Fesikh

Fesikh
janari eta jaki
Osagaiakarraina

Fesikh (arabieraz: فسيخ, fesīḵ‎) Egiptoko ospakizunetarako plater tradizionala da. Antzinako Egiptoko garaietatik datorren Sham Ennessim jaialdian jaten dute egiptoarrek.

Osagai nagusia Itsaso Gorrian edota Mediterraneoan arrantzaturiko korrokoi arraina da, lehorturik, gaziturik eta hartziturik jaten dena[1]. Egiptoz gain Sudanen eta Palestinan ere jaten da.

Korrokoia arrantzatu eta tradizionalki eguzkitan jarri ohi da lehortu dadin. Ondoren ur gaziz betetako upela handitan sartzen da 45 egunez eta hartzidura prozesu bat izaten du[2]. Platerean kipula potxatuarekin, limoi xerrakin eta olioarekin ontzen da eta egiptoar ogiarekin zerbitzatzen da[3].

Prestaketa honen sekretuak (upelako gatz kontzentrazioa esate baterako) belaunaldiz belaunaldi pasatzen dira familietan. Plater hau prestatzen espezializatu direnek fasakhani izena hartzen dute Egipton[3].

Egiptoren mendebaldean korrokoiak urriagoak dira eta koregano izeneko arrain zuria erabiltzen dute prestatzeko.

Gaur egun prestatuta eta hutsean ontziraturiko zorro indibidualetan ere saltzen dira supermerkatuetan. Jatetxeetan ez da aurkitzen duen usain gogor eta sarkorra dela eta[2].

Faraoien garaian du jatorria. Nilo ibaiak atzera egiten zuenean arrainak ertzetan harrapatuta gelditzen ziren eta lehortu egiten zirenean inguruko biztanleek jan egiten zituzten[4][2].

Urtero izaten dira pozoitze kasu gutxi batzuk fesikha gaizki prestatzeagatik eragindakoak[5]. Egiptoarrek hala ere asko kontsumitzen dute fesikha Egiptoko Jai Nazionalean eta Gobernuko osasun ministroak behin eta berriz ohartzen du saltoki ofizialetan soilik erosteko arraina edota bestela norberak etxean presta dezala. 1991n 18 pertsona hil ziren, Osasun Ministerioak datuak dituenetik urterik okerrena izan zen[2].

2012an Kanadako Elikagai Ikuskaritza Agentziak Torontoko supermerkatu bateko fekisharen inguruko kexa ugari jaso zituen. Eragindako gaixotasunak aztertuta pentsatu zen Clostridium botulinum bakterioak kutsatu zuela oilotan kontserbaturiko fesikha[6].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Feseekh and Melouha فسيخ و ملوحة | The Baheyeldin Dynasty» baheyeldin.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) «Feseekh: el mortífero plato del tiempo de los faraones que los egipcios aman» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  3. a b «Fesikh | Traditional Saltwater Fish Dish From Egypt | TasteAtlas» www.tasteatlas.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  4. (Ingelesez) Mitchell, Robbie. (2023-08-22). «Egyptian Fesikh: This Food of the Pharaohs Could Kill You (Video)» Ancient Origins Reconstructing the story of humanity's past (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  5. «Feseekh, an Egyptian delicacy that is sometimes deadly» The Economist ISSN 0013-0613. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  6. «Canadian Food Inspection Agency - Health Hazard Alert - Certain Lotus Fine Foods salted and cured fish products (fesikh) may contain dangerous bacteria» web.archive.org 2012-04-30 (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]