez zituztela beren feminismoko jakintzak Mendebaldeko feminismotik hartu eta beraz, baztertu egin zuen feminismoa Mendebaldeko asmakizuna izatea. Berdintasunaren aldeko borrokan, antikolonialismoan eta patriarkatu autoktonoaren kontrako borrokan aldi berean jardun zuten, kolonialismo patriarkatuaren kontra eginez. Nazionalismoarekin zuten loturak gainera, feminismo laiko gisa izendatzera eraman zituen, feminismo nazionalaren sinonimotzat erabiliz. Huda Sharawik, Wafd-eko komite zentraleko lehendakaritzara heldu zenak, 1923an alderdi nazionalistan Egiptoko Feminismo batasuna eraiki zuen eta urte berean presidenteak estalkia edo beloa kendu zuen ekitaldi publiko batean, hori egiten zuen lehen emakumea bihurtuz. Bitartean, musulman mundu barnean mugimendu feminista laikoak garatzen ziren marko nazionalean, feminismo islamikoa mugimendu unibertsaltzat hartzen da, muga estataletatik haratago hedatuz. 1970 urte inguruan, Islam politikoaren agerpenarekin batera, zeinek sekular eta erlijioaren ezberdintasuna zehaztu zuen, feminista musulmanak “irainduak" izan ziren, musulman desbideratu eta mendebaldartutzat deskribatuak izan ziren. Eraso hauei feminista laikoen kritikak batu zitzaizkien, zeintzuk erlijio sexista baten dependentzia zutelakoan kritikatu zituzten. Gaur egun ere klixe hau mantentzen da. Fundamentu islamikoa duten herrialdeetan, erregresio handia sortzen da gizartean emakumeek dituzten espazioetan. Fundamentalistek antolakuntza feministak gaitzetsi egiten dituzte, RAWA Afganistanen, Al-Fanar, Palestinako lurraldeetan, horrek familia ohoreetako hilketak zalantzan jartzen dituzte. Fundamentalistek feministak usteldutako eta ukatutako lasakak direla salatzen dute. Baina gaur egun, feminista islamiko eta laikoen arteko trukea garrantzi handikoa da, mugimendu musulman feminista mugimendu islamikoen barne garatzen delako baita, Turkian gertatzen den bezala. Hego Afrikan apartheiden kontrako borroka agertu zen. Feminismoa eremu guztietan agertzen da, baita erlijiosoan ere, hezkuntzaren sarrera, komunikazio hedadura eta urbanizazioa dela eta batez ere.

Feminismo islamikoak mundu osoan zehar olatu ezberdinen garapenean eraikia izan den mugimendu horren oinarriak partekatzen ditu: berdintasuna, askatasuna eta duintasuna. «Islamiko» ezizenak testuinguru bati egiten dio erreferentzia, besterik ez. Bestelako feminismo mota guztiek bezala inguraketa zehatz baten bitartez sortu da, aipatutako balio horiek defendatuz. Hala ere, beste testuinguru askotan maiz zaila egiten da feminismoa eta islama uztartzea. Chandra Talpade Mohanty idazle eta soziologoak bere Under Western Eyes lanean horrela adierazten du:

«Feminismo klasikoaren begiradak hirugarren mundua delakoaren emakume guztiak baztertu izan ditu, gizon eta emakume mendebaldarren arteko berdintasuna eskatzen baitu, bestelako kulturetako emakumeen berdintasuna alde batera utziz. Feminismoa emakume burges, zuri eta mendebaldarretatik eta haientzat bakarrik eraikia izan da.»[4]

Gizarte musulmanetan mundu mendebaldarretik oso bestelakoa da kosmologia hegemonikoa eta hainbat bizikidetza faktore azaltzeko orduan beste errealitate batzuk aurkitzen dira. Baina gizarte musulmanen moldeen barnean ere eman daiteke feminismoa, betiere kulturaren eta tradizioaren alderdi batzuk mantenduz. Feminismo islamikoak defendatzen du emakume musulmanaren mendekotasuna ez dela islamaren mezuaren eragina, baizik eta honi eman zaion interpretazioaren eragina. Honen arira, Sirin Adlbi Sibai emakume musulman feminista espainiar gazteak, bere liburuan honakoa esaten du:

«Feminismo islamikoa esaera zentzugabea da, izan ere, islama eta feminismoak berdintasuna esan nahi dute. Begirada mendebaldar liberalek emakume musulmana objektu gisa ulertu dute beti, gure izaera kritikoaren existentzia ukatuz.»[5]

Emakume feminista islamikoek hegemonikoa den liburu sakratuen esanetatik eraikiak izan diren instituzioen iruditegiari egiten diete aurre, hauek izaera patriarkala eta matxista zabaldu baitute. Gainera, berdintasunaren eta askatasunaren bide horretan ezinbesteko gisa ulertzen dituzten hiritartasun eskubide eta praktika erlijiosoen eskubide parekotasuna aldarrikatzen dituzte. Liburu sakratuei ematen zaien interpretazioari edo ulerkerari «ijtihad» deitzen zaio. Musulmanen egutegiko II. mendean sortua izan zen dogma da, aurretik I. mendean eraikitako «ijma» dogmari berrikuntza emateko. Feminista musulmanek Koranaren teorizazio hauei atxikitzen diote gaurko bizikidetza musulmanaren izaera sexista, eta bestelako interpretazio bat defendatzen dute, hierarkia hegemonikoari aurre egiten diona eta berdintasunean oinarritzen dena. Horretarako, feminista islamikoen aburuz hezkuntzak ezinbesteko garrantzia dauka, eremu horretatik eraiki behar baita bizikidetza berriaren iruditegia. Margot Badranentzat mugimendu honen oinarri nagusiak generoen arteko berdintasuna eta legearen aurrean parekotasuna dira. Honela azaltzen da autorea:

«Islama da Liburuko hiru erlijioetatik bakarra bere testuetan sartu duena — Korana Jainkoaren hiztzat harturik — emakumearen eta gizonaren funtsezko berdintasunaren ideia (bata zein bestea gizakitzat hartzen baitira, edo insan), eta bertan emakumeen eskubideen eta justizia sozialaren gaia jasotzen duena. Mezu hau berau da galdu egin dena islamaren beraren izenean. Aurretik zegoen patriarkatua, Koranak leundu eta azkenean desagerrarazi zuena, Arabian zein geroago islama sartu zen beste gizarteetan, oso indartsu azaldu zen. Eta patriarkatuak iraun arren, erlijio musulmana onartu zen. Gizarteko talde nagusien manipulazioa hainbestekoa izan zen, non islama, azkenean, izaeraz patriarkal gisa hautematen baita, hitz errebelatuaren eta patriarkatuaren arteko kontraesana ezabatzeraino, eta sexu berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko aldarrikapen islamiar oro ezabatzeraino. Ez da paradoxarik txikiena ikustea bere testuetan sexuen arteko berdintasuna ezarri duen erlijio bakarra gaur egun denetan matxistena izatea, irain eta konta ezin ahala bidegabekeriekin batera.»[6]

Margot Badranek, hortaz, uste du feminismo islamikoaren ideiak Estatu islamiko bat ukatzen duela, eta ummaren bestelako interpretazio baten bidean lan egiten duela, jendarte musulmanaren egituraketa berri bat proposatzen duena. Valentin Moghamad-ek dio kristau eta judu feminismoekin batera feminismo islamikoak feminismo erlijiosoa barneratzen duela. Korana interpretatzeko askatasunaz harago, feminista islamikoek musulmanen erritu eta sinboloetan parte hartzeko aukera ere eskatzen dute.​

Koranaren interpretazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu islamiko feminista gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren ideian oinarritzen da, Koranak berak bere testuetan barne hartzen duen ideia. Ideia honek oreka printzipioa (tawwazun) berdintasun printzipioarekin lotzen du eta “Koranak rol sozial zehatzak ez dituela esleitzen” aldarrikatzen du, formulatzen duen esaldia “Mutualitate ideia ezkontza-harremanetan: senar-emazteek babesa eta laguntza zor diote elkarri”.​

Fatima Mernissi soziologo marokoarrak eta Hidayet Tuksal ikasle turkiarrak hainbat hadith misoginoen benetakotasuna errefusatzen dute, testu islamikoak metodo klasikoen bidez analizatuz. Tuksal Turkiako Gai Erlijiosoen Sailarekin lan egiten du (Dinayet), instituzio publiko honek 76.000 meskitetara zabaltzen dituen hadith misoginoak kentzeko.

Feminista musulmanak Fiqh-ean ere lan egin dute, jurisprudentzia musulmanaean, hain zuzen, bere elaborazioaren ostean eta lau eskola juridikoetan kristalizatu eta gero oso gutxi zabaldua izan dena. Moudawanan ere lan egin dute, hau da, Marokoko familiaren eskubidearen berritzean, emakumearen eta gizonaren arteko berdintasuna ezarriz etxeko jaberi dagokienez, edozein poligamia mota ezabatuz eta dibortzioa bai emakumearentzat bai gizonarentzat posible izanez.

Emakumeen lekua eremu erlijiosoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Cairo-ko Al-Azharrreko unibertsitatearen emakume musulmanak gizonen paper berdina lortu dute ulema gisa, esfera publikoan ez ezik eremu erlijiosoan ere parekatuak izatea lortuz. Jurisprudentzia islamikoko ikertzaileak eta Al-Azhar, Souad Salih irakasleak emakumeek Egiptoko mufti izendatuak izateko aukera izan zezaten kanpaina sustatu zuen. Emakume eta gizonak Haij-ra doazenean ere, meskita handian batera otoitz egiten dute, eta mathafean biltzen dira. Kaabara bueltatzeko momentuan emakumeak gizonen atzean jarri ohi dira eta ezin dituzte sermoiak eman. 90eko hamarkadako erdialdean El Cabo-ko Mezquita Claremonten (Hegoafrikan), emakumeak gizonen hilaren paraleloan jartzen dira. Gainera, teologo amerikarrak Amina Wadud.4 sermoi bat predikatzen du.

Frantziako kasua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian laikotasun legeak (2004ko martxoaren 15eko legeak z° 2004-228), zeinak eskoletan erlijio sinboloak debekatzen dituen eta beloa ere barne hartzen duen, beloaren aldeko eta kontrako alderdi politikoen arteko eztabaida piztu du. Muga handi bat sortuz, beloak erlijioaren aurreiritzien aurreko emantzipazioa adierazten duela pentsatzen dutenen artean eta feminismoaren instrumentalizazioari kritika egiten diotenen artean, eskuineko alderdiek arrazismoa, etnozentrismoa eta xenofobia sustatuz.

Houria Bouteldjak, errepublikako indigenen bozeramaileak, 1958eko Aljeriako gudako jarraipen bat ikusten du eta Frantz Fanon aipatzen du, esanez frantziarren eskutik ez dela musulman emakumeen askatasuna etorriko. Bouteldjak “Ni putas ni sumisas” elkarteari kritika egiten dio, estatuko ideologia tresnatzat izendatzen duen heinean. Malika Abdelazizek gogorarazten du beloaren erabilpena erresistentzia sinboloa izan zela Shah tiranian Iranen eta beloa eramatearen edo ez eramatearen eskubidea aldarrikatzen du, emakumeen erabakia izanik. “Gakoa zera da, musulmana izatea ez dadila uztartu autonomia eskasa eta eskubide gabeziarekin, ez inorentzat eta ez inoiz gehiago“ esaldiarekin ondorioztatzen du.

Mugimendu feminista honen inguruan plazaratu diren iritziak anitzak dira. Wassyla Tamzali Argeliarra emakumeen eskubideen aldeko aktibista da, eta irainduta sentitzen da ezkerraldeak burka edo zapia defendatzen duenean. Bere esanetan, burka ez da erlijio Musulmanaren sinboloa, ezta erlijio Islamiarrarena ere, herrialde konkretu batzuetan soilik erabiltzen baita, eta bestalde pre-islamikoa baita. Gainera, Tamzalik ez du feminismo islamikoan sinesten, berak dioenez, feminismoa askatasun ideologia bat da, eta Islama obedientzia ideologia.

Asma Lamrabeten ustez ordea, emakume islamiarrenganako diskriminazioa eragin dutenak instituzio eta sistema erlijiosoak izan dira, ez ordea Islamaren mezua bera. Zapiaren inguruan ere bere pentsamendua partekatzen du, kulturala, politikoa edo ideologikoa ez dela izanik, are gutxiago gizonenganako sumisio sinboloa. Erabaki pertsonala da, jainkoaren eta emakumeen artekoa. Lambartek, bere ikuspuntua eskainiz, Mendebaldekoen jarrera kritikatzen du emakumearen gorputzarekin publizitatea egiteagatik.

Feminista musulmanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Asma Barlas (Estatu Batuak)
  • Amina Wadud (Estatu Batuak)
  • Irshad Manji (Kanada)
  • Shahla Sherkat, Zanan aldizkariaren fundatzailea
  • Azzam Taleghani (Iran)
  • Riffat Hassan (Estatu Batuak)
  • Azizah al–Hibri (Estatu Batuak)
  • Leila Ahmed (Estatu Batuak)
  • Margot Badran (Estatu Batuak)
  • Ziba Mir-Hosseini (Iran eta Erresuma Batua)
  • Shamima Shaikh (1960-1998, Hegoafrika)
  • Huda Sharawi (1879-1947, egiptoar feminista batasuneko fundatzailea)
  • Bchira Ben Mrad, Tunisiako emakumeen batasun musulmaneko fundatzailea) (UMFT: 1936-1956)
  • Sisters in Islam (Malasia)
  • Fatema Mernissi

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Ingelesez) «Islamic feminism: what's in a name?» Al-Ahram Weekly (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  2. (Ingelesez) Exploring Islamic Feminism. Wilson Center 2021-08-17 (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
  3. (Ingelesez) Lindsey, Ursula. (2018-04-11). «Can Muslim Feminism Find a Third Way?» The New York Times (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).
  4. (Ingelesez) Talpade Mohanty, Chandra. (1988). «Under western eyes: feminist scholarships and colonial discourses» Feminist Review: 61-88..
  5. (Ingelesez) Adlbi Sibai, Sirin. (2016). La cárcel del feminismo. Akal ISBN 978-6079564186..
  6. (Frantsesez) Badran, Margot. Le féminisme islamique en mouvement. (Noiz kontsultatua: 2022-01-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]