Gabonetako Loteria Espainian abenduaren 22an ospatzen den zozketa da. Espainiako Loteria Nazionalaren parte da eta lehen aldiz 1812ko abenduaren 18an ospatu zen, Cadizen. Estatuaren diru sarrerak handitzeko asmoz sortu zuen Ciriaco Gonzalez Carvajalek eta urteen poderioz gabonen ikur bihurtu da.[1]
Uztaileko lehen asteetan hasten da Gabonetako Loteriaren salmenta eta zozketaren prestaketa egun bat lehenago hasten da, jendaurrean bolak aztertzen direnean. Abenduaren 22an San Ildefonso ikastetxeko haurrek abesten dituzte zenbakiak.
Gabonetako Loteriak 2.380 milioi euro banatzen ditu, sari ezberdinetan banatuta.[2]
Loteria txartel bakoitzak dezimo izena hartzen dute, apustulariak loteria-billete baten hamarrena jokatzen duelako. Loteria-billete bakoitza (seriea) hamar dezimoz osatuta dago.
Zenbaki bakoitzaren serieak jaulkitzen dira, hau da, zenbaki bakoitzeko loteria-billete bakoitza hainbat alditan errepikatzen da. Txartel bakoitzean agertzen da serie zenbakia. 2011 geroztik, 100.000 zenbakik hartzen dute parte zozketan (00000 zenbakitik 99999 zenbakira arte). Sari nagusia irabazteko probabilitatea %0,001 da.
Zenbaki hauetako bakoitzaren 170 serie ateratzen dira eta serie hauetako bakoitzean 10 dezimo daude. Beraz, zenbaki bakoitzaren 1700 dezimo daude, 170 milioi dezimo guztira. Dezimo hauetako bakoitzaren prezioa 20 eurotakoa da, 3400 milioi euro jokatzen dira dezimo guztien artean.
Gabonetako loteriatik jasotako diruaren %70 sarietarako da (2.380 milioi euro), %22 Tesoro Públicoak jasotzen du (748 milioi euro) eta gainontzeko %8a (272 milioi euro) salmenta puntuetako komisioetara eta administrazio gastuetara bideratzen da. Gainera, 2.500 euro baino gehiagoko saria jasoz gero, Ogasunak sari horren %20 jasotzen du zergen bidez (Loteria Nazional-ek berak, zuzenean, sariaren %80a ematen dio irabazleari).
Gabonetako Loteriak sari ezberdinak banatzen ditu.[3] Gainera, posible da dezimo batek sari bat baino gehiago izatea.
Ondorengo sariak loteria-billete bakoitzarentzat dira. Beraz, dezimo bakarra izanez gero zati hamar egin behar da kopurua jakiteko eta kontuan izan %20ko zerga.
Lehenengo saria edo Sari Nagusia | 4.000.000 euro |
Bigarren saria | 1.250.000 euro |
Hirugarren saria | 500.000 euro |
Laugarren saria | 200.000 eurotako 2 sari |
Bosgarren saria | 60.000 eurotako 8 sari |
Pedrea: | 1.000 eurotako 1794 sari |
Sari nagusiaren aurreko eta atzeko zenbakia | 20.000 eurotako 2 sari |
Bigarren sariaren aurreko eta atzeko zenbakia | 12.500 eurotako 2 sari |
Hirugarren sariaren aurreko eta atzeko zenbakia | 9.600 eurotako 2 sari |
Lehen, bigarren eta hirugarren sarien ehunekoa | 1.000 eurotako 297 sari |
Laugarren eta bosgarren sarien ehunekoa | 1.000 eurotako 198 sari |
Lehen, bigarren eta hirugarren sarien azken bi zenbakiak | 1.000 eurotako 297 sari |
Jokatutakoa | 200 eurotako 9999 sari |
Azken sari nagusiak eta probintzia saridunak.[4]
Gabonetako Loterian egiten den gastuari dagokionez, Hego Euskal Herriko herritar bakoitzak batez beste 75 euro jokatzen ditu Gabonetako Loterian. Bizkaian 89,84 euro, Gipuzkoan 60,70 euro, Nafarroan 56,96 euro eta Araban 53,30 euro.[5]
Sariei dagokionez, Gabonetako Loteriaren bigarren, hirugarren, laugarren eta bostgarren sari ugari tokatu izan dira Euskal Herriko hainbat lekutan. Sari nagusia, ordea, 12 aldiz tokatu da Bizkaian, 6 Gipuzkoan, 5 Nafarroan eta 3 Araban.[6]