Gihar-mina, gogordura edo agujetak (medikuntzako izen zientifikoa: mialgia geroratua) giharretako min bat da, gizabanako bati ohi duena baino ariketa bortitzagoa aldi batez egin eta gero agertzen zaiona. Gihar horiek prest zeuden mugaren gainetik egindako ariketa burutu eta gutxi gorabehera 24 ordura azaltzen da gihar-mina. Minik ez dagoen 12-24 ordu bitarteko tartea izan ohi da; jarraian, hirugarren eguna arte goraka joan ohi den sentsazio mingarria dator, eta gutxi gorabehera 5-7 egunez iraun ohi du.[1]
Egun zientzialarien artean onarpenik handiena duen teoriaren arabera, giharretako zuntzen mikrohausturek eragiten dute gihar-mina.[2] Duela urte gutxi arte, gihar-minari buruzko teoriarik ospetsuena zen ariketa biziak eragindako azido laktikoaren gainprodukzioagatik zela; azido laktikoa gihar eta zurdetan orratz mikroskopikoen formarekin kristalizatzen omen zen. Egun, jakin badakigu ariketa bizien ondorioz sortutako azido laktikoak mina eragin dezakeela, baina min horren ezaugarriak eta gihar-minarenak oso bestelakoak dira.[1]