Francisca Nneka Okeke | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Onitsha (en) ![]() |
Herrialdea | ![]() |
Bizilekua | Abuja |
Hezkuntza | |
Heziketa | University of Nigeria (en) ![]() |
Jarduerak | |
Jarduerak | fisikaria eta akademikoa |
Enplegatzailea(k) | University of Nigeria (en) ![]() |
Jasotako sariak | |
Kidetza | Nigerian Academy of Science (en) ![]() Nazioarteko Astronomia Elkartea |
Francisca Nneka Okeke (Onitsha, ? - ) fisikari eta fisika irakasle nigeriarra da. Ekuatoreko elektrojet fenomenoaren inguruan egindako ikerketengatik 2013. urtean Emakumezko Zientzilarien L'Oréal-UNESCO saria jaso zuen[1].
Nigeria hegoaldeko Anambra estatuan jaio zen. Txikitatik izan zuen zerua ulertzeko jakinmina[2].
Ikasketei dagokionez 1980an Fisika batxilergoa atera zuen, 1985an Zientzia hezkuntzan Zientzia masterra egin zuen eta 1989an Lurreko Geofisika aplikatuan master berria. 1995ean Ionosferako Fisikaren inguruko doktoretza osatu zuen Nigeriako Unibertsitatean eta doktoretza ondorengo lana Tokioko Unibertsitatean burutu zuen, Japonian[3].
Okeke Nigeriako Unibertsitateko Fisika eta Astronomiako Mintegiko burua izan zen 2003 eta 2006 artean eta Fisika Zientzietako Fakultateko burua 2008 eta 2010 artean. Kargu bi hauek lortu zituen lehen emakumezkoa izan zen. Era berean Nigeria ekialdeko lehen emakumezko fisika irakaslea izan zen. Hori dela eta emakumezkoek unibertsitatean zuten presentzia bultzatu zuen, eta gun ere emakumezkoak zientzia eta teknologia ikas dezaten sustatzen du[2].
2011n Nigeriako Zientzia Akademiako kide bihurtu zen[4] eta 2013an Emakumezko Zientzilarien L'Oréal-UNESCO saria jaso zuen[5]. 2013 urte horretan bertan New African aldizkariak influentzia handiena duten 100 afrikarren zerrendan sartu zuen[6].
18 urte zituela Pius Nwankwo Okeke fisikari nigeriarrarekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan dituzte.
Francisca Nneka Okekeren ikerketa eremua ionosfera izan da eta bereziki Ekuatoreko elektrojet fenomenoa. Eguzkiaren energiak kargatuta ekuatore inguruan korronte elektrikozko ibai baten antzekoa da elektrojeta, eta Lurrari bira ematen dio. Honen ondorioz eremu magnetikoa ekuatore inguruan oso aldakorra da, planetako bestelako eremuetan baino bost aldiz aldakortasun handiagoa du. Okekeren ikerketetan horrek eragiten duen geomagnetismoa, fisika atmosferikoa eta klima aldakortasuna aztertzen dira.
Eguzkiaren jarduerak ionosferan duen eragina aztertuz beroketa klimatikoa hobeto ulertzea du helburu ikerketak, batez ere tsunamien eta lurrikaren sorrera aurreikusten lagunduko du[7].